Euskal presoak

Baionako auzitegitik kanporatu dituzte Bakegileak

Desobedientzia ekintza egin dute Bakegileek, Baionako auzitegirako sarbidea oztopatuz. Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot euskal presoak baldintzapean aske uzteko galdea aztertu dute Parisen, baina enegarren aldiz kontrako jarrera erakutsi du terrorismoaren kontrako fiskaltzak.

Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki
2022ko maiatzaren 20a
15:46
Entzun

Desobedientzia ekintza egin dute Bakegileek ostiral arratsaldean Baionako auzitegian. Sartzea oztopatu dute 25 ekintzailek, bata besteari hodi batzuen bidez lotuz. Frantziako Polizia bertaratu da; auzitegiaren barrenean zein kanpoaldean izan dira poliziak zenbait orduz, eta, azkenean, banan-banan aritu dira protestan zirenei tiraka, ateratzeko. Zerra elektrikoa baliatuta, ekintzaileek erabili dituzten hodiak moztu dituzte. Bortizki jardun dute, baina ez dute inor zauritu. Kanporatze operazioa bukatuta, ekainaren 11ko manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot euskal presoen askatasun eskaeretan terrorismoaren kontrako fiskaltzak hartutako jarrera salatu nahi dute protestaren bidez: bi kasuetan kontrako jarrera erakutsi baitzuen.

Honela mintzatu da Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramailea: «Desobedientzia ekintza hau Ion Kepa Paroten eta Jakes Esnalen audientzien ondotik heldu da, berriz ere topo egin baitugu terrorismoaren kontrako fiskaltzaren jarrera oso erasokor batekin. Fiskaltzen jokamoldea salatzeko egin dugu ekintza hau, zinezko oztopoa baitira presoen etxeratzeko bidean, eta, bereziki Esnal eta Parot askatzearen bidean».

Ekintzan parte hartzen ari dira, besteak beste, Luzien Betbeder Hautetsien Biltzarreko lehendakari ohia eta Pierre Guillemotonia Lehuntzeko (Lapurdi) auzapez ohia, eta baita hainbat eragiletako kideak ere. «Bada blokeo bat presoen inguruan, eta horregatik parte hartzen dugu ekintza honetan», esplikatu du Kaiet Barberarenak. Aldarrikapen horiek Parisera «igoarazteko» beharra azpimarratu du «preso guziak libratzeko». Maddi Errezarreten iritziz garrantzitsua da erakustea gizarte zibila hor dela: «Hau ez da bakarrik presoen arazoa, herri guziaren arazoa da».

Atzo aztertu zuten Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean aske uzteko bigarren eskaera. Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 9an emanen du erantzuna. Baina prozedura gehiago luzatzeko arriskua ikusten du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Auzi saioan epaileak galdera egin zuen ea ez ote zaion Esnalen eskaerari buruzko beste iritzi bat eskatu behar CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeari, eta prokuradorea alde agertu zen —euskal presoaren askatasunaren kontra dago—. «Prozedura beste bi urtez luzatu lezake horrek», deitoratu du Paulus Basurkok. «Gure argudioak eman ditugu, eta espero dugu ekainaren 9an askatasun eskaerari buruzko erantzun baikorra lortzea. Baina kezkatuak gara».

Bestalde, Ion Kepa Parot euskal presoan baldintzapeko askatasun galdea aztertu zuten iragan maiatzaren 13an. Terrorismoaren Kontrako Parisko Auzitegiak ekainaren 15ean emanen du erabakia. Seigarren aldia da euskal presoak eskaera egiten duela, baina prokuradorea kontra agertu zen berriz, «goizegi» dela argudiatuta. Julien Brunel Paroten abokatuak atsekabez hartu zuen prokuradorearen erabakia, testuinguruari begiratuta: «Paroten baldintzapeko askatasunaren kontra egin du gogorki, eta etsigarria da, Ipar Euskal Herriko egoera nola aldatu den ikusirik». Defentsak segurtatu du Parotek betetzen dituela baldintzapean aske geratzea lortzeko baldintzak: «Kartzelaldian 32 urte bete ditu; arrunt kaltegarria da». Ezezko erantzuna jasoko balu, dei egiteko prest agertu da.

Hala, Bakegileek datorren ekainaren 11n mobilizatzeko deia egin dute, Baionan; «lurraldearen aniztasunaren adierazpen masiboa» izatea nahi dute, baita «bake prozesuaren aldeko engaiamendu anitzaren eta aitzinatze beharraren adierazpena» ere. Esnalen eta Paroten eskaeren erantzuna ezezkoa balitz, gainera, «Ipar Euskal Herria blokeatzeko prest» daudela erran zuten. Bada, gaurkoan berretsi dute hori. Otsailetik egiten duten laugarren ekintza da. «Ez gara horretan geldituko. Ion Kepa [Parot] eta Jakes [Esnal] preso geldituz gero, Ipar Euskal Herri osoa blokeatzeko ekintza bat iragartzen dugu udarako», segurtatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.