Ez da gauza berria, baina areagotzen ari da: Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala eta1. zigor sala gibelera botatzen ari dira euskal presoei aurrez euren espetxeetako tratamendu batzordeek onarturiko baimenak eta hirugarren graduak. Foro Sozial Iraunkorrak lehendik salatua zuen espetxe politikaren «inboluzioa», baina datu zehatzak, azalpenak eta izen-abizenak jarri dizkio arazoari, atzo goizean Bilbon foroaren Behatokiak aurkezturiko bosgarren txosten monografikoan. «Presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzearekin batera enkistatzen ari diren jarreretako bat da», azaldu du foroak.
Iazko otsailetik, euskal presoei emandako 76 baimen gibelera bota ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Prozedura antzekoa da ia beti: espetxeko tratamendu batzordeak preso baten balorazio ona egiten duen txosten bat idazten du, eta, horrekin, presoarentzako irteera baimena eskatzen du; baina, ondotik, auzitegiak gibelera botatzen du baimen hori, fiskalak helegitea jarrita, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak diligentzia gehiago eskatuta ala ondotik Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Salak hala aginduta —antzekoa gertatzen da hirugarren graduekin ere—. Emaitza beti da bera: presoek, bigarren graduan egon arren eta zigorraren laurdena betea izan arren —horiek dira baimenak lortzeko baldintza nagusiak— ezin dute eskuratu egun bateko edo batzuetako irteera baimenik.
Aldi oro, bertsua da arrazoiketa: presoari leporatzen diote ez duela espresuki «barkamena» eskatu, edo erraten diote ez duela erakutsi «zinezko damurik» egin duen delituagatik. Epaileek eta fiskalek Espainiako Espetxe Lege Organikoko 72.6 artikuluan oinarrituta argudiatzen dute hori —artikuluak zehazten du «helburu terroristak utzi izana» frogatu behar duela presoak—. Foro Sozial Iraunkorrak salatu du, ordea, artikulu hori hirugarren graduari buruzkoa dela, eta ez irteera baimenen ingurukoa. Halaber, uste du Auzitegi Nazionalak artikulu horren interpretazio «oso zorrotza» egiten duela: «Eskakizun literala, alegia, helburu eta bitarteko terroristak utzi izanarena, honako exijentzietara itzultzen dute: edo egindako jarduera edo ekintzen arbuioarenera, edo, bereziki, biktimei barkamena espresuki eskatzearenera».
Foroak salatu du epai horien ondorioa presoek eurek eta senideek pairatzen dutela, eta datuek hala diote: egun bigarren graduan dauden zortzi euskal presok baino ez dituzte irteera baimenak, nahiz eta anitzez gehiagok betetzen dituzten horiek eskuratzeko baldintzak. Izan ere, bigarren graduan sailkatuta daude Espainiako Estatuan dauden euskal preso gehienak: %90 —bertzeak hirugarren graduan daude—. Hona, atalez atal, Behatokiaren bosgarren txosteneko hainbat xehetasun:
ZENBAT PRESO
%80ri gibelera
Foro Sozialak emandako datuaren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak 76 baimen bota ditu gibelera azken urtean. Baimenak eskatu dituzten euskal presoak, ordea, gehiago dira. Izan ere, anitz dira auzitegira ailegatu aitzin ukatutako baimenak: Behatokiaren txostenak dio tratamendu batzordeek eurek ukatu dituztela 150 baimen baino gehiago.
76 horiek, beraz, tratamendu batzordearen langa gainditu bai baina hurrengoetan aitzinera egin ezin izan dutenak dira. Foroak salatu du espetxe guti ari direla euskal presoei baimenak ematen, izan ere: modu «konstante eta normalizatuan», soilik lau.«EAEtik kanpoko espetxe gehienetan barneratua dute ez dagokiela haiei pertsona horiekin tratamendurik egitea, ulertzen dutelako preso horiek pasaeran daudela, nahiz eta horietako batzuek urte bat baino gehiago daramaten han», azaldu du foroak.
Espainiako Auzitegi Nazionalak gibelera botatako 76 baimenetatik anitz, bertzalde, preso berei dagozkie. Txostenaren arabera, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak zehazki 31 presori bota dizkie atzera lehendik tratamendu batzordeek onarturiko baimenak; eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Salak, berriz, bertze seiri. Guztira 37 presori errefusatu dizkiete baimenak, beraz: hots, tratamendu batzordeen aldeko jarrera jaso duten presoen %80ri, guti goiti-beheiti. Preso horietako batzuei lau aldiz bota dizkiete gibelera espetxearen proposamenak.
PROZEDURAK
Fiskaltzaren tema
Prozedurak antzekoak izan ohi dira, baina ezberdinak. Eta Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi du fiskaltza dela ezezkoan gehien tematzen dena: «Tratamendu batzordeak baimenaren alde egin duen kasu bakar batean ere ez da hasieratik aldekoa izan fiskaltzaren jarrera». Hala, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimenaren alde egindakoetan ere jarri izan ditu helegiteak; eta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Salak, gehienetan, gibelera botatzen ditu horiek.
Izan dira salbuespenak, halere. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimenak gibelera botata, defentsaren abokatuek helegitea jarri ohi dute, eta, horietako kasu batean, 1. zigor salak baimenaren alde egin du aurten —preso horrek aurtengo maiatzean bukatuko du 30 urteko zigorra, foroak zehaztu duenez—. Bertze bitan, berriz, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onarturiko baimenek aitzinera egitearen alde agertu da Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Sala, fiskaltzari aurka eginda. Salbuespenak dira, ordea.
LEGEEN INTERPRETAZIOA
Tratamenduaren aurka
Foroak salatu du «nabariki ideologikoa» dela Auzitegi Nazionaleko magistratuek egiten duten legearen interpretazioa. Are, gaitzetsi du Zigor Zuzenbidea Espetxe Zuzenbidea «inbaditzen» ari dela, eta epaile eta fiskalen txostenek anitzetan «alde batera uzten» dituztela espetxeek egindako txostenak. Foroaren hitzetan, fiskaltzak «ukatu» egiten du tratamendua «espetxe legediko funtsezko oinarria» dela.
Kontrara, foroak uste du Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta fiskaltzak «sinplifikatu» egiten dituztela erabakiak, presoari «barkamena» eskatzea galdeginda, eta, maiz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Salaren irizpideari segituta. Preso batzuei, are, «blokean» erantzuten diete, denbora anitz ematen baitute baimen eskaerei erantzuteko: «Ez dute eskaera bat bera ere modu berezituan aztertzen, eta guztiak ukatzen dituzte, kolpean». Txostenean gaitzetsi dute, gainera, defentsari prozeduraren berri eman gabe ere hartzen dituztela erabakiak, «askotan».
Baimenak «barkamen» truke
Foro Sozialak salatu du Auzitegi Nazionalak euskal presoen 76 baimen gibelera bota dituela, damurik eza argudiatuta. Tratamendu batzordeek onetsiak zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu