Parisko Bake Konferentzia

Baionatik Parisera, batera

Agerikoak dira Frantziak euskal gatazkan izandako parte hartzearen datuak: atxiloketak, estradizioak... Konponbidean ere esku har dezan, lan zabala egin dute Iparraldeko eragileek.

Ipar Euskal Herriko eragile bat Baionako adierazpena sinatzen, iazko urriaren 24an. BOB EDME.
enekoitz esnaola
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
ETAk jarduera armatua utzi zuela jakinarazi zuenetik urtebete pasara —2012aren hondarrean—, Anai Artea elkarteak liburu bat aurkeztu zuen Baionan, Frantziaren esku hartzea euskal gatazkan izenburupean. Azal beltza du, eta barruan modu gordin batean dakartza 1964tik Frantziak euskal gatazkarekin lotuta atxilotu eta preso sartu dituen pertsonen izenak eta datuak. Zerrenda osatzeko bi irizpide baliatu zituzten: Ipar Euskal Herriko biztanleak izatea edo bertako batekin ezkonduta egotea. 1964tik, mila lagunetik gora egon dira Frantziako kartzeletan preso. Estradizioen berri ere badakar liburuak: Frantziak 1984an onartu zituen lehen estradizioak, eta, Espainiara igorritako iheslariez gain, 87 lagun deportatu zituen beste estatu batera. Bestelako datuak ere baditu lanak, gerra zikinekoak eta.«Nahiago genuke zerrenda iraganeko kontuak izatea, baina, zoritxarrez, ez da horrela», zioen Anai Arteak.

2012ko martxoan, ETAk ez zuen ohiko agiri bat atera: espresuki Frantziako Gobernuari zuzendu zitzaion. Erakunde armatuak zioen Frantziako agintarien diskurtsoa izan ohi dela «euskal arazoa Espainiaren auzia bailitzan aurkeztea», eta azpimarratu zuen hura ere «eragile zuzena» dela. Horrez gain,eskaintza batekin zetorren agiria: azaldu zuen «konponbidean oinarritutako bake justua eraikitzeko benetako aukera» dagoela, eta iritzi zion Frantziako Estatuak protagonismo berezia izan behar duela. «Frantziako Gobernuak gatazkaren ondorioak behin betiko gainditzeko aukerari erantzun positiboa emango diola espero dute euskal herritarrek, ETArekin zuzeneko elkarrizketak abiatuz horretarako».

Frantziako Gobernuak berehala aipatu zuen ez zuela ETAren agiria jaso, eta betiko erantzuna ematera mugatu zen: Espainiaren «ondoan» segituko zuela eta «talde terroristak bere kideen desarmatze osoa iragarpenaren beha» zegoela. Dena dela, urte bereko urtarrilean, Frantziako Legebiltzarrak presoak hurbiltzearen alde bozkatu zuen; Ezkerreko Fronteko hautetsiak izan ezik, beste guztiak agertu ziren lege proposamen haren alde, eta ezker abertzaleak oro har ongi ikusi zuen neurria.

2012: lehen Bake Foroa

Urteotan ere Paristik ez da konponbidearen alde ezer egin, eta Ipar Euskal Herriko askotariko eragileek ekimena hartu zuten. 2012an bertan, abenduaren erdialdean, lehen Bake Foroa antolatu zuten, Baionan. Iparraldeko alderdi politiko denen ordezkariak —FNkoak salbu—, berrogeiren bat eragile sozial eta dozenaka herritar bildu ziren Baionako Unibertsitatean. Nelson Mandelaren Denak dirudi ezinezkoa, egiten den arte esaldia gogoan, HegoEuskal Herrian ere aukera badela adierazi zuen Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak. Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak, berriz, jendaurrean zioen beste leku batzuetan egindakoa «imitatu ez, baina bide berriak asmatu» beharko zirela.

Alderdiek testu bateratu bat sinatu zuten; Aieteko adierazpenaren laugarren puntua abian ezartzeko baldintzak ikusiz, aitortu zuten eragile politikoen mahaia eratzeko prest zeudela. Lau puntu nabarmendu zituzten: bi estatuen eta ETAren arteko elkarrizketa armagabetzeari buruz, gatazkaren biktima guztien eta haien sufrimenduaren aitorpenaren beharra, euskal presoak hurbiltzea eta baldintzapean libre uztea eta iheslarien itzulera. Bake Foroan hartu zuten parte, besteak beste, Ray Kendall HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta Brian Currin sustatzaileak.

Frederique Espagnac Iparraldeko PSko kideak mezu ausart bat plazaratu zuen foroan: Espainiarekin hausteko eskatu zion Frantziari. François Hollandek (PS) urte erdi bat zeraman Frantziako presidente, eta Espagnac ez zen gustura haren gobernuaren lanarekin: «Ez dut ulertzen Frantziak [gatazkaren ondorioetan] urratsik ez egitea. Nire alderdia da, eta gogorra da esatea, baina ez du egiten, ez baitu nahi».

Aieteko adierazpenak (2011-10-17) aldaketa sakona eragin zuen Ipar Euskal Herriko eragile politikoen artean. Aurretik bazen haien arteko elkarlanik Lurralde Elkargoaren gaian-eta, baina Aietekoak konpromisoa areagotu zuen. Adibidez, 2012ko azaroan, hamabost mila lagun elkartu ziren Baionan euskal presoen eskubideen alde; Herrira-k deitu zuen mobilizaziora, eta era askotako eragileek sostengatu zuten.

Iaz, Parisera joateko abisua

Baina Frantziak mugitu gabe jarraitzen zuen. Aldiz, nazioarteko herrialde batzuetan hasi zen mugimendurik: 2013an, Mexikon, hainbat lagun ezagun Aieteko adierazpenaren alde agertu ziren—iaz, Uruguain eta Argentinan; eta aurten, Ekuadorren—. Ipar Euskal Herrian ere ez zeuden geldirik. Foro Sozialaren ondorio gisa, Bake Bideak, Lokarrirekin batera, bake prozesua bultzatzeko hamabi gomendio aurkeztu zituen 2013ko maiatzean —EPPK-k bere egin zituen—. Iazko martxoko lehen astebururako antolatu zuten bigarren Bake Foroa, aurrekoaren izaera berekoa. Deigarria izan zen bezperan gertatutakoa: Frantziako Poliziak HNTko kideak galdekatu zituen, Baionan. «Harrigarria da», zioen Pierre Hazanek polizia etxetik irtetean. Laurence Levert Parisko epaileak eman zuen galdekatzeko agindua. Hurrengo egunean, bake prozesua bururaino eramateko engaiamendua berretsi zuten Bake Forokoek. «Espainiako eta Frantziako parlamentuetara joanen gara». Gaur izango dira Frantziakoan, Parisen.

Azken Bake Foroaren eta gaurko hitzorduaren artean, baina, izan zen beste une garrantzitsu bat: iazko urriaren 24koa, Baionako adierazpena aurkeztu zutenekoa. Azken momentura arte ez zuten testua itxi, prentsaurrekoa eman baino minutu batzuk lehenago artean negoziatzen ari baitziren. Ordea, borondatea bazuten, eta aurkeztu zuten adierazpen bateratua. Frantziako Gobernuari eskatu zioten ETArekin akordio bat lortzeko «euskal gatazkaren» ondorioak konpontzeko, eta «marko juridikoaren barnean eta giza eskubideak errespetatuz» presoen eskubideak betetzeko neurriak hartzeko eta gerora amnistiaren lege bat lantzeko —Ipar Euskal Herrirako «esparru instituzional berezi bat» emateko ere galdegin zuten—.

«Frantzia ez da beti Espainiaren atzetik ibiliko», esan zuen Baionako agerraldia baino egun batlehenago Kendallek, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.