Baionako epaitegia ezgai azaldu da bi etorkinen epaitzeko

Baionako epaitegi aurrean bi adingabeen epaiketa salatzeko elkarretaratzea, atzo. BERRIA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Baionako epaitegiak Joseph Moriba eta Koivogui Moriba gazte ginearrak adingabeak diren frogatzeko ezgai deklaratu zuen bere burua atzo. Abokatuek egin zioten epaileari ezgai deklaratzeko eskaera, eta prokuradorea bat etorri zen galdearekin. Amaia Fontang Etorkinekin elkarteko kideak azaldu du: «Horrek erran nahi du bide judiziala moztua dela, baina orain adingabeen epaileak erran behar du adingabe gisa onartzen dituen edo ez».

Bi gazteak prestazio sozialak eskuratzeko paper faltsuak erabiltzeaz akusatu zituzten. Ginearrak lau aldiz izan dira epaituak, eta auzi batetik bestera haien adingabetasuna neurtzeko probak egiteko eskatu dute abokatuek. Defentsak, ordea, atzoko epaia bururaino eramateko eskatu du, adingabetasunaren frogak bildu zituztelako. «Zehatza izan behar da bere sortze egunaren inguruan», agindu die epaileak gazteei. «Ezagutzen dugularik», erantzun dio abokatuak. Fontangek azaldu du: «Afrikarrak direla azpimarratu dute abokatuek, eta gehien-gehienek ez dutela beren sorteguna ezagutzen, ez eta ere hilabetea, urtea soilik». Defentsak, gainera, epaileari ohartarazi dio posible dela paper faltsuak erabili izana, baina horrek ez duela erran nahi ez direnik adingabeak. Hitza ekintzari lotu, eta Gineako enbaxadak bidali agirien datak zein diren irakurri dizkie defentsak; 2001eko abenduaren 24a, eta 2001eko abuztuaren 4a. Biak adingabeak, beraz. «Kontrakoa frogatu arte, ontzat eman behar dituzue agiriak», azaldu dio bi gazteen abokatuak epaileari. Epaiketaren ondoren azaldu dute atzokoa jurisprudentzia interesgarria izan daitekeela.

Adingabe batzuek paper faltsuak erabiltzeagatik epaitegi korrekzionalean eginiko lehen epaiketa izan da. Lehena izatekotan, emaitzaren garrantzia azpimarratu du Fontangek: «Lehen aldi hau irabazi dugu, baina ez da bukatu; adingabeen epailearen erabaki positiboa behar dugu orain». Ez da jakina noiz pasatuko diren epailearen aitzinean, baina segurua da elkarteen sostengua izango dutela. Horien garrantzia azpimarratu dute abokatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.