Baionan immigrazio lege berriaren aurka mobilizatzera deitu dute

Larunbatean iragango da mobilizazioa. «Migrazio politika duin baten alde» egingo dute

Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

«Immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko» lege proposamen berria salatzeko bildu ziren Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde atzo. «Testuinguru sozial latz batean kokatzen da», azpimarratu zuen Amaia Fontang Etorkinekin Diakite elkarteko kideak. Izan ere, Frantziako Gobernuak indarrez pasarazi zuen erretreten erreformaren lege proposamena, eta kezka dute immigrazio legearen proposamenarekin gauza bera egingo ote duen. «Giza eskubideen urraketa» bat dela adierazi zuten erakundeek. Horregatik, mobilizatzera dei egin zuten Etorkinekin Diakite, LAB, EH Bai, Bizi, ELB, Europa Ekologia-Berdeak, Ensemble, NPA eta Attac eragileek. Larunbatean elkartuko dira, 16:00etan, Baionako herriko etxean.

Immigrazioari buruz eginiko bigarren lege proposamena da Macronen gobernupean —lehena 2018an onartu zen—, eta otsailean aurkeztu zuen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak. Neurri sorta horretan, bi nagusitzen dira: asilo sistema erreformatzea eta tentsioan diren lan arloetan aritzeko egonaldi baimen berezien sortzea. Martxoaren 28 eta 31 bitartean ukango du Frantziako Senatuak lege proiektuari buruz eztabaidatzeko tartea, eta apirilaren 4an bozkatuko dute. Frantziako Asanblean, berriz, ekainean bozkatu beharko lukete.

Ikusi gehiago:Darmanin lege proiektuari buruzko zehaztapen gehiago

Asilo sistemaren erreformak «kontrola areagotzea» ekarriko du, Fontangen aburuz: «Instrukzioak gero eta fiteago egingo dituzte, jendea ahal bezain fite kanporatzeko». Izan ere, orain kanporatze aginduen «%20» betetzen dira «gehienez», Nina Chaiz CIMADEko langilearen arabera, eta hori gogortzea du helburu Frantziako Gobernuak. Lan neurriari dagokionez, etorkinak lanik «prekarioenetara» soilik bideratuko dituztela azpimarratu zuen Fontangek. «Erreforma hau politikoa eta ideologikoa da, eskuinari mesede egiteko, eta espero izatekoa da oinarrizko lege proiektua oraindik gehiago gogortzea», borobildu zuen.

Hitzetatik ekintzetara

Frantzian egingo den Elkartasunerako eta Arrazakeriaren Aurkako Martxa dinamikarekin bat eginez antolatuko dute Ipar Euskal Herrian Baionako mobilizazioa. Larunbatean izango da, 16:00etan, herriko etxean. «Jendea aktibo izatea nahi dugu; horretarako, edonork parte hartzeko zerbait antolatuko dugu», azaldu du Eñaut Aramendi LABeko kideak. «Migrazio politika duina eta elkartasunezkoa» aldarrikatu nahi dute.

Bestalde, hainbat eragile dokumentu bat prestatzen ari direla adierazi dute. Migrazio politika duin baten aldeko proposamen batzuk bilduko dituzte hartan, senatariei helarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.