Baikara-k eskatu du 3 urteko haurrentzako ikaspostuen erdiak behintzat publikoak izatea herri guztietan

Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteak eta hainbat eskola publikotako ordezkariek salatu dute itunpeko ikastetxeen «gehiegizko eskaintza» dagoela eta horrek bide ematen diola segregazioari.

Baikarako eta Gipuzkoako hainbat eskolatako ordezkariak, gaur, Gipuzkoan. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 29a
12:38
Entzun

Baikara Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteen federazioak eta lurraldeko hamar herritako eskolen ordezkariek Gipuzkoako ikaspostuen eskaintza salatu dute. Donostian egindako agerraldi batean Usoa Urbieta Baikara-ko koordinatzaileak eta Idurre Lizarralde Orioko Zaragueta eskolako guraso elkarteko idazkariak azaldu dutenez,Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain zehaztu behar du datozen sei urteetarako itunpeko ikastetxeen eskaintza. Hori horrela, eskaera argiak egin dizkiote: 3 urteko haurrentzat herri bakoitzean eskaintzen diren ikaspostuen erdiak behintzat eskola publikoetan eskaintzea eta ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzea.

Izan ere, gaur egungo egoera bestelakoa dela salatu du Urbietak. Esanak berresteko, datuak eman ditu 2022-2023rako 3 urteko haurrentzat herri batzuetan egindako eskaintzaren inguruan: Andoainen, itunpekoek eskaini dituzte tokien %85; Tolosan, %79; Arrasaten, Bergaran, Legazpin, Oñatin, Orion, Urretxun, Zumarragan eta Villabonan, %68; Zarautzen, %66; eta Elgoibarren, %62. Donostian eskola publikoen eskaintza %40 ingurukoa izan dela esan dute.

Banaketa horrek «alarma guztiak» piztu dizkietela nabarmendu du Urbietak: «Jaiotze tasa nabarmen jaitsi den arren, itunpeko ikastetxeetan ia aldaketarik gabe mantendu da aurreko etapako ikaspostuen eskaintza». Eta horrek zer eragin dezakeen ohartarazi du: «Gehiegizko eskaintza egiteaz eta diru publikoaren gastua igotzeaz gain, segregazioa areagotzen du». Koordinatzailearen esanetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua jakitun dago zein den Gipuzkoako ikastetxeen egoera, eta badaki zenbatekoa den ikastetxeen arteko «desoreka eta segregazio maila», baina ez diote sumatu egoerari aurre egiteko asmorik, «eskolatzeko desoreka betikotu egiten baita hartutako neurriekin».

Baikara-ren irudiko, datozen sei urteetarako plangintzak errealitate demografikoari eta atzerriko ikasleen «beharrezko integrazioari» erantzun beharko lioke, «eskolatzeko orekatua bermatzeko». Horretarako, uste dute «ezinbestekoa» dela 3 urteko haurrentzat udalerri bakoitzean eskaintzen diren lekuen %50 gutxienez eskola publikoetan eskaintzea. Hezkuntza sailburuari ere egin diote eskaria: «Gipuzkoako eskola publikoen eskola komunitateek dagokien autonomiaz adostu duten eskariari erantzutea, eta eskatutako ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.