Sexu Osasunerako Zentroa hesten balitz, emazteen «oinarrizko eskubideei kalte eginen litzaieke», Baionako ospitaleko emagin Samantha Barberoren ustez. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak urtero ematen dion laguntza kentzeko mehatxuaz mintzo da. Departamenduko kontseilari Annick Troundayk gezurtatu du laguntza hori kentzeko erabakia hartua izatea. Osasun arloko diruztatzaile diren erakundeek uda arteko epea hartuko dute zer segida eman erabakitzeko. Baionako eta Donibane Lohizuneko ospitaleetako SOZ Sexu Osasunerako Zentroak, prebentzioaz gain, harrera egiten die larrialdian diren emakumeei. Abortatzeko eskubidea baldintza onetan betetzeko gunea da, eta indarkeria sexista jasan duten emakumeak ere laguntzen ditu.
Ikusi gehiago
Gaur egun, lan hori eramateko 176.000 euroko diru laguntza ematen dio Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak. Ospitaleko zerbitzuko ordezkariek salatu dute departamenduak laguntza hori kentzea aurreikusi duela, eta, ondorioz, zerbitzua hesteko lanjerean dela, uztailaren 1etik goiti. Urtarril hondarrean, Baionako ospitaleko UNSA sindikatuko ordezkariek egin zuten salaketa.
Prebentzio, harrera eta segipen lana egiten du SOZek laguntza beharretan diren emakumeentzat, izan kontrazepzioan, izan haurdunaldia eteteko, izan sexu bidezko eritasunetan, izan indarkeria sexuala jasanez gero. Departamenduko Kontseiluak ez du ezeztatu diru arazoei buru egiteko aukera gisa aztertu dutela laguntza horren kentzea. Baina Annick Trounday Departamenduko Kontseiluko lehendakariorde baxenabartarrak behin eta berriz erran du ez dutela oraindik ezer trenkatu. Horiek horrela, azken egunetan aipatu da departamendu kontseiluak bere gain duen PMI amen eta haurren babes zerbitzura pasatzea ospitaleko zerbitzua. UNSA sindikatuak mezua helarazi zien tokiko hautetsiei urtarrilean, eta zentroaren hestea errefusatzeko izenpetze bilketa ere hasi du Interneten. Momentuko 8.500 izenpetze bildu ditu.

Colette Capdevielle Fronte Popular Berriko Baionako diputatuak egoera salatu du Frantziako Asanblea Nazionaleko mintzaldi batean, Osasun ministroa ohartarazteko. «Hetsiko den sexu osasunerako zentro horrek funtsezko betekizuna dauka sexu indarkeria biktimentzat, prebentzio, informazio, harrera eta segipen mailan». Diputatuak azpimarratu zuen sexu indarkeria biktimei «diziplina askotako segipen osoa» eskaintzen diela, «biktimen lekukotasuna biltzeko baitezpadakoa den konfidentzialtasuna» bermatuz. Salatu zuen Frantziako Gobernuak emazteen kontrako bortizkerien aurkako borroka lehentasun gisa aipatzea alde batetik, eta zerbitzu horrekin kontrakoa gertatzea gero. «Onartezina da», adierazi zuen Capdeviellek. «Zer mezu helarazten zaie biktimei?», galdetu zion ministroari. «Berriro ere zigor bikoitza pairatzen dute».
Oinarrizko eskubidea
Samantha Barbero emagina da Baionako ospitalean. Sexu Osasun Zentroaren lanetan prebentzioaren ardatza azpimarratu du lehenik. Partikularki, eskoletan zuzenki egiten dutena: «Haurdunaldiari buruzko prebentzioa, sexu bidezko eritasunena eta indarkeria sexista eta sexualei buruzkoa». Informazioaz gain, ospitaleko zerbitzu horrek anonimotasuna eta diskrezioa bermatzen ditu, eta kitorik. Funtsezkoa dela erran du Barberok: «Diru ahalik ez delarik, edo adingabea bazara eta ez baduzu nahi burasoek jakitea, gune bakarra da non hitzordua osoki anonimoa izan dezakezun, osagarri kartarik erakutsi gabe». Zerbitzu horrek berehala aholkuak eman ditzake, haurdunaldirik dagoen ikusteko test bat, eta beharrez ekografia bat. «Hori guztia ezinezkoa da hiriko beste zerbitzuetan».
«Diru ahalik ez delarik, edo adingabea bazara eta ez baduzu nahi burasoek jakitea, gune bakarra da non hitzordu osoki anonimoa izan dezakezun»
SAMANTHA BARBERO Baionako ospitaleko emagina
Ez du urtea Frantziako Parlamentuak haurdunaldiaren borondatezko etena eskubide gisa sartu duela konstituzioan. Barberok argiki dio «oinarrizko eskubide horren urratzea» litzatekeela Baionako ospitaleko zerbitzu horren hestea. Gainera, diru zama oso ttipi batengatik litzatekeela salatu du. «Emazteen eskubide bati kalte egingo liokete pegeseria batengatik?».
Ez ospitaleko zuzendaritzaren, ez erakunde diruztatzaileen aldetik deus ez jakitea deitoratu du Barberok. Jakin duten apurra, beren baitarik eskuin-ezker deiak eginez jakiten dutela adierazi du. Entzun du menturaz bilkura bat egitekoa zutela Departamenduko Kontseiluko, ARSeko eta ospitaleko zuzendaritza ordezkarien artean, baina zurrumurruak baizik ez dira. «Gai oso inportantea da, baina ez dugu informazio izpirik», damutu da Barbero.
Sei hilabetez dilindan
Patrick Cazalisek, Baionako ospitaleko UNSA sindikatuko idazkariak, uste du ez lukeela zentzurik ospitalean den zerbitzu horren hesteak. Besteak beste, gaur egun milaka gazte biltzen dituzten ikastetxeen ondoan delako. «Hor dira Marracq, Lauga, Cassin, Largente lizeoak. Zerbitzu horren behar handiena duten herritarretarik hurbil da». Sexu harreman baten ondotik dudan eta laguntza beharretan diren gazteak hartzen dituztela zehaztu du. «Hona iristen direnean, aztertzen da ez denetz sexu bidezko eritasunik. Edo, haurdunaldia hasia bada, so egiten dugu noizkoa izaten ahal den. Beharrez, borondatezko haurdunaldi etetea egiteko».
«Jada zaurgarriak eta zailtasunetan izan daitezkeen emazte horien artatze bideak konplikatuko lituzke»
PATRICK CAZALIS Baionako ospitaleko UNSAko idazkaria
Harrera horiek PMI zerbitzura aldatzen balituzte «ospitaleak daukan hurbiltasuna galduko» litzatekeela deitoratu du Cazalisek. «Erran nahi du orain arte ospitalera jiten ziren emazte batzuk ez liratekeela hara joanen, eta segipena zailduko litzaiekeela emazte gazteei». Orain arte hertsatzerik gabe jin zitezkeen laguntza eskatzera. «Jada zaurgarriak eta zailtasunetan izan daitezkeen emazte horien artatze bideak konplikatuko lituzke».
PMI bat bada Baiona Iparrean, eta beste bat Angelun. Cazalisek dioenez, ez dituzte ospitaleen ahalak zerbitzu horien betetzeko.