Goizean izenpetu dute «familia barneko indarkeriei» hobeki aurre egiteko protokoloa, Baionako Auzitegian. Helburu lehena arriskuari ahal bezain fite erantzutea da, inkesta bat abiatu aitzin ere, indarkeria susmorik agertuz gero. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak zehaztu ditu konkretuki plantan ezartzen ahalko dituzten neurrietarik batzuk: «Harremanetarako debekuak, eskumuturreko elektronikoa, etxebizitza baten esleipena edo urruntze aginduak».
Protokolo berriak orain artekoak baino fiteago eragitea du helburu: sei eguneko epea zegoen orain arte, eta oraingoa indarkeria baten zalantza piztu eta ondoko 24 orenetan erantzun behar lukete. Dagoeneko martxan da protokoloa, gau eta egun.