Baimenik ez irteerarako

Etxerat-ek dio Madril trabak jartzen ari dela gradu progresioan eta irteera egunak ematean

Etxerat elkarteko kideak eta abokatuak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
EPPK-ko kideen bi heren ari dira Espainiako Estatuan ibilbide juridikoa egiten «kaleratze» prozesurako, baina Madrilek «oztopoak» jartzen dizkiela salatu du Etxerat euskal presoen eta iheslarien senideen elkarteak. Bi dira eragozpen nagusietakoak: batetik, bigarren graduan dauden presoei ukatu egiten dizkiete egun batzuetarako irteera baimenak; bestetik, EPPK-ko kideen %80 lehen graduan dituzte, eta, hala, eragotzi egiten diete legedia jarraitzea. Etxerat-ek eta EPPK-koen abokatuek salatu dute Madrilek «salbuespen neurriak» ezartzen segitzen duela, eta eskatu diote «indarrean dagoen legedi arrunta» erabiltzeko.

Barne eztabaida baten ostean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak duela bi urteko uztailean iragarri zuen hala nahi zuten kideek ibilbide juridikoa hasiko zutela, eta Onintza Ostolaza eta Iñaki Zugadi abokatuek jakinarazi dute 2017ko udazkenetik hona Espainiako Estatuan kolektiboko %66k (142 presok) ekin diotela bide horri: gradu egoerari helegiteak aurkezten, espetxeko lanak hartzen edota baimenak eskatzen, betiere norberaren «askatasuna» lortzeari begira. Iazko ekainera arte Espainiako Gobernuan PP zegoen, eta harekin ez zen aurrerapausorik eman. Azkeneko urtean, PSOEren gobernuarekin, batzuk bai: 30na inguru hurbilketa eta bigarren gradu, irteera baimen batzuk... Ostolazaren iritziz, urriak izan dira pausoak: «PSOEren gobernuak duela urtebete asmo onen berri eman, eta salbuespenezko espetxe politika eta urrunketa amaituko zituela esan zuen arren, urratsak oso eskasak izan dira».

Kolektiboko beste heren bat «arrazoi» batzuengatik ez da sartu bide juridikoan, abokatuen esanetan: oso urruneko kartzeletan daudenez —erdiak, Euskal Herritik 600-1.100 kilometrora— eta tratamendu batzordeen jarrera «erasokorra» denez, abokatuen eta preso haien arteko harremana «zaildu» egiten da.

Egun, EPPK-ko 43 kide daude bigarren graduan Espainiako Estatuan, baina haietako denak ez dauzkate Euskal Herritik gertu. Gradu horretan diren presoen artetik, iaz lauk jaso zuten irteeretarako baimenik, baina egun kartzelan daudenen artetik bakarrak lortu du: Gorka Frailek, berriki, bere espetxeak emanda. Besteak ere ari dira eskatzen, baina ezezkoa da erantzuna, Ostolazak esan duenez. «Tratamendu batzordeek, Espetxe Zaintzak eta Auzitegi Nazionaleko 1. atalak irteera baimenak ukatu dituzte. Bereziki salatu nahi dugun kontua da: legezko baldintza guztiak beteta izan arren —kondenaren laurdenabeteta izatea eta bigarren graduan egotea—, sistematikoki ukatzen ari dira baimenak». Sebas Etxaniz 75 urte dituen euskal presoari hamabi aldiz eman diote ezezkoa.

Hirugarren gradura pasatzeko, eta ondoren han baldintzapeko askatasuna eskatu ahal izateko, aurrez irteera baimenak lortuta izatea exijitzen du Madrilek, eta, beraz, presoen abokatuek egoera hori ere amaitzeko eskatu dute.

Aurreneko gradutik bigarrengora pasatzeko ere «eragozpenak» jartzen ari da estatua, Zugadi abokatuaren hitzetan. «Kolektiboko preso denek betetzen dituzte baldintzak lehen gradutik bigarrengora pasatzeko».

Oztoporik ez jartzeko deia

Etxerat-eko ordezkarien iritziz, EPPK-ko kideen apustua garrantzitsua izaten ari da, eta Espainiari jarrera aldatzeko galdegin dio Urtzi Errazkin elkarteko bozeramaileak: «Onartezina da oraindik indarrean egotea salbuespeneko espetxe politika, sakabanaketa eta urruntzea. Gobernuari eskatzen diogu presoei ez jartzeko inongo trabarik bide juridikoa egiteko».

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eskatu diote «politika antiterroristatik at» utzi dela kartzela politika, eta heltzeko, «ausardiaz», euskal presoei eskubideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.