Euskal presoak

Baionako Auzitegiak martxoaren 15ean emanen du Oaren auziko emaitza

Prokuradoreak epaileari galdetu dio Oak 60 egunez hamar euroko isuna ordain dezan; hots, 600 euro denetara. Oak adierazi du Ipar Euskal Herrian bizitzeak ez zuela helburu izan Frantziako Justiziari kontra egitea.

Oier Oa gaurko epaiketaren ondotik, Baionako auzitegi parean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko otsailaren 15a
18:30
Entzun

Gaur epaitu dute Oier Oa Baionako auzitegian, Frantziako Estatuan egoteko debekua urratzea leporatuta. Frantziako Estatuan egoteko behin betiko debekua berretsi zuen Parisko Auzitegiak abenduan. Kasazioan da afera; oraino ez dute erantzunik ukan. Oak bere defentsa egin du epailearen aurrean, eta prokuradoreak, berriz, 600 euroko isuna ezar diezaiola eskatu dio epaileari. Emaitza martxoaren 15ean emanen du Baionako auzitegiak.

Leporatzen zaizkionei erantzunez, Oak adierazi du Ipar Euskal Herrian bizitzeak ez zuela helburu izan Frantziako Justiziari kontra egitea. «Larresorora bizitzera etorri nintzen, ez Frantziako Justizia probokatzeko, baina nire familiatik hurbil bizitzeko», zehaztu du. Oier Oak adierazi du, gainera, haren ordez familia osoak pairatzen duela zigorra, eta nabarmendu du, hain zuzen ere, «Justiziaren kontraesan bat» dela hori.

Parisko Auzitegiak zalantza omen du Oa «zinez» Zugarramurdin bizi ote den, debekua notifikatu ziotenetik. Dena den, Baionako Auzitegiari debekua urratzeagatik zigortu edo ez erabakitzea dagokio; ez debekuari berari buruz eztabaidatzea. Prokuradoreak epaileari galdetu dio Oak 60 egunez hamar euroko isuna ordain dezan; hots, 600 euro denetara.

Amaia Rekarte Oaren abokatuak salatu du Parisko Auzitegian iragan auzi saioko baldintzak kaskarrak izan direla. Defentsak osatutako dosierra «sinesgaitzat» jo du Parisko Auzitegiak, eta hori bera gaitzetsi du Rekartek. Ez hori bakarrik: Parisko Auzitegiak debekua berretsi izana «neurriz kanpokoa» da Rekarteren arabera, azaldu duenez. «Jada ez dakit zer justifikazio erakutsi Zugarramurdin bizi dela frogatzeko. Erroldatua da, etxe bat alokatzen du, lekukotasunak badira. Zer behar dute [Parisko Auzitegian] gehiago?», egin du galde.

Horiek horrela, abokatuak epaileari eskatu dio ez diezaiotela Oari zigorrik ezarri, argudiatuz badela horretarako baldintzarik. Hemendik hilabetera askatuko da auziaren korapiloa: martxoaren 15ean emanen du ebazpena auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.