Baionako ospitaleko sindikatuek mobilizazioa egin dute lan denboraren berregituraketa salatzeko. Baionako ospitaleko CGT, FO, CFDT eta Unsa sindikatuek deitu zuten protestara, eta goizean elkartu dira Baionako ospitaleko harrerako atarian. Jende andana joan da sindikatu bakoitzeko banderen artean, eta bozeramaileak bata bestearen ondotik mintzatu dira. Laurek zehaztu dituzte langileen lan denboraren berregituraketak eraginen lituzkeen ondorioak: batez ere, azpimarratu dute jateko, jantziz aldatzeko eta ondoko langilearekin erreleboa egiteko denborak murriztuak izateko arriskuan direla. 2025eko urtarrilaren lehenetik goiti martxan jartzekoa da sistema berria.
Ospitalea aurrekontu defizit larrian dago: hemezortzi milioi eurokoa, iaz. Eta zuzendaritzak argudiatu du horiek konpentsatu behar lituzkeela egitera doazen berregituraketak; intersindikalaren ustez, gezurra da: «Sinetsarazi nahi digute arazoa antolaketa txar baten ondorioa dela, baina ez da hala; baliabideak falta dira. Ezin zaio ospitaleari galdetu errentagarria izatea: eraginkorra izan behar du». Proposatzen diren aldaketak ikusirik, erran dute eraginkortasun hori ezin lortuzkoa dela: «Beti gehiago, beti gutxiagorekin. Logika eta hautu politiko horiek artatzeen kalitateri eragiten diote, lan baldintzei eragiten diete, langileen osasun fisiko eta mentalari». Erraterako, denbora murriztua izanen bazaie langile baten eta bestearen arteko txanda erreleboa egiteko, beldur dira informazioak galduko ez ote diren bidean, eta pazienteak arriskuan jarri.
2002ko funtzionamendua
«Zendako aldatu sistema bat eraginkorra dela erakutsi badu?», asaldatu dira sindikatuetako bozeramaileak. Hain zuzen ere, orain arte jarraiki dioten antolaketa 2002ko otsailaren 28an izenpetu zuten lan denboraren egokitzearen eta murriztearen inguruko tokiko hitzarmenaren garaikoa da. Frédéric Espenel ospitaleko zuzendariak aitzakiatzat hartu du funtzionamendua zaharra izatea horren aldatzeko hautuaren azaltzeko. Baina, sindikatuek behin eta berriz errepikatu dute: «Zer dago modernorik erabaki horietan? Deus ez dago modernorik berregituraketa horretan. Irabazi genituen eskubideak kentzea da; gibelera egitea da».
Mobilizazioaren ostean zuzendaritzak egin duen prentsaurrekoan, Espenelek argudiatu du moldegaizki: «Hamabi orenez segidan lan egiten duena, adibidez, egun gutxiagoz heldu da lanera, egun gutxiagoz egiten baititu asteko orenak; orduan karbono tasa apalagoa da». Hamabi orenez lanean arituko direnek, ordea, garraioen inguruko beste zenbait kexa aipatu dituzte: hala nola aparkalekurik ez dutela eta goizetan oren erdi bat pasa ematen ahal dutela leku baten atzemateko; bestalde, goiz eta arratsetan bidean ematen duten denbora lan denboran sartzeko galdera ere aitzineratu dute.
Bihar hasiko dira berrantolaketaren inguruan negoziatzen zuzendaritzarekin, eta langileak jakinean atxikitzera engaiatu dira sindikatuak.