«Joan beharko duzue, borondatez edo bortxaz». Hara zer irakur daitekeen Baionan banatu duten eskuorri batean. Eta mehatxu hori «musulmanei eta beste gisako islamistei» egin diete: «Abisatzen zaituztegu gure karriketan ez dugula belodun edo abaiadun emazterik onartuko, ez eta babutxadun edo txilabadun gizonik ere». Are gehiago, Baionako okindegi bat jomugan daukate, langile batek beloa daramalako. «Musulmanei gerra» eginen dietela ere erran dute.
Testua bi orrialdekoa da, eta, «Frantziako eta Euskal Herriko katolikoen gainbehera» musulmanei egozten diete. Gehitu dute «musulmanek Frantziatik joan behar» dutela, «1944an alemaniarrak joan ziren bezala». Honela izenpetzen dute: Frantziako eta Euskal Herriko Erresistentzia Katolikoa. Idazkia salatzeko, agiri bateratua egin dute orain hainbat elkartek, sindikatuk eta alderdik, hala nola Etorkinekin federazioak, EH Baik, Frantzia Intsumisoak, LABek eta CGTk. Antifaxisten sareak ere salatu du idazkia.
«Arrazista eta bortitza da. Arrazakeriazko herrara akuilatzen du», salatu dute. Aldi berean, Frantziako Gobernuari egotzi diote horrelako diskurtsoak normalizatzeko habia egitea. «Atzerritarren, musulmanen eta arabiarren aurkako gorrotoa are libreago izateko arriskua dago, [Frantziako] gobernuaren hitzek eta ekintzek bultzatzen baitute. Darmanin ministroak Immigrazio Legearen proiektuaren aurkezpenean erabili zituen hitzak jasotzen ditu katoliko integristen panfletoak: paperik gabekoei 'bizitza ezinezko bihurtzea'. Eskola sartzean abaia eta kuamiak debekatu izanak eta gisa horretako neurriek islamofobia elikatzen dute».
Ez da lehen aldia mezu faxistak zabaltzen dituztena Ipar Euskal Herrian. 2020an, tindaketa faxistak agertu ziren Kanbon eta Ezpeletan (Lapurdi). Gurutze zelten marrazkien ondoan, «Frantzia frantziarrentzat» eta «Frantzia lehenik, zuria beti» esaldiak tindatu zituzten. Manifestazio bat egin zuten hori salatzeko.