Donibane Lohizunen irakasle bat hil zuen ikaslea erailketagatik epaitzeko eskatu du Baionako Fiskaltzak

Ikaslearen defentsa kexu agertu da Baionako Fiskaltzaren erabakiaren inguruan. Orotara, hiru psikiatria azterketa egin dizkiote gazteari: azken azterketan gaztearen «oharmenik eza» azpimarratu dute.

2023ko otsailaren 22an izan zen erasoa, Tomas Akinokoa lizeoan, Donibane Lohizunen. GUILLAUME FAUVEAU
2023ko otsailaren 22an izan zen erasoa, Tomas Akinokoa lizeoan, Donibane Lohizunen. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urtarrilaren 28a
16:30
Entzun

Donibane Lohizunen (Lapurdi) irakasle baten hilketaren auzian, Baionako Fiskaltzak instrukzio epaileari galdegin dio adingabeen epaitegira bidal dezan hura labankadaz hil izana egozten dioten ikaslea; gazteak 16 urte zituen hilketaren egunean, 2023ko otsailaren 22an. Geroztik, behin-behineko atxiloaldian dago Tomas Akinokoa Donibane Lohizuneko lizeo katolikoko ikasle ohia.

Inkesta luze baten emaitza da fiskaltzak egin duen galdea: uste du nahikoa kargu badirela gaztea Pirinio Atlantikoetako Departamenduko adingabeen epaitegira bidaltzeko, France Bleu irratiak aurreratu duenez. Magistratu instruktoreak otsailaren hondarra gabe jakinarazi beharko du galdeari emanen dion erantzuna.

Gaztearen defentsa kexu agertu da Baionako Fiskaltzaren erabakiaren inguruan: Thierry Sagardoytho abokatuak jakinarazi du errekurtsoa aurkeztuko dutela instrukzio aretoan, baldin eta instrukzioaz arduratzen den magistratuak Fiskaltzaren galdeari jarraipena emanen balio.

Azterketa psikiatrikoak

Nerabearen arazo psikiatrikoetan oinarritua da defentsa. Sagardoythok erran zuen: «Alternatiba ez da espetxeratzea, berezitutako artatzeak eskaintzen dituen zentro batean sartzea baizik».

Orotara, hiru psikiatria azterketa egin dizkiote gazteari, deliberatzeko zer heinetakoa duen hilketaren ardura. Lehenean, 2023ko maiatzekoan, erabaki eta ardura osoa gaztearena zela ebatzi zuten. Bigarrenean, iazko apirilekoan, ñabardurak gehitu zizkioten lehenari: eskola jazarpena, depresioa, antsietatea eta tratamendu psikotropiko bat aipatu zituzten. Hirugarrenean, iazko azarokoan, gaztearen «oharmenik eza» azpimarratu zuten: antsietate larria, suizidio saiakerak eta gertakari psikotikoak aipatu zituzten.

Zuzenbidean, oharmenik ez izateak erran nahi du erasotzaileak ardura gabe jokatu duela eta, beraz, ezin dela asisetan epaitu (hilketak, bortxaketak, lapurreta armatuak... epaitzen dituen instituzioa).

Ikasgelako erasoa

2023ko otsailaren 22an gertatu zen hilketa, asteazken goizez, 10:00ak aldera, Tomas Akinokoa Donibane Lohizuneko lizeo katolikoan: biktima oso larri zegoen sokorri zerbitzuek artatu zutenean, eta hil egin zen; Agnes Lassalle zuen izena, 52 urte zituen, eta ikastetxe katoliko horretan irakasten zuen 1997. urteaz geroz.

Gertakariaren egunetik beretik hilketa gisa ikertzen ari dira erasoa, erasotzaileak labana handi bat zuelako eskola zakuan, paperean bildua. Hau da, aitzinetik pentsatua zuen hilketa egitea.

Ikaskide batzuek kontatu zutenez, eskolaren erdian altxatu zen, eta, deus erran gabe, ikasgelako atea itxi zuen barnetik; irakaslearengana joan zen «lasai-lasai», eta bularrean sartu zion labana. Horraino inoiz ez omen zen arazorik sortu irakaslearen eta ikaslearen artean. Goiz horretan, halere, erasoa aitzin, hitz xelebreak egin zizkien ikaskideei: «ahotsak entzun» zituela, eta norbait beraz «jabetu» zela erran zien.

Erasoaren ostean nerabea gelatik atera zen, eta ondoko bulego batean sartu. Irakasle batek hitz egin zion han, eta labana emateko konbentzitu, ikertzaileek zabaldu zutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.