Baionako bereizketa zentroaren berrikuntzak aurkeztu dituzte

Baionako Canopia hondakindegiko bereizketa zentroaren 15,5 milioi euroko berrikuntzak inauguratu dituzte gaur. Herritarrei bereizketa erraztea eta hondakinak hobeki «balorizatzea» du helburu.

Jean Rene Etxegarai eta Alain Iriart Canopiako bereizketa zentroa bisitatzen. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko ekainaren 20a
17:52
Entzun

Baionako Canopia hondakindegiko bereizketa zentroa berritu dute berriki, eta inaugurazioa egin dute gaur. Etxeko hondarkin gehiago bereiztea eta horiek «balorizatzea» da berrikuntzaren helburua. 15,5 milioi inbertitu ditu Bil Ta Garbik proiektuan. Lehen emaitzen arabera, aurtengo urtarriletik maiatzera bilketa selektiboa %22 emendatu da iazko garai bereko emaitzekin erkatuta Euskal Hirigune Elkargoan eta Biarnoko Uhaitzen Herri Elkargoan. Inaugurazioan, hitza hartu dute Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Antoine Andre Citeo ekoorganismoko eskualdeko zuzendariak, Maud Caruhel Akitania Berria eskualdeko lehendakariordeak eta Martine Bisauta Bil Ta Garbi sindikatuko lehendakariak.

«Bereizketa zentro hau berebiziko katebegia da herritarren bereizketa jestuak balorizatzeko», aldarrikatu du Andrek. Izan ere, aurtengo urtarrilaren lehenetik bereizketa irizpideak zabaldu dira, bestak beste, Ipar Euskal Herrian. Hau da, lehen, plastikozko hondarkinetatik soilik botilak ziren bereiztekoak. Orduz geroztik, edozein plastikozko estalki ere birziklatu behar da. Bereizketa irizpideen zabaltzearen ondorioz, espero bezala, herritarrek hondarkin gehiago birziklatu dute, Andrek azaldu duenez: «Jogurt ontziak, urdaiazpiko ontzixkak eta plastikozko mintzak bereizten dituzte orain, baina jada bereizi behar zirenak gehiago ere bai – papera, kartoia, plastikozko botilak–, bereizketa gauzatzeko erraztasunaren eraginez». Hala ere, oraindik «zakarrontzi beltzetako» hondarkinen laurden bat bereizi daitekeela oroitarazi du: «Horiek ontzi horira pasarazteko apustua dago hor».

«Bereizketa irizpide berrien lorpenaren giltza izan da Canopiako bereizketa zentroaren berrikuntza», haren arabera. Bereizitako hondarkin gehiago «tratatzeko» eta «balorizatzeko» aukera ematen baitu «modernizatua izan den tresna industrial horrek». Hain zuzen, hondarkinak zentrora iritsi orduko bereizketa mekaniko batetik iragaten dira: makina batek hordarkinak neurriaren arabera banatzen ditu; beste bik hordarkin lauak eta sakonak bereizten dituzte; bederatzi bereizgailu optikok plastikozko hondarkinen bereizketa egiten dute koloredunen, gardenen eta opakuen artean; eta lau bereizgailu magnetikok burdinazko eta aluminiozko estalkiak berreskuratzen ditu. Ondotik, Bil Ta Garbiko langileek makinek egindako bereizketa fintzen dute. Kubo batzuen moduan trinkotzen dituzte amaitzeko, birziklapen sailetara garraiatzeko. «Funtsezkoa da sailkapena ongi egina izan dadin, kuboetan %95eko garbitasun tasa eskatzen baitigute, kalitate arauak errespetatzeko», azaldu du Dominique Carrere Bil Ta Garbiren zerbitzuetako buruak.

15,5 milioi euro inbertitu dira bereizketa kanal «moderno» eta «eraginkor» berri batean, Bil Ta Garbiren hitzetan. Eskualde Garapenarenerako Europako funtsetik 2,3 milioi euro jaso ditu proiektuak, eta Citeo Frantziako paper eta estalkien eragina kudeatzeko enpresak 0,95 milioi euroko diru laguntza eman dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.