Baionako Adierazpenaren ekarpena txalotu du Bake Bideak

Bake Bidea eta 'bakegileen' prentsaurrekoa, iaz, 'bakegileen auziaren' aitzin. GUILLAUME FAUVEAU
Bake Bidea eta 'bakegileen' prentsaurrekoa, iaz, 'bakegileen auziaren' aitzin. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urriaren 24a
17:32
Entzun

Duela hamar urte aurkeztu zuten Baiona Adierazpena Ipar Euskal Herrian, eta egin zuen ekarpena txalotu du Bake Bidea mugimenduak ohar batean. «Jendarte zibilaren kontsentsuaren eta erabakigarritasunaren adierazle izan dena gatazkaren behin-behineko konponbidean. Oinarrizko urratsak egin dira, eta etapa berri bat dugu orain aitzinean», adierazi dute.

Lokarri eta Nazioarteko Harreman Taldea bertan zirela izenpetu zen adierazpena, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren biharamunean egin zen «lehen ekimen indartsua» izan zela iritzi dio Bake Bideak, eta nabarmendu du iritzi orotako Ipar Euskal Herriko politikariek «konponbide politiko baterako prozesu baten beharraren kontsentsua» adierazi izana. «Adierazpen hark ekarpen handia egin dio bake prozesuari, Aieteko bide orriari erantzunez eta zilegitasuna emanez. Eragile sozial eta politikoek eta Euskal Herriko instituzioek eztabaidatzea eta gatazkaren konponbidean kontsentsuak aurkitzea baitzen adierazpenaren xedea».

Hori eman zuen argitara adierazpenak, Bake Bidearen hitzetan: posible zela iritzi ezberdinetako eragile politiko eta sindikalak kontsentsu batera iristea gatazkaren konponbidean. «Inoiz egin gabeko eztabaida eta ariketa batean sartu ziren, Euskal Herrian bake iraunkor batentzat agenda politiko bat eraikiz».

Frantziako Estatuari mintzatu zitzaizkion duela hamar urte, eta Bake Bideak uste du horrek agerian ezarri zuela Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean zuen ardura. «Bide orriarekin, zinezko indar harreman bat sortu zen Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren eta Frantziako Estatuaren artean. Funtsezko oinarriak bilakatu dira honako hauek: bakearen iraunkortasuna konponbide politikotik, gatazkaren ondorioen gaia eta Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala».

Bake Bideak adierazi duenez, duela hamar urteko adierazpen horrek bide eman zion gizarte zibilari bere tokia atzemateko, eta gatazkaren konponbidearen bultzatzaile eta aktore izateko; horrek bide berriak asmatzea ekarri du. «Dinamika horrek ETA erakunde armatuaren armagabetzea ahalbidetu du, euskal preso politikoen problematika lehen lerroan ezarriz, biktimen inguruan gogoetatzen hasiz, eta hautetsiekin elkarrizketa guneak eraikiz [Frantziako] Justizia Ministerioarekin. Eztabaida bakarra eta historikoa, ETA erakundearen disoluzioa ekarri zuena. Lurralde bat, bere aniztasunean, bide orri bat eraiki zuena, giza eskubideen errespetua oinarritzat hartuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.