«Bestetara sartzeko eskumuturrekoen prezioa goratu dute segurtasunerako, eta horren parean zer?»

Bukatu dira Baionako bestak. Iaz, Patrice Lanies erail zuten, eta, aurten, berriz, pertsona bat hilzorian dago. Elodie Lasseguette ere jipoitua izan da, beste jipoi bat gelditu nahian ari zelarik, eta gogor kritikatu du Baionako besten eredua.

Baiona - elkarretaratzea
Iazko Baionako bestetako bortizkeriaren kontrako elkarretaratzea. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Baionako besten bosgarren eta azken egunean, igandean, Elodie Lasseguettek behin-behineko hiru argitalpen zabaldu zituen Instagramen. Lehena: testu bat Baiona eta haren besta eredua kritikatzen zuena, eta, ondoan, Lasseguetteren beraren begitartearen argazki bat, begia ubel eta hanpaturik. Bigarrena: «Kasu! Baliteke datorren argitalpenak zenbait jende mintzea, bortizkeriagatik. Dei egiten diet 2024ko uztailaren 13an Baionako bestetan San Andres plazan egin zidaten erasoa ikusi zutenei». Hirugarrena: bideo bat, harrabotsa, jendea zuriz eta gorriz jantzirik, neska bat borroka batera hurbiltzen hura geldiarazteko asmoz, eta sekulako kolpea.

Bortizkeriarena ez da arazo berria Baionako bestetan, baina hain zaharra ere ez da, eta egoera txartuz doa. Azken urteetan sekulako jende saldoa bildu izan da Lapurdiko hiriburuan besten garaian, ohi baino gehiago, eta, hainbat arazo eragin ditu horrek, tartean bortizkeria. Joan den urtean ezbehar larri bat gertatu zen: Patrice Lanies jipoitu eta erail zuten. Aurten hari omenaldia eginez abiatu zituzten bestak, asteazkenean, eta, egun baten buruan, pertsona bat hil ala bizi zen jada. Zenbait egun berantago, Elodie Lasseguettek ere eraso bat jasan zuen, eta BERRIAri kontatu dio.

Jipoi batez bi

Baionesa da Lasseguette, 25 urte ditu, eta sortu denetik sekula ez ditu Baionako bestak huts egin. Larunbatean, lagunekin karrika zeharkatzen ari zela San Andres plazako beste aldera buruz, gizon bat ikusi zuen lurrean, eta beste batzuk haren jotzen, berriz jotzen. «Ez zen mugitzen». Eta erran du: «Usaian ez naiz geratzen, ene bidea jarraikitzen dut, baina ez zen borroka bat: hil arte ari ziren haren jotzen». Orduan, ttanttarekin zen Lasseguette, eta biek ber erreakzioa ukan dutela azaldu du: «Joan behar genuen, eta erran gelditzeko, hilko zutela. Gero, deus ez, ez naiz oroitzen». Bideoen laguntzaz ulertu du orduan eman ziotela muturrekoa. «Lurrean egon naiz hamabost bat minutuz, konorterik gabe. Ttantta gibelera bultzatu dute, eta ukondoa hautsi du erortzean».

Igandeaz geroztik, lortu du jipoitzen ari ziren gizonaren hurbileko batekin harremanetan sartzen, eta ez dago biziki gaizki, kontatu duenez. Lassaguetteren erranetan, erasotzaileen talde hori gaualdi osoan ibilia zen Baionan gaindi, ostatuz ostatu jendeari mehatxuka, nork erantzunen zien zain, borrokan hasteko. «Horretarako baizik ez ziren jinak. Nik hiru ikusi ditut gizona jotzen lurrean, baina bideoetan lauzpabost agertzen dira. Eta, ene mutil laguna horien gibeletik joan zen erasoaren ondotik: zortzi bat zirela ikusi zuen. Denak gizonak». 

Kolpearen ondotik iratzarri zenean, sorosleengana joan zen Lasseguette, lagunekin, eta erran zioten biharamunean joateko ospitalera. Atzo egin zioten eskanerra, eta ezer ez du hautsirik; uspel anitz ditu, ordea, begitartea hanpaturik eta begia pixka bat deformaturik. Atzo arratsaldean jarri zuen salaketa komisarian, eta egun joanen da berriz, elementu nahikoa ekarriko dielakoan poliziei, erasoaren bideoa kalitate hobean eskuratu baitu.

Neurrigabeko eredu bat

«Pertsona bat bada hilzorian, bortxaketak izan dira... ez dut ulertzen», deitoratu du. Eta Baionako besten inguruan aritu da sakonago: «Bestetara sartzeko eskumuturrekoen prezioa goratu dute segurtasunerako, eta horren parean zer? Filtrorik ez da. Larunbatean segurtasuneko hiru gizon jin zaizkigu: bat enekin egon da, eta beste biak erasotzaileengana joan. Baina zer uste zuten eginen zutela? Parean zortzi baziren, berdin... ». Erran du erasoaren bideoa publikatu ondotik iritzi bereko mezu anitz jaso zituela, eta horien artean baionesenak ere bai. Nazkatuak dira. «Ulertezina da. Asteazkenean auzapezak omenaldia egin zion Patrice Laniesi, baina, azkenean, gauzak ez dira mugitu. A, bai! Eskumuturrekoa hiru euro gehiago kostatu da».

Bide beretik zihoan, hain zuzen, igandean —erasoaren biharamunean— behin-behineko argitalpenetan idatzi zuen testua: «Baiona! Zure buruaz harro zara, agian; harro ikusirik zenbat sos biltzen duzun eta zenbat balio galtzen dituzun. [...] Ezin genezake onartu guk, zure haurrek, halako erasoak jasatea zure famaren plazer hutserako bakarrik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.