Baionako Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat atzeman dituzte

Miarritzeko Aguilera ospitaleko erizain bat konorterik gabe uztea egotzi diete. Ospitaleko osasun langileek grebara deitu dute gaur, erasoa salatzeko

Aviron errugi taldeko zenbait jokalari, artxiboko irudi batean. I.M.
Nagore Arin.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Baionako Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat atzeman dituzte, atzo gauean Miarritzeko (Lapurdi) Aguilera ospitalean erizain bat jo eta konorterik gabe utzi ondoren. Frantziako France Bleu irratiak zabaldu duenez, gaur egungo entrenatzailearen laguntzaile Antoine Battut eta prestatzaile fisiko ohi Cyril Gomes dira Poliziak atzemandakoak, eta zaintzapean jarri dituzte.

Zalaparta piztu da sareetan eta komunikabideetan, eta horietako asko zehazki zer gertatu den ikertzen saiatu dira. Mediabask hedabideak, kasurako, zer gertatu den aurrez aurre ikusi duen erizain laguntzailearekin hitz egin du, Margaux Guridirekin. Haren hitzetan, Battut eta Gomes larrialdi gelara joan dira, istripu bat izan duen lagun bati laguntzera. Erizain laguntzailearen arabera,lagunarekin ezin egoteagatik sortu da liskarra; izan ere, koronabirusa dela-eta hainbat murrizketa indarrean daude oraindik. Guridiren esanetan, liskarraren tonua garraztuz joan da orduan, eta, Battuten eta Gomesen laguna artatzen ari zen erizaina egoera beretzen saiatu den arren, ukabilkada bat eman diote. Ukabilkada hartzean lurrera erori da, eta, erizain laguntzaileak azaldu duenaren arabera, bi gizonezkoek erizaina jotzen jarraitu dute.

Entrenatzailearen laguntzaileak gertakariak aitortu ditu, eta onartu du berak eman duela lehen ukabilkada. Gomes prestatzaile fisiko ohiak, berriz, esan du Battuten eta erizainaren artean jartzen saiatu dela.

Aguilera klinikako osasun langileek greba egingo dute gaur, erasoa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.