Erabat zatituta bukatu zuten 2020an, baina inoizko bateratze zabalena aurkeztu dute 2026ko herriko bozetarako. Baionako ezkerreko sentsibilitate oro batu nahi dituzte herritar zerrenda batean, eta hura osatzeko borondatea agertu dute asteazken goiz honetan egin duten agerraldian. Helburu argi batekin: ezkerrak hauteskundeak irabazi, eta Baionako Herriko Etxea «desberdinki» kudeatu daitekeela erakustea. Izen hori eman diote, preseski, bateratze dinamikari: Baiona Bestelakoa. Azken hauteskundeetan izan diren ezkerreko hiru zerrendetan parte hartu izan duten herritarrak daude barnean.
Deigarria da Baionako Jacques Portes plazan argazkirako eskaini duten irudia. Badira, batetik, bertan zeudenak: Jean Claude Iriart, EH Baiko kide eta Baiona Berde eta Elkarkideko 2020ko zerrendaburua, Sophie Herrera, Marie Christine Aragon eta Jean Marc Abadie Bihar Baionako hautetsiak, Joe Mendes PS alderdi sozialistako Baionako taldeko arduraduna, eta Etienne Boutonnet orain dela gutxi arte Jean Rene Etxegarai auzapezaren gehiengoan zen hautetsia. Hainbat mugimendu sozialetan parte hartzen duten militanteak izan dituzte inguruan.
«Ez nuke figura baten inguruan zentratu nahi, eta are gutxiago hemen ez dagoen pertsona baten izenean mintzatu nahi. Baina gauzak argi errateko: PS alderdia hemen da. Bakoitzak arduraz joka dezala»
JOE MENDESPSko Baionako arduraduna
Eta badira ez daudenak: Henri Etxeto PSko kidea nabarmentzen da horien artean. Hura izan da azken hauteskundeetan ezkerreko hautagai Baionako bozetan, besteak beste PSren eta PCFren babesarekin. Frantses nazionalista ezaguna izanki, haren figura izan da oztopo nagusietako bat ezkerraren bateratzea lortzeko —Baionako hainbat abertzale harekin batzeko prest baziren ere, EH Baik ateak itxi zizkion aliantza orori—. Gaur-gaurkoz, inork ez daki zein diren Etxetoren asmoak 2026rako. «Ez nuke figura baten inguruan zentratu nahi, eta are gutxiago hemen ez dagoen pertsona baten izenean mintzatu nahi. Baina gauzak argi errateko: PS alderdia hemen da. Bakoitzak arduraz joka dezala», iharduki du Mendesek galdera zuzena egin zaionean.
Frantziako Asanblearako bozetako ereduari jarraiki nahi diotela erran dute —Ipar Euskal Herrian ezkerreko hiru diputatu eskuratu zituen Fronte Popular Berriak—, bateratzeak garaipenerako bidea ireki dezakeela sinetsirik. Funtsean, NFPrako lortutako aliantzak eragin zuzena izan du Baionako bateratzean, lehen elkarrizketak duela hiru bat urte hasi baziren ere, orain dela urtebete batu zelako PS alderdia dinamikara. Frantses jakobinoak aliantza hartatik bazter gelditu ziren.
Ikusi gehiago
Hauek dira gaur-gaurkoz Baionako ezkerraren bateratzean parte hartzen ari diren egiturak: Baiona Berdea eta Elkarkidea, Bihar Baiona, PS, EH Bai, Ekologistak, Plaza Publikoa, NPA eta Ezker Eko Sozialista. Azken horrek Frantzia Intsumisoan parte hartzen du. «LFIren Frantzia mailako instantziek erabaki behar dute dinamikara batu ala ez; edozein gisaz, guk parte hartuko dugu», esplikatu du Martine Mailfertek. PCFkin ere elkarrizketak izan dituztela jakinarazi dute Baiona Bestelakoa desmartxakoek: «Ateak zabalik dira parte hartu nahi duten guzientzat».
Traumak gainditzeko
Ahoan bilorik gabe aitortu du Iriartek 2020ko «traumak» gainditzea duela helburu ezkerraren bateratze berri honekin, eta iragarri du uztail hasierarako ekin nahiko lioketela kanpainari. Zerrendako hautagaiak zehazteko prozedura abiatuko dute ondotik, eta hautesleei aurkeztuko dieten programa politikoa idatziko dute azkenik; udazkenerako prest izan nahiko lukete.
Elkartasuna, justizia soziala, tokiko demokrazia, interes kolektiboa, parte hartze herritarra, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna jarri dituzte bateratze desmartxaren oinarrizko balio gisara. Horrez gain, baieztatu dute arrazismoaren eta edozein diskriminazio motaren kontrako jarrera dutela eta «ikuspegi bateratua» dutela hainbat gairi buruz: trantsizio ekologikoa, zerbitzu publikoen defentsa, euskararen sustatzea, eta bilakaera instituzionala.
«Baditugu desberdintasunak, badira sentsibilitateak; ez gara denetan ados, bistan dena, eta hori denek badakite. Baina baditugu ere partekatzen ditugun gauza anitz, eta entseatzen gara aldi oroz hori aitzinean ematen», adierazi du Iriartek. «Baionarrek jasaten dituzten politikak ez dira ezkerretik eramanak, eta hori da dugun dolu inportantea. Hori nahi genuke zinez alda dadin, ezkerrak ukan dezan behingoz bere proiektua emateko posibilitatea».