Baionako Delituen Auzitegiak Jean Francois Esponde apezari hamabi hilabeteko presondegi zigorra eman zion atzo arratsaldean, gibelapenarekin. Haurrekin loturiko jardueretan bortz urtez parte hartzea debekatu diote. Fijais sexu delituen edo bortitzen egileen fitxategian inskribatu dute.
Sud Ouest egunkariaren arabera, 19 urteko gizon batek salaketa jarri zuen joan den otsailaren 24an, apezak izterra «behin eta berriz» hunkitu ziola leporaturik. Berantago, bere salaketa berritu zuen «ipurdia eta hankartea hunkitzeagatik, baita haren sexuari buruzko tamainaz eginiko lekuz kanpoko oharrengatik ere», Jerome Bourrier prokuradorearen arabera.
Bertzalde, France Bleu irratiaren arabera, 71 urteko apezari haur pornografiarekin loturiko irudiak ukaitea egotzi diote, bere etxean eginiko miaketa baten ondotik. Kasu honetan, apezaren abokatuak erran du «ez dagoela frogarik» eta irudi pornografikoaren edukitzea «susmoetan» oinarritzen dela. Azken horrentzat hobengabetu dute.
Lehen salaketa jarri eta, 19 urteko gaztea Marc Aillet Baionako apezpikuarengana joan zen jasaniko erasoa aipatzera. Ondotik, Sud Ouest egunkariaren arabera, Ailletek prokuradorearekin batera sexu erasoen protokoloa martxan jarri zuen, eta Esponde bere kargutik kendu zuen epaitu artean.