Espainiako Bioetika Batzordeak hitz egin du, eta Espainiako Osasun Ministerioak asteon egindako proposamena babestu du, loteslea ez den epai baten bidez: AstraZenecaren lehen dosia hartutako 60 urtetik beherakoek bigarrenean ere txerto bera har dezakete, Espainiako Gobernuak Pfizerrena hobetsi arren. Eusko Jaurlaritzak jakinarazia du datorren astean hasiko direla Pfizerrena hartuko dutenei ordua ematen: AstraZenecarena nahi dutenak, berriz, beste agenda batean sartuko dituzte, txertoak eskuragarri daudenean deitzeko. Berriz txerto bera nahi dutenek Espainiako Bioetika Batzordeak prestatutako baimen informatu bat sinatu beharko dute, txertoaren arriskuak ezagutzen dituztela ziurtatzeko.
Irtenbide horren kontrako ahotsak ugariak izan dira. Eta izan ditzakeen arriskuez ohartarazteko abisuak ere bai; Eusko Jaurlaritzako Zaintza Epidemiologikoko eta Txertoen Zerbitzuko buru Jose Mari Arteagagotiak atzo esan zuen erabaki hori ez dela «egokiena», eta hautatzeko aukera emateak «asko zailduko» duela txertaketa plana. Gogorarazi zuen txerto biak «seguruak» direla, eta EMA Sendagaien Europako Agentziak AstraZenecaren bi dosiak jartzea «babesten» duela. Hain zuzen ere, bigarren dosia lehenengoaren bera ematearen alde azaldu zen, aukera hori «segurua eta eraginkorra» dela iritzita. Bioetikako eta osasun arloko zenbait aditu ere aurka azaldu dira: behar besteko ezagutzarik gabe hautu zientifiko bat egitearen arriskuaz ohartarazi dute.
Lau hilabete
Lau hilabete pasatu dira AstraZenecaren lehen dosiak Hego Euskal Herrian jartzen hasi zirenetik. Zehazki, otsailaren 9an hasi zirenlehen lerroan ez dauden osasungileak eta sektore horretan ez diharduten funtsezko langileak AstraZeneca etxeak egindako txertoarekin txertatzen.Botika etxeak berak jarritako argibideei jarraituz, bi hilabete eta erdi itxaron beharko zuten pertsona horiek bigarren dosia hartzeko.
Denbora tarte hori luzatu egin da, ordea, txertoaren ondoriozko odolbildu kasuei buruzko albisteek sortutako harrabotsaren ondorioz. Hain zuzen ere, apiril hasieran bertan baieztatu zuen EMAk tronbosi horien eta txertoaren artean lotura bazegoela. Azpimarratu zuen, hala ere, «oso urrunekoa» zela, eta txertoa «segurua» zela. Era berean, txertaketa plangintzekinjarraitzera gonbidatu zituen Europako gobernuak. Baina, ordurako, Europako estatu askok bertan behera utziak zituzten AstraZenecarekin txertatzeko prozedurak, eta hautu bera egin zuen Espainiako Gobernuak ere.
Horiek horrela, bi bide zabaldu ziren bigarren dosiaren faltan zeudenentzat. Hainbat herrialdek txertaketa AstraZenecarekin osatzea erabaki zuten, eta beste batzuek, hautu misto bat egitea.Frantziako Gobernuak, esaterako, erabaki zuen egoera horretan dauden 55 urtetik beherakoak Pfizerren txertoarekin txertatzea bigarren dosian. Espainiako Gobernua Karlos III.a institutuak abiatutako ikerketa baten emaitzen zain geratu zen: 600 boluntario Pfizerrekin txertatzeak izango zituen ondorioei begira jardun dute. Aste honetan jakin dira emaitzak, hautu misto horren aldekoak, eta,hain zuzen ere, ikerketaren emaitzak atera artean ez dute erabakirik hartu, horrek txertoa jartzeko aurreikusitako epea lau astez atzeratzea ekarri badu ere askorentzat.
Ikerketa horrek ondorioztatu du bi txertoak uztartzeak erantzun immunitarioa «era seguruan» hobetzen duela, hau da, ondorio txarrak ugaritu gabe.
Koronabirusa
Baimen bat bete behar da bigarren dosian ere AstraZeneca hartzeko
Espainiako Bioetika Batzordeak bat egin du Osasun Ministerioak plazaratutako proposamenarekin. Jaurlaritzak dio datorren astean hasiko dela orduak ematen Pfizerrena nahi dutenentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu