Mont-de-Marsango (Landak) Herriko Etxearen kexua eta feriatzaileena piztu zuen Baionako Herriko Etxeak 2025eko Baionako besten egunak uztailaren 16tik 20ra jartzeak. Feriatzaileek lehen mobilizazioa egin zuten urriaren 8an, kamioiekin Baionako bideak trabatuz. Atzo, Mont-de-Marsango alkate Charles Dayot eta Jean-Rene Etxegarai Baionakoa elkartu ziren Landetan gaia aipatzeko. Ondoko bi urteetarako besten egunak adostu dituzte. Feriatzaileek beste mobilizazio bat iragarria dute larunbat honetako, Aviron errugbi taldeak Parisko Racing taldearen aurka Baionan jokatzekoa duen partidaren karietara. Auzapezek egunak aldaturik ere feriatzaileek mobilizazioa mantendu dute, oraingoz, Baionako bestak lehen bezala uztailaren bukaeran ezar ditzaten eskatzeko.
Biek izenpetu prentsa agiri bidez jakinarazi dute Etxegarai eta Dayot auzapezek beren erabakiaren berri. Dituzten «helburu komunak» zerrendatu dituzte: «Milaka jende» biltzen dituzten bi gertakariak «lasaitzea eta baketzea»; besten antolaketaren «segurtasuna eta eraginkortasuna» bermatzea bi hirien artean «baliabideak partekatuz»; besten kultur ekitaldientzat «elkarrizketa» ukaitea dauden «aukera» berdinei begira; «zezenketen zaleei» Frantziako Zezenketa Hirien Batasuneko kide diren bi hiri horietako «zezenketak ez kentzea».
Baionako Udala baliatu da dauzkan beste lehentasun batzuk aipatzeko: «Baionarrek eskatu bezala» bestetako jendetza ttipitzea; bestak uztail bukaeran egitea «ekiditea»; etorkizunean, «ahal den heinean», Iruñeko hiri senidetuarekin «harremanak mantentzea». Hori, 2024ko aurtengo bestetan gertatu den gisan, ez da 2025ean gertatuko, uztailaren 9tik 13ra jarri baititu bestak. Iruñeko sanferminen denbora berean, hots. Haatik, 2026ko, uztailaren 15 eta 19 arteko egunak iragarri ditu.
Mont-de-Marsango herriko etxeak hastapenetik dioen bezala bere hiriko «historia eta ohitura» atxiki nahi izan ditu, bestak beti Santa Magdalena egunarekin hurbil egonez (uztailaren 22an). 2025ean, jada finkatu bezala, uztailaren 16tik 20ra eginen dituzte. 2026. urtean, berriz, uztailaren 22tik 26ra eginen lituzkete.
«Ez du deus aldatzen»
Thomas Bruch feriatzaileen ordezkariak garbiki iharduki dio bi auzapezen iragarpenari: «Atzo erabaki dutenak guretzat ez du deus aldatzen». Hasieratik erran diote Baionako udalari bestak berriz uztaila bukaeran ezartzea. Hori dute baldintza feriatzaileek. «Guk arazoa ez dugu Mont-de-Marsanekin, Baionarekin baizik» errepikatu du Bruchek. Uztailaren 14a bestaburu egun inportantea zaie feriatzaileei eta ez dute ulertzen Baionako bestak garai horretan egitea. «Ez dezatela pentsa atzoko erabakiarekin opari bat egin digutenik». Ondorioz, larunbateko errugbi partidaren eguneko mobilizazioa mantendu dute, «momentukoz», feriatzaileek. Bruchek ez du zehaztu nola egin gogo duten: «Nehori ez diogu deus erranen».