Ekhi Erremundegi Beloki.

Baionako adierazpenetik

2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Erdibidea hautatu du Parisko Zigor Auzitegiak. Bakegileak ez ditu errugabetzat jo, baina aitortu du gatazka konpontzeko prozesuaren alde jardun zutela. Epaia «oreka eta akrobazia» ariketa bat dela erran du Patrick Baudouin defentsako abokatu eta LDH Frantziako Giza Eskubideen Ligako lehendakariak; «baretze epai bat da».

ETA 2017ko apirilaren 8an armagabetu zen, 2018ko maiatzaren 3an desegin, eta bide hori Luhusoko ekinbideak bultzatu zuen hein handi batean; Frantziako orduko agintariek ere hala baieztatu dute. Euskal Herriko gatazkari lotuta Parisen izan diren azken urteetako epaiketetan, behin baino gehiagotan entzun da fiskaltzaren eta epaileen ahotan «denbora» pasatu dela, eta hori kontuan hartu behar dela. Egoera baretua da Euskal Herrian, Paristik begiratuta segurik.

Aurten beteko ditu hamar urte Baionako Adierazpenak. 2014ko urrian izenpetu zuten, Frantziako Estatuari eskatzeko ETArekin elkarrizketak abia zitzala «euskal gatazkaren» ondorioak konpontzeko. Presoen auzia konpontzeko eskatu zioten Parisi, eta baita gerora amnistia lege bat lantzeko ere. «Egia eta adiskidetze» batzorde baten beharra ere aipatu zuten, euskal gatazkari lotuta gertatutako guzia argitu, eta biktimen mina aitortu eta erreparatzeko. Azkenik, Ipar Euskal Herriari «esparru instituzional berezi bat» emateko eskatu zuten.

Pasatu da denbora ordutik. Euskal Hirigune Elkargoa 2017ko urtarrilean sortu zen. Orduan eskatzen zen estatus bereziko lurralde elkargo batek eskaini zitzakeen eskumenetatik urrun, Ipar Euskal Herriari esparru instituzional bat eman zion, baina botere gutxi. Ordutik, argi azaleratu dira haren mugak: eskumenetan, aurrekontuan eta gobernantzan, besteak beste.

Armagabetzearen ondotik osatu zen elkarrizketa esparru bat Frantziako Gobernuarekin euskal presoen auziari buruz urratsak egiteko, 2017ko uztailean, hain zuzen. Hurbildu zituzten presoak Mont de Marsan eta Lannemezango (Okzitania) presondegietara —EPPK-k ontzat eman zuen proposamena—, baina mobilizazio ugari behar izan ziren, besteak beste Parot, Esnal eta Haranburu baldintzapean aske utz zitzaten. Gaur egun zazpi preso daude Frantziako Estatuan: Saioa Sanchez Naoneden da (Bretainia, 703 kilometrora), eta beste sei Lannemezanen. Horien artean, bada bizi osoko zigorra duenik. Horien egoera konpondu gabe dago oraindik.

Euskal Herriko gatazkaren ondorioei begira, Frantziako Estatuak izan zuen parte hartzea argitu gabe dago oraindik. Zer rol jokatu zuen 1980ko hamarkadako gerla zikinean; zer ardura izan zuen, adibidez, Jean Louis Larre Popo IK-ko militantearen eta Jon Anza ETAko militantearen desagertzeetan. Frantziako Estatuak eragindako biktimek ez dute ez aitortzarik, ez erreparaziorik.

Eta hor da auzi politikoa ere. Frantziako Estatuak ez ditu onartzen euskal herritarren oinarrizko eskubideak, eta euskararen herria desagertzea helburu duten asimilazio politikek ez dute etenik. Pays Basque mapan ezarri dute, baina Euskal Herria ezabatzen segitzen dute.

Bakegileek elkarrizketarako deia egin dute, gatazka konpontzeko prozesuan aitzina egiteko. Abisua ere eman du Txetxek, Kanakyn eta Korsikan sutu diren egoerak aipatuta. Ez dago halako arriskurik Euskal Herrian, mugimendu abertzalearen gehiengo zabalak bere egina baitu bortizkeriarik gabeko borroka moldeen hautua. Baina Frantziako Gobernutik ezer lortzea bada helburua, bada irakaspenik bi herri horietatik jasotzeko: bortizkeriarik gabekoa izanik ere, konfrontaziorako zinezko estrategiarik gabe, ezinezkoa izanen da Paris mugiaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.