Haur batentzat ez da berdin izan 2020ko abenduaren amaieran jaio, ala urtarril hasieran. Ez haurrarentzat, ezta haren aitentzat eta amentzat ere. Lau hilabeteko baimena dute Hego Euskal Herriko gurasoek, urtarrilaren lehenean Espainiako Gobernuak indarrean jarri baitzuen guraso baimenak parekatzeko neurria: hamasei asteko epealdia haurra zaintzeko, %100 ordaindua, eta besterenezina. Alegia, jaioberriak bi guraso baditu, biek dituzte hamaseina aste, baina ezin dira eskualdatu. Urteak dira eskaera hori mahai gainean dagoela, eta 2007an Espainiako Berdintasun Legea onartu zenetik, apurka-apurka joan da epealdi hori luzatzen. Edonola ere, orain arte ez da halako baimenik arautu, eta, gainera, neurria, besteak beste, aitak haurren zaintzan inplikatzeko hartu da. Legeak, ordea, eztabaida piztu du. Horri buruz aritu dira BERRIA FM podcast saioan Eduardo Portillo Najera berdintasun teknikaria (Gasteiz, 1970) eta June Fernandez kazetaria (Bilbo, 1984).
«Larria da esatea oporraldi bat izango dela aitentzat», esanaz hasi du solasaldia Portillok. Sare sozialetan hedatu diren kritikez ari da: zenbait sektorek ohartarazi dute gizonezkoek «borrokatu» gabe jaso dutela baimena, eta egun horiek haurraren zaintzarako edukitzeak ez duela bermatzen horretan jardungo direnik.
Portillok aitortu du gizonezkoekoro har ez dutela beren gain hartu umeen zaintzaren eta etxeko lanen ardura, baina baimen berriarekin gehiago inplikatuko direla uste du. Batetik, orain arte berariazko baimenei dagokienez aukerarik eduki ez dutelako, eta, bestetik, orain zaintzaren «gozamena eta lana» ezagutuko dutelako. PPiiNA plataformako bazkide da Portillo, hain justu, 2005etik gurasotasun baimen besterenezinak eskatzen aritu den guraso eta eragile sarekoa.
Indarrean den lege berriak hautsi egin du aiten eta amen baimen diferenteekin, eta gurasoentzako baimenak arautzen ditu. Hori «pozgarria» dela dio Fernandezek, are gehiago gizonezkoek zaintzan eta etxeko lanetan inplikatzeko balio badu. Baina kezka du besterenezintasunarekin: haren ustez, amek beharko lukete denbora gehiago jaio berriarekin; besteak beste, edoskitzeko.
Besterenezintasuna auzitan
Petra amatasun feministen inguruko elkartearen ikuspegia mahaigaineratu du Fernandezek. Talde horren ustez, garrantzitsua da amek erabakitzea nola kudeatu nahi duten beren haurraren zaintza, eta horregatik kritikatu dute besterenezintasuna.
Izatez, lege berrian jasotzen da lehen sei asteak umea jaio eta berehala hartu behar dituztela gurasoek, eta gainontzeko hamar asteak nahi eta ahal duten moduan, betiere urtebeteko epean. Portillok azpimarratu du edoskitzeko izan ezik gainontzeko zaintza lanetarako gaitasuna badutela gizonek ere, eta, beraz, bere ustez arazoa ez da besterenezintasuna, amek haurrari titia emateko duten epealdi laburra baizik. Horretarako, proposatu du amatasun baimena luzatzea.
Europara begira jarri da Fernandez, eta nabarmendu du hainbat herrialdetan lehentasuna izan dela amatasun baimenak luzatzea eta baldintzak hobetzea. «Espainian, ordea, lehentasuna aiten baimena da. Horrek eredu jakin bat inposatzen du: atxikimenduzko hasiera oztopatzen du. Amak hamasei aste bakarrik baditu, zaila da bularra ematea edota atxikimendu hori izatea». Kontraesan handia dela dio: «Osakidetzan esaten dizute haurrak sei hilabetez hartu behar duela esnea. Ondorioz, ia denok hartu behar dugu eszedentzia, eta, beraz, ez dugu diskriminazioa amaitzen, eta, gainera, geure burua pobretzen dugu».
Ika-mika sortu duen beste kontu bat izan da baliabide sozioekonomikoena. Legeak jasotzen du %100 ordaindua izango dela baimena, bai, baina norbere lanpostuarekin dago lotuta jasoko den diru kopurua. PPiiNaren ala Petraren alde lerratu, auzi horretan feminista guztiek bat egitea nahi luke Fernandezek: «Planteamendua kapitalismoarekin oso lotuta dago. Egoera sozioekonomiko pribilegiatuan daudenek dute baimena». Portillok ere ohartarazi du hutsuneaz: «Kapitalismoan bizi gara, eta heteropatriarkatuan gaude; beraz, dirua eta androzentrismoa dira indarrean. Kritikagarria da».
Bikote heterosexualentzat
Bat egin dute beste kontu batean ere. Gurasotasun baimenek garrantzia hartu dute batik bat amez eta aitez osatutako familietan, eta horrek indartu egin du familia heterosexualen iruditeria. Askotariko sendiak daude orain, ordea, eta horientzat ere legezko aterpe bat eskatu dute biek. Hala adierazi du Portillok: «Sistema bitarraren ondorio da hori, eta jabetu behar dugu askotariko familiak daudela. Horiek eskubide berak eduki behar dituzte. Hau da, ume baten kargu bi pertsona egiten badira, biek eduki behar dute baimena, beren sexu-generoak aintzat hartu gabe».
Harago jo du Fernandezek: «Frustragarria da ama bakarren diskriminazioa. Umeak bi guraso baditu, 32 asteko zaintza izango du alboan. Ama bakarra izanda, ordea, hamasei asteren buruan amaitu da baimena».
Legeak, beraz, hutsune batzuk badituela aitortu dute biek, nahiz eta gaiari buruz daukaten ikuspegia desberdina izan. Halere, hainbeste urtez borrokan jardun ostean, honela esan du Portillok: «Bidea dago egiteko, baina aitek eta bigarren gurasoek pozik egon behar dute lortutakoarekin».
Baimenak: erdibituta ongi, ala erdibidean?
Urtarrilaren lehenetik, bi gurasoen baimena hamasei astekoa da Hego Euskal Herrian. Erabat ordaindua eta besterenezina da, baina norbere soldataren araberako dirua jasotzen da, eta zenbait kolektibok auzitan jarri dute besterenezintasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu