Orain arte maketa bat zen, gaurtik lehen harria pausatua du. Eric Dupont Moretti Frantziako Justizia ministroak Baionako Auzitegia bisitatu du, eta eraikin berriaren obretako lehen harria ezarri du. Eraikinak 5.000 metro koadroko eremua izanen du, eta gaur egun Baionan diren auzitegi ezberdinak batuko ditu: justizia auzitegia, lan auzitegia eta komertzio auzitegia. «Dena leku berean batzeak, herritarrei ahalbidetuko die justizia guzia leku bakar batean aurkitzea. Halaber, langileen baldintzak ere hobetuko ditu».
Lanen prestaketa abiatua da, eta 2026eko bigarren seihilerako prest izanen dela baieztatu du ministroak. Frantziako Estatuaren parte hartzea zenbatekoa izanen den ere zehaztu du: 11,4 miioi euro jarriko ditu eraikin berritzearentzat. Auzitegiak gaur egun duen funtzionamendua laudatu du Dupont Morettik, eta azpimarratu du afera judizialak epe laburrean epaitzen dituztela.
Baionako auzitegian den eskualdeko ingurumen sailari buruz ere aritu da ministroa. «Azken urteetan garatzen ari da, eta ezin baztertuzkoa bilakatzen ari da», nabarmendu du, azken urteetan auzitegian epaituak izan diren ingurumen aferak adibide gisa hartuta.
Tentsioa sindikatuekin
Azken asteetan Frantziako Gobernuko ministro bat mugitzen den aldi bakoitzean gertatzen den bezala, Baionan ere protesta egin dute sindikatuek erretreten erreforma salatzeko. Lapikoak eskuetan, txistu, oihu eta harrabots handiarekin egin dioten harrera Frantziako Justizia ministroari, baina ez diete auzitegira hurbiltzeko aukerarik utzi ingurua zaintzen ari ziren poliziek. Ministroak alde egin duenean, tentsio une batzuk izan dira, auzitegitik hurbil LABeko kideak oihuka hasi direlarik. Sindikatuaren bandera atera dutenean Frantziako Polizia oldartu zaie, eta bultzadan Argitxu Dufau koordinatzailea lurrera bota dute.
Eñaut Aramendi @LAB_ieh-ko kideak poliziaren jarrera salatu du. LABeko bandera ateratzeagatik oldartu zaizkie @berriapic.twitter.com/X858Apt2k6
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) May 12, 2023