Ados jarri ziren Baionan

Duela hamar urte izenpetu zuten Baionako Adierazpena. Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan aitzina egiteko urratsak adostu zituzten Ipar Euskal Herriko sentsibilitate politiko anitzetako pertsona ezagunen artean.

Baionako adierazpena izenpetu zuten, 2014ko urrian. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

«Bakoitzak bestearenganako pauso bat egin genuen; Brissonen eta Larralderen artean, argi da», oroitu du Max Brisson Errepublikanoetako senatariak. «Elkar ulertu genuen, gure diferentziak ukatu gabe. Elkar ezagutzen ikasi genuen». Duela hamar urte, 2014ko urriaren 24an, Baionako Adierazpena izenpetu zuten. Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan mugarrietako bat izan zen Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatua konponbidearen parte kokatu zuelako. Argazkiaz harago, eskaera argia egin zioten Parisi: ETA erakundearekin elkarrizketak abiatzea, gatazkaren ondorioak eta adiskidetzea lantzea eta Ipar Euskal Herriarentzako koadro juridiko, politiko eta instituzional bat onartzea. 

UMP alderdiko —gaur egungo LR— Pirinio Atlantikoetako departamenduko idazkari nagusia zen orduan Brisson, baina bere izenean izenpetu zuen testua, departamenduko eta Miarritzeko (Lapurdi) herriko etxeko hautetsi gisa. Harekin batera agertu ziren Jean Rene Etxegarai (UDI), Kotte Ezenarro (PS), Frederique Espagnac (PS), Jean Jacques Lasserre (Modem), Xabi Larralde (Sortu), Jakes Bortairu (AB), Michel Larralde (CFDT), Jean Lissar (EELV), Marc Oxibar (UMP) eta Jean Pierre Etxeberri (CFDT). Aieteko Nazioarteko Konferentzian parte hartu zuen ordezkaritza zen —Larraldek Anita Lopeperen lekua hartu zuen—. Gehienek norbere izenean egin bazuten ere, pisu politiko handia zuten pertsona ezagunak ziren. «Sentsibilitate espektro biziki zabala zen, konponbide orokor baten aldeko adostasun zabala lortu zuena», adierazi du Larraldek.

Aieteren biharamunean bilkura sorta bat egin zuten Ipar Euskal Herrian, sortutako testuinguru berri hori hiru lurraldeetara ekartzeko asmoarekin. Hilabetean behin bildu ziren, Miarritzeko (Lapurdi) hotel batean, diskretuki. Lokarri aritu zen animazio lanetan. Puntuz puntu gai guziak aztertu zituzten, adostasunak lortzeko helburuarekin. Eztabaida bat baino gehiago izan zituzten, eta horietako batzuk dokumentuan berean agerrarazi zituzten, hala nola lurraldearen izendapena: Iparraldea, Ipar Euskal Herria, Euskal Herri frantsesa... Frantziako Euskal Herria onartu zuten azkenean, inor osoki gogobete ez bazuen ere, bereizkuntza gutxien sortzen zuelakoan.

«Ez ginen ezertan aitzinatu: ez armagabetzean, ez presoen auzian... Baina gu aitzinatu ginen ikusteko noraino ados izaten ahal ginen»

MAX BRISSONErrepublikanoetako senataria

«Prozesu luzea» izan zela gogoan du Bortairuk. Batetik, denek ez baitzuten jarraitutasun berarekin parte hartu —adostasunak lortzean, hor ez zirenekin kontrastatu behar zuten—, eta, bestetik, hauteskunde ziklo bat baino gehiago izan baitzen 2011tik 2014ra. Azkenerako, emaitzarekin «kontent» gelditu zirela erran du. «Ez genuen amore eman, eta amnistia kontzeptua sartzea ere lortu genuen orduan; gaur egun justizia trantsizionalak hartu du gaina». Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala aipatu izana azpimarratu du Larraldek, gatazkaren izaera politikoa agerian ematen baitzuen.

Alta, bere horretan, testuan aipatutako ezer ez da gauzatu ordutik, «edo lortu da borrokaren bidez», esplikatu du Bortairuk. Baina denek bat egin dute: gerora baliatu den erreferentziazko testu bat aurkeztu zuten orduan. «Giro bat eta baldintza politikoak» sortu zituela uste du Larraldek, «konponbide prozesu baten oinarrizko kontzeptuen lanketa» izan zela erran du. Ildo beretik jo du Brissonek ere. Haren hitzetan, Baionako adierazpenak ez zuen berehalako eraginik izan, Frantziako Estatuak ez zuelako mugitu nahi izan: «Ez ginen ezertan aitzinatu: ez armagabetzean, ez presoen auzian... Baina gu aitzinatu ginen ikusteko noraino ados izaten ahal ginen». Luhusoko ekintzaren biharamunean baliagarri izan zela baieztatu du. «Berehala erreakzionatzea ahalbidetu zuen». Bernard Cazeneuve orduko lehen ministro sozialistak eta Eric Morvan orduko prefetak izan zuten rola ere goraipatu ditu. 

Presoen etxeratzea

Frantziako Estatuaren eta ETAren arteko elkarrizketak beharrezkotzat jo zituzten Baionako Adierazpenean, nazioartearen kontrolpean armagabetzearen inguruko akordio bat lortzeko, eta presoen auziari konponbidea emateko. Presoen euskal herriratzea, baldintzapeko askatasunen aplikazioa, eta gizarteratzea eskatu zituzten, iheslariak etxera itzultzeko aukera, ETAko militanteen kontrako prozedura juridiko eta polizialak gelditzea, eta delitu politikoak euroagindu prozeduretatik kanpo uztea. Ororen buru, euskal gatazkari loturiko aferetan amnistia lege bat onartzea nahi zuten. 

BAIONAKO ADIERAZPENA
BOB EDME

«Baionako Adierazpenak urrats kolektibo eta politikoak aurreikusten zituen euskal presoen auzia konpontzeko; ez dugu hori bizi izan», esplikatu du Brissonek. Izan ere, Frantziako Justizia ministro ezberdinek kasuen banakako azterketan gelditu nahi izan zutela erran du. 2017ko armagabetzetik aitzina Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat izendatu zuten Frantziako Justizia Ministerioarekin presoen auziaren konponbideaz aritzeko. Salbuespen neurri batzuk kendu eta Mont-de-Marsango eta Lannemezango (Okzitania) presondegietara hurbildu zituzten gizonezko presoak. Mobilizazio jendetsuen ondotik, bizi guztiko kondenak zituzten Ipar Euskal Herriko presoak baldintzapean askatzea lortu zuten. Gaur egun, preso gutxi batzuk gelditzen dira Frantziako presondegietan. «Hala ere aitzinatu gara», laburbildu du Brissonek. 

Presoen auzia «osoki» konpondu behar dela erran du Larraldek. «Euskal Herriratzetik at, denak etxeratzea ezinbestekoa da. Mobilizazioa izanen da gakoa».

Memoria lana

«Egia eta berradiskidetzea» aditu batzordearen antzeko bat sortzea aurreikusi zuen Baionako Adierazpenak 2014an, gatazkari loturiko gertakariak argira ekartzeko. Biktima ororen sufrimendua aitortzea eta erreparazio modu ezberdinak definitzea eskatu zuten, eta prozesu horretan beharrezkotzat jo zuten gobernuen engaiamendua. «Frantziako Estatua mahaiaren inguruan esertzea itxaroten badugu, luzaz itxaron dezakegu», trenkatu du Brissonek hamar urte geroago. Ez dira baikorragoak Larralde eta Bortairu. «Gatazkaren izaera bera aitortzeak min egiten die estatuei», Larralden hitzetan. 

«GALen garaiak izan ziren indartsuenak; izan zen polizia batzuen inplikazioa, baina baita inplikazio politikoa ere. Biktimen aitortzan gauza gutxi egina izan da, eta, maluruski, ez da estatuen aitortzarik izanen»

JAKES BORTAIRUABko kide ohia

Bortairuk oroitarazi du Frantziako eskuinak eta ezkerrak biek izan dutela zerikusirik estatu terrorismoan. «GALen garaiak izan ziren indartsuenak; izan zen polizia batzuen inplikazioa, baina baita inplikazio politikoa ere», esplikatu du. «Biktimen aitortzan gauza gutxi egina izan da, eta, maluruski, ez da estatuen aitortzarik izanen». Alta, garaiak aldatu direla azpimarratu du, bereziki 2001etik aitzina abiatutako terrorismoaren kontrako borrokaren testuinguruan. François Hollande Frantziako presidente ohiak onartu izan du judizioz kanpoko exekuzioak izenpetu zituela, AEBk ere egin dute halakorik, eta Israel nahieran ari da Gazan eta Libanon terrorismoaren kontrako gudaren izenean. «Gaur egun ez luke eskandalurik sortuko 80ko hamarkadan Frantziak egin zuena aitortzeak», uste du Bortairuk.

Brissonen hitzetan, estatua kontzeptu bat da, eta «bada hura zerbitzatzen dutenen errealitatea, momentu jakin batean». Bakegileen auzian Frantziako Estatuko ordezkari izandakoek izan zuten kontakizuna aipatu du, halako gehiago izan litezkeela iradokita. «Korapilo guziak ez dira askatuko, baina elkarrizketa irekitzen denean, espero baino askoz ere urrunago irits daiteke. Betiere baldintza honekin egiten bada: inork besteari gaina hartu nahi ez izatea», adierazi du. «Asmoa bada Frantziako Estatua akusatuen aulkia eseraraztea, ez dut uste balio duenik, eta nik ez dut parte hartuko; begirada kontestualizatu bat nahi badugu, arrazoibide zientifiko eta ez alderdikoi batetik, beharbada gauzak baretasun osoz begiratu ditzakegu». Larraldek ere ikusten ditu «baldintzak, energia eta baliabideak» Ipar Euskal Herrian lan hori egiteko. IFJD Justizia eta demokraziaren aldeko Louis Joinet institutuak abiatu beharra du lan hori.

Koadro instituzionala

Azkenik, Ipar Euskal Herriarentzat koadro juridiko, politiko eta instituzional bat sortzeko eskatu zuen Baionako Adierazpenak. Ez zuten zailtasun askorik izan zati honekin, estatus bereziko lurralde elkargo bat eskatzeko adostasun zabala baitzegoen orduan hiru lurraldeetan. Baina eskaerari uko egin zion Manuel Valls lehen ministro zuen Frantziako Gobernuak, eta ezezko haren ondotik sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa 2017ko urtarrilean. «Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna finkatu zuen, berrehun urteko ukazioaren ondotik», aldarrikatu du Larraldek. «Ez du betetzen nahi genuena, baina inflexio puntu bat izan zen».

«[Euskal Elkargoak] Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna finkatu zuen, berrehun urteko ukazioaren ondotik. Ez du betetzen nahi genuena, baina inflexio puntu bat izan zen»

XABI LARRALDESortuko kidea

Gaur egun, koadro hori gainditzeko urratsak abiatuak dituzte batzuek eta besteek. Bide horretan, EH Bai autonomia proposamen bat lantzen ari dela argitu du Larraldek. Zalantzak agertu ditu Brissonek: «Ez nago seguru Euskal Elkargoak Euskal Herriari eraikuntza politikoan ekar dakiokeen guzia agortu dugunik». Gaur egungo zuzenbidea gainditzen duen koadro bat pentsa litekeela uste du, «lurraldeen diferentziazioan» oinarrituta. «Hor ere badira giltzarrapo konstituzional eta juridikoak, ez dutenak posible egiten lurraldeen arabera eraikuntza desberdinak egitea». Haren hitzetan, esfera militantean bakoitza libre da urrunago joateko. «Elkarrekin ari garenean, mugak jarri behar dizkiogu. Horrek ez du erran nahi aitzinatuko ez garenik».

Hamar urte igaro dira gatazkaren konponbide prozesuan aitzina egiteko Baionako Adierazpena aurkeztu zutenetik, eta Bortairuk argi du «arrunt beste fase batean» dagoela Euskal Herria. Hala ere, gatazkaren funtsa oraindik hor dagoela erran du: «Euskal Herritarren eskubideak ukatuak dira, zapalkuntza linguistikoa eta kulturala hor dira oraino; horiek dira gatazkaren muinean». Horri gehitu dizkio ekologia, sozial arloa, migrazioa eta antzeko gaiak. Mintzatzeko eta adostasun batzuk lortzeko gai izan badira ere, horiei buruzko arrakalak azpimarratu ditu. «Ikusi behar da nor den Brisson; [Bruno] Retailleauren talde berekoa da [Frantziako Barne ministroa]. Sozialistak berdin. Gerla egin digute arlo guzietan», adierazi du. «Ikusi behar dugu norekin egin dezakegun nazio eta gizarte askapenerako borroka. Hodei beltzak ditugu buru gainean».

Jean Pierre Massias - IFJD institutuko presidentea.

«Gertakari guzien inguruan lan egitea posible da; funtsezkoa da»

Jean Pierre Massias. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Jean Pierre Massias. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Euskal gatazkaren eta haren konponbide prozesuaren memoria lantzen hasiko da IFJD justizia eta demokraziaren aldeko Louis Joinet institutua. Egia batzorde bat inspiratzeko eta itxuratzeko balio izan lezakeela iritzi dio Jean Pierre Massias presidenteak.

Zer esparrutan lan eginen duzue?

Justizia trantsizionalean berezitua den gobernuz kanpoko erakundea da IFJD. Egia eta Berradiskidetze Batzordeak osatzearen alde lan egiten dugu, eta horien funtzionamendua laguntzen dugu hainbat herrialdetan. Institutua sortu genuenetik inplikatu gara Euskal Herriko gatazkaren konponbidean. Bi fororen antolaketan parte hartu genuen, eta baita armagabetzean ere. Ondorioz, naturala da IFJD bake prozesuaren memoria lanean inplikatzea. Asmo horri indarra eman diote hainbat eragilerekin eta Bake Bidearekin izan ditugun solasek.

Zer garairi buruz ariko zarete? 

Euskal gatazkari eta haren konponbideari buruz, biak.

Zer metodo aurreikusi duzue?

Konparaketa, inklusio eta eztabaida metodo batean oinarrituko gara. Ipar Euskal Herriko bake prozesua gisa bereko esperientzia batzuekin parekatuko dugu, guztien parte hartzea ahalbidetuko dugu, eta iritzi guziak jasoko ditugu, prozesuaren aldekoak zein kontrakoak. Helburua da metodo horrek egia batzorde batean inspiratu eta aitzinetik itxuratzea. 

Historiako hainbat zati argitzeke daude, hala nola Frantziak gatazkan izan duen parte hartzea.

Gertakari guzien inguruan lan egitea posible da, eta funtsezkoa da, bereziki alde ilunak badituzte. Lan hori indibiduala eta kolektiboa izan behar da. Hobeki partekatua den memoria bat ezinbestekoa da gizartea baretu bat eta zinezko elkarbizitza eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.