Sutan kolektibo transfeministak eta bi artista feministak salatu dute The Roof Baionako eskalada aretoak «zentsura» aplikatu duela Martxoaren 8aren harira antolatutako erakusketa batean. Berez, bost artistak parte hartzen dute erakusketan, baina horietarik biren kasuan, ez du luze iraun: artisten lanak aitzinetik hautatuak izanik ere, margolarietarik baten lana osorik ezeztatzea erabaki zuten erakusketaren hirugarren egunean, «iradokitzaileegia» zelakoan antolatzaileen ustez, margolariari berari erran diotenaren arabera; gainera, argazkilari baten erakusketako argazkietako bat kendu dute, artistaren oniritzirik gabe.
Julia da zentsuratua izan den argazkilaria. Atzo gauean, bere Instagram kontutik kritikatu zituen The Roof aretoaren erabakiak. Kendu dioten argazkiak, hain zuzen, «ACAB» pintaketa bat erakusten du, hiri bateko murru baten gainean: All Cops Are Bastards erranaldiaren akronimoa da; euskaraz, Polizia guztiak sasikumeak dira. «Hitzik ez antolatzaileen partetik erabaki horren jakinarazteko. Zehaztekoa da aitzinetik ikusiak zituztela lanak, eta erakusketarako onartu zituztela. Ez ditugu gehiago onartzen garbiketa ubelaren ildotik doazen guneak». Haren ustez, gaur egun, feminismoa beste hainbat borroka sozial eta politikori lotzen zaio, hala nola «antifaxismoari eta queer mugimenduari». Jakinarazi du bihar kenduko duela bertatik bere erakusketa.
Jade Toussaint margolariak ere behin eta berriz zehaztu nahi izan du lanak aitzinetik ikusiak eta hautatuak izan zirela. Datu horrek garrantzia du, zeren Toussaintek berak galdetu baitzien segur ote zirenetz obra guztien erakusteko; erantzuna, baietz. «Galdetu egin nien, ene obretarik batean emazte baten pubisaren irudikapena agertzen baita, ileekin». Halere, obra horrek The Roofeko publikoarekin «bat egiten zuela» erran zioten. Erakusketa martxoaren 10ean zabaldu zuten, astelehenez, eta «bikain joan zen» dena.
Herenegun, baina, ezagutza batek dei egin zion abertitzeko haren obrak kentzen ari zirela gelatik; «txiste baten mentura» Toussaintendako. Argazkiak jaso zituelarik, aldiz, ohartu zen: zenbait obra eskas ziren, eta bat moldatua izan zen. Pubisa agertzen den obrari, hain zuzen, «orri zuri bat ezarri zioten gainetik, irudi horren gordetzeko». Toussaintek argi du analisia: «Hori baizik izan ez balitz, haurrak ez kaltetzeagatik egin dutela pentsa zitekeen, baina Juliari ACAB inskripzioagatik kendu diote. Leku erdi bat eskaini digute: uste dugu gomitatuak garela, onartuak garela, eta, azkenean, harrabots gutxiagoren egitea galdetzen digute. Itxurakeria da».

Feminismoak «deseroso» behar
Goizean hedatu duen agiri batean, Sutan kolektiboak zenbait galdera planteatu dizkio «emazteen kirola sustatu nahi duela dioen» eskalada aretoari: «Nola aldarrikatu emazteak, haien artea zentsuratzen duten bitartean? Nola egin emazteei ikusgarritasuna emateko plantak, deseroso bihurtzen direnean isilarazten badituzte?».
Kolektiboaren ustez, «mezu argia bidali dute» horrela jokatuta: emazteen ikusgarritasunaren aldekoak dira, «baina politikoki zuzena den neurrian bakarrik»; horri deitzen diote zuriketa ubela. Alde batetik, artista feministak jinarazi nahi izan dituzte, baina, aldi berean, ez daude prest artista horien lanek defendatzen dituzten gaiak erabat onartu eta erakusteko: «Hautu horrek agerian uzten du plastilinazko feminismoa dela haiena: onartua, betiere erosoa eta kalterik gabea bada».
Hain zuzen ere, Sutanek defenditzen du «probokazioa helburu duen arte feminista, galderak sortzen dituena eta ezarritako arauak astintzen dituena». Ildo horretatik, Kattalin Miner transfeminista euskal militantearen hitzak ekarri nahi izan dituzte gogora: «Feminismoa, oro har, zerbaitek ezaugarritzen badu, haren deserosotasuna da».