Epaiketaren zain dago Baionako apaiz bat, 70 urteko gizonezko bat, sexu eraso bat egitea eta irudi pedofiloak edukitzea leporatuta. Maiatzaren amaieran, 20 urteko mutil batek salatu zuen apaizak ukituak egin zizkiola otsailean, eta hilaren 23an atxilotu zuten. Ikerketan, gainera, haur pornografiarekin lotutako irudiak aurkitu dizkiote. Auzia ebatzi bitartean, apaiza kargutik kendu du Marc Aillet Baionako apezpikuak.
Salaketa jarri ondoren, gazteak Ailletengana jo zuen, apezpikuak berak Sud Ouest kazetari berretsi dionez: «Prokuradorearekin harremanetan jarri nintzen berehala, gure protokoloak adierazten duenez». Horrez gain, apaiza jendaurreko funtzioetatik kendu zuen, «zuhurtziaz», baina gogora ekarri du errugabetasun presuntzioak babesten duela; izan ere, fiskalaren aurrean egindako adierazpenetan, apaizak ukatu egin ditu akusazioak.
EITBren arabera, apaiza atxilotuta dago, epaiketaren eguna ezartzeko zain.