La semaine du Pays basque aldizkarian idatzitako iritzi artikulu batek elkarte feministen haserrea piztu du. Bertan, Yves Ugalde Baionako kultur hautetsiak Baionako hondarkin sistema berriari buruz idatzi du; zehazki, hiriak jarri berri dituen zakarrontziei buruz. Hautetsiak horiek goresten ditu, eta, horretarako, metafora bat baliatzen du: emazte ilehori batekin alderatzen ditu zakarrontziak. «Ilehori handi hori astelehenean heldu zen abisatu gabe, eta Euskal Hirigune Elkargoko kide dela erakusten du, gainera. Eta hori oso arraroa da ilehorien artean!» irakur daiteke, besteak beste.
Testuan, urrunago esaldi hau irakur daiteke: «Ilehori handiaren etorrerak eskakizun selektibo maila batera bultzatu nau, eta sekula ez naiz gai izan nire harreman pertsonaletan selekzio maila horretara iristeko: beti zailtasunak izan ditut bereizketa egiteko». Gehiago dena, «ilehoria espaloi gainean» dagoela idatzi du, eta, frantsesezko hitz joko baten bidez «bereizketa egiten profesionala» bilakatu dela dio. Frantsesez, pro que c'est net idatzi du,eta proxenete (proxeneta) hitza bezala irakurtzen da.
Elkarte feministek sare sozialetan salatu dute gertatutakoa. «Horrelako gertakariek erakusten digute oraindik luzea izanen dela emakumeok ez gehiago mespretxatuak izateko eramaten ari garen borroka», adierazi dute.