Baionan desagertutako gizon baten bila ari dira Aturri ibaian

François-Tanguy Olivon bretoiaren telefono dei «kezkagarri» bat jaso zuen haren emazteak larunbat goizaldean. Frantziako Poliziaren arabera, Santizpiritu zubiko hesia zeharkatu eta uretara erori zen. Ibaia miatzen ari dira larrialdi zerbitzuak.

Aturri ibaia, Santizpiritu zubitik ateratako irudi batean. BOB EDME
Aturri ibaia, Santizpiritu zubitik ateratako irudi batean. BOB EDME
Ion Orzaiz.
2025eko otsailaren 25a
09:45
Entzun

34 urteko gizon baten bila ari dira Baionan. François-Tanguy Olivon bretoia eta haren emazte Manon Olivon Euskal Herrian ziren oporretan, lagun batzuk bisitatzen, baina gizona desagerturik dago ostiral gauetik. Emazteak France Bleu irratian azaldu duenez, Olivon lagun batekin joan zen Baiona Ttipira, eta telefono dei «kezkagarri» bat egin zion 01:00ak aldera: «Esan zidan eraso egin ziotela. Laguntza eske ari zen, baina telefono deia eten egin zen bat-batean».

Ordutik, gizonaren bila ari dira dozenaka boluntario, suhiltzaileak eta Frantziako Polizia. Hain zuzen, Poliziak jakinarazi du bideozaintza kamerek grabatutako irudietan Olivion ikus daitekeela Baiona eta Baiona Ttipia lotzen dituen Santizpiritu zubiko hesia zeharkatzen eta ibaira erortzen. Desagertutako gizonaren familiak onartu du hura bizirik topatzeko aukera «gero eta urriagoa» dela, eta Frantziako Poliziak ere hiltzat jo du jada. Suhiltzaileak Aturri ibaia miatzen ari dira, gorpuaren bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.