Seme-alabak jaiotzean edo adopzioan hartzean, amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko eskatu dute hamabi familiak. Gizarte Segurantza salatu dute, «gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna bultzatzen duen erakunde bat delako». PPIINA Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezien Aldeko Plataformak Bizkaian duen ordezkaria da Celia Heras, eta azaldu duenez, «gizonek eta emakumeek baimen berdinak ez izateak bien arteko ezberdintasunak bultzatzen ditu lan arloan eta gizartean». Elkartearen babesarekin jarri dute salaketa hamabi familiek.
2004an sortu zuten baimen parekideen aldeko elkartea, eta ordutik dihardute baimenak parekatzearen aldeko lanean. «Emaitzarik, ordea, ez da iristen ari». 2012an lege proposamen bat aurkeztu zuen elkarteak Espainiako Kongresuan. «Alderdi guztiak ados agertu ziren, gure eskariak 2006ko Europako berdintasun eskubiderako hitzarmenak jasotzen dituen ideiak biltzen baititu. Guretzat garrantzitsua izan zen denak ados agertzea, eta ez dugu ulertzen zergatik oraindik ez duten ezer egin». Espainiako Gobernuaren erantzunik ez dute.Podemosek, IUk eta PSOEk abenduko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen programan jaso zuten aitatasun eta amatasun baimenak parekatzea, baina PSOEk Ciudadanosekin hitzartutako akordiora ez zuten proposamena bere horretan eraman. Baimenak 18 astera luzatzea adostu zuten, baina transferitzeko aukerarekin. PPIINArentzat, «proposamen faltsua» da: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aurkakoa da, baimena emakumeak hartuko duelako kasurik gehienetan».
Eskariak gobernuei
Protestei salaketak gehitu dizkiete orain. Tafallako (Nafarroa) David Cabrero izan da Gizarte Segurantza salatu dutenetako bat. «Nik ere alabarekin egoteko eskubidea dut, hura zaintzekoa, eta Gizarte Segurantzak nire eskubideen kontra egiten du». Hirugarren adinekoen zentro bateko zuzendaria da Cabrero, eta, iazko opor egunak gordeta, hilabete egin du etxean, alabarekin eta bikotekidearekin. «Eskubidez dagozkidan opor egunak gorde behar izan ditut alaba zaintzeko, legez dagozkidan hamabost egunekin ez baikinen moldatzen».
Gurasotasun baimenak parekatzeko, Eusko Jaurlaritzak probako egitasmo bat abiatzea proposatu zuen EH Bilduk otsailean Eusko Legebiltzarrean. EAJk, PPk eta UPDk baztertu egin zuten eskaria, eta legez besteko proposamen bat onartu zuten, bi eskari egiteko: batetik, Espainiako Gobernuari «erreforma integrala» galdegin zioten, haren eskumena delako; bestetik, Eusko Jaurlaritzari bere eskumen esparruan dauden neurriak indartu ditzala. «Jaurlaritzak dagoeneko esan du gure proposamena ez dela ekonomikoki bideragarria, baina kostua kalkulatzeko aukera ere ez du aintzat hartu. Ez du uste gizartearentzat onuragarria denik, eta diruaren aitzakia jarri du», dio Herasek.
PPIINA elkarteak kalkulatu du, «gutxi gorabehera», zein kostu izango lukeen gurasotasun baimenak parekatzeak: «Aste bakoitzeko ehun milioi euro». Herasen ustetan, «ez da ezer» kopuru hori. «Gauza batzuetarako badago horrenbeste diru edo gehiago, baina baimenak parekatzea lortuko balitz, sistema patriarkalak urrats bat atzera egingo luke, eta hori ez dute nahi. Ez dute ikusi nahi proposamena ona dela gizarte osoarentzat».
«Bidegabekeria» da
Cabrerok ere ez du esperientzia ona izan administrazioarekin: «Baimena eskatzera joan nintzenean, oharretan eskakizun bat egin nahi nuela esan nion bertako langileari, eta jarrera oso oldarkorrarekin erantzun zidan. Hamabost egun zegozkidala, eta gehiago ez eskatzeko iradoki zidan». Nafarroako Gizarte Segurantzatik jasotako erantzuna ere «esperotakoa» izan zen: «Ez zegokidan hamasei asteko baimenik. Hala ere, uste baino gehiago izan da, erantzun bat, behintzat, jaso dudalako. Madrilgo lagunek, hori ere ez».
Nafarraren ustez, «bidegabekeria bat eta berdintasunaren aurkakoa da gaur egun aitatasun baimena. Ezberdintasunak areagotzen ditu, umearen zaintza eta ardura osoa emakumearen gain geratzen delako». Herasentzat, gizarte patriarkalaren beste adar bat da baimenen auzia. «Gizartea ez bada aldatzen, sistema ere ez, eta gure proposamenak ez du aurrera egingo».
Baimenak, denentzat berdin
Gizarte Segurantza salatu dute hamabi familiak, «emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna bultzatzen duelako». Gurasotasun baimenak parekatzea eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu