Ekologia eta arlo soziala uztartu, eta ikuspegi ekosozialista landu nahi du EH Baik, «kapitalismoaren alternatiba» bat proposatzeko Ipar Euskal Herrian. Ekitaldia egin dute ezkerreko abertzaleek Baionako Larbeou jauregian, azken hilabeteetan ondu dituzten programa politikoa eta autonomia estatutua aurkezteko. Mathilde Hary EH Baiko bozeramaleak eta Txomin Casteigts koordinatzaile orokorrak aurkeztu dituzte proposamenak. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Arnaldo Otegik ere hitza hartu du, Euskal Herri osoko erronka eta EH Bairen eta EH Bilduren arteko elkarlanaren garrantzia adierazteko.
Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariek eta hainbat hautetsik parte hartu dute EH Bairen ekitaldian, proposamenak lehen eskutik jasotzeko.
Nazioartean gailendu den krisi testuinguruaren aitzinean, adierazi dute soluzioak «euskal eskalatik» etorri behar direla. EH Baik argi du Euskal Herriak erakutsi duela zenbait gaitan ez duela «bat egiten Parisen hartzen diren erabakiekin». Horregatik, adierazi dute bestelako etapa instituzional bat hasi eta garatu behar dela, «ahalik eta burujabetza mailarik handiena» lortzeko anbizioarekin. «Euskal Herriak bere burua gobernatu» nahi duela aldarrikatu dute: «Gure helburua Euskal Herriaren emantzipazioa da».
EH Baik uste du Ipar Euskal Herriak bere eredu ekonomikoa birbideratu behar duela, eta ondasun materialak eta zerbitzuak ekoiztu behar dituela, biztanleriaren egiazko beharrei erantzuteko. Politika publikoak «beste molde batez» kudeatzeko borondatea ere agertu dute, herritarrak ekonomia eta gizarte hautuetan inplikatuz. «Gure proiektu abertzale, ezkertiar, ekologista eta feminista egungo beharrei eta erronkei erantzuteko alternatiba sendo bat da, behetik gorakoa, herrian sustraitua eta herriarentzat pentsatua».
1
Eredu ekonomikoa
Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalea egituratu zenetik enpleguaren eta ekonomiaren arloan egindako lana goraipatu du EH Baik. «Abertzaleentzat, jarduera ekonomikoa lurraldean kokatzen da. Bere eragile guziekin eraikitzen eta gobernatzen da, denentzat onuragarri izateko helburuarekin». Ipar Euskal Herrian eragina izan dezaketen instituzio guziek eskaintzen dituzten tresnak baliatzeko borondatea agertu dute, baita berriak eraikitzeko lan egitea ere. «Duela hirurogei urte gure aitzinekoek egin bezala, gure garaiko erronkei aurre egin eta lurralde trantsizio proiektu zabal baten parte izanen den garapen ekonomikorako eredu bat eraiki behar dugu».
Euskal Hirigune Elkargoko ekonomia garapen eskeman kooperazioaren balioak eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen tresnak sustatzea proposatu du, eta erakunde publikoek enpresei ematen dizkieten laguntzak eta lan kontratuak, horiek dituzten irizpide sozialen arabera baldintzatuak izatea. Trantsizio ekologiko eta energetikoa gauzatzeko enpresei ematen zaizkien laguntza dispositiboak optimizatzea ere nahi du.
Horrez gain, Ipar Euskal Herri mailako estatistika zerbitzu publiko bat sortzea, eta lan hori Hego Euskal Herrian dituen baliokideekin artikulatzea proposatu dute, Gaindegiaren ereduari segituz.
2
Laborantza eta arrantza
EH Bairen iritziz, herri laborantza da Ipar Euskal Herriko laborantza eredu tradizionala, eta eredu horrek moduan emango du elikadura burujabetzara buruz aitzinatzeko, klimari eta biodibertsitateari lotuak diren erronkei erantzunez. Merkataritza libreko itunen kontra egin du, eta laborariak beren lanaz bizi ahal izateko neurriak eskatu ditu. Ezinbestekotzat jo du Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma egitea.
Lurren jabetzearen aurka borrokatzea proposatu du, tresna eta plan publiko ezberdinak erabiliz, eta Lurzaindiaren ekintza bideak indartuz. Lurrari buruzko araudiak aldatzea ere proposatu dute, SAFERek lehentasunez erosteko duen ahalmena indartzeko.
Horrez gain, beharrezkotzat jo dute elikadura ekoizpena begetalizatzea eta biztanleen kontsumo moldeek eboluzionatzeko lan egitea. Elikaduraren gizarte segurantza garatzea ere proposatu dute. Instantzia publiko bat sortu nahi dute laborantza eta elikadura politika finkatzeko.
Laborantzarentzat bezala, arrantza tradizionala sostengatzen du EH Baik, eta erran du lurralde mailan erabakitako arrantza politika bat behar dela.
3
Metamorfosia ekologikoa
Ingurumen arloko neurriei ere leku handia eman die EH Baik, eta helburu gisa ezarri ditu karbono neutraltasuna lortzea eta biodibertsitatea babestea. Erran dutenez, Euskal Elkargoak bozkatu zuen Klima Planaren helburuak hobetu behar dira, eta behatoki bat sortzea proposatu dute horren jarraipena egiteko. Diru laguntza publikoak baldintzatzeko gaitasuna ere izanen luke egitura horrek. Horrez gain, metamorfosi hori finantzatzeko erakunde bat sortzea ere nahi dute.
EH Baik «justifikaziorik ez duten proiektu handiak» errefusatzen ditu, horien artean AHT abiadura handiko trenaren proiektua. Horrez gain, autobidean merkantzia handiek sortzen duten kutsadura mugatzeko ekotasa bat ezartzeko legea aldatzea proposatu dute.
4
Arlo soziala
Langileen eskubideen defentsa eta ahulenen babesa «lehentasuna» dira EH Bairentzat. Bizi maila hobetzeko, gutxieneko lansaria 1.600 eurora emendatzea nahi dute, eta emazteen eta gizonen arteko lansari berdintasuna lortzea. Igandeetako lana arbuiatu du, eta adierazi dute segituko dutela erretretaren adina 60 urtean finkatzeko mobilizatzen. Pobreziaren kontrako neurriak ere eskatu dituzte.
Horrez gain, negoziazio kolektiboa Ipar Euskal Herrian egiteko egiturak sortzea proposatu dute.
Azkenik, Ipar Euskal Herriko instituzioak ekintza sozialerako eskumena izatea nahi dute, eta adinekoen zaintzari begirako egitura publiko bat sortzea ere proposatu dute.
5
Osasungintza
Ipar Euskal Herriko osasun publikoa egitura «bakar, koherente eta eraginkor» batek gidatu beharko luke, EH Bairen iritziz, eta beharrezkotzat jo dute erietxe publiko eta pribatuen artean arreta eskaintza egituratzea ere.
Haien ustez, sendagaien ekoizpenari eta osasun arloko ikerketari begira Euskal Herriak burujabetza beharko luke, eta hori defendatuko dute. Ildo horretan, formakuntzan indarra ezartzea nahi dute.
6
Lurra eta etxebizitza
Gaur egun etxebizitza eskubidea ez da bermatua Ipar Euskal Herrian; horregatik, higiezinen merkatua arautzea eta lurra babestea helburu gisa finkatu ditu EH Baik. Beharrezkotzat jo dute tentsio eremua hiru lurraldeetara zabaltzea, eta etxebizitzen prezioa mugatzea ere proposatu dute. Etxebizitza sozialak Ipar Euskal Herrian kudeatzea nahi dute.
Ondasun bat eskuratzeko gaitasuna mugatuko lukeen egoiliar estatutu bat plantan ezartzea nahiko luke EH Baik, eta bigarren etxebizitzen gaineko fiskalitatea azkarki emendatu behar dela ere iritzi dio.
7
Feminismoa
Gizartean desberdintasunak eta diskriminazioak sortzen dituen sistema heteropatriarkala salatu du EH Baik, eta emazteen eskubideez eta genero berdintasunaz arduratuko den zerbitzu publiko bat sortzea proposatu du, EAEn dagoena eredu gisa hartuta. Ipar Euskal Herrian Berdintasunerako Tokiko Plan bat osatzea proposatu du, genero ezberdintasunari buru egiteko helburu zehatzak finkatu eta urtero bilanak egiteari bide emango diona.
Horrez gain, indarkeria sexista bukatzeko diagnostiko bat egitea proposatu du, ondoren Ipar Euskal Herri mailako protokolo bat ezartzeko. Beharrezkotzat jo du ere mugimendu feministarekin batera sentsibilizazio kanpainak antolatzea.
8
Euskara
EH Bairen iritziz, euskal hiztunek frantses hiztunek dituzten hizkuntza eskubide berak izan behar dituzte, eta euskaraz bizi ahal izatea bermatu behar da. Euskararentzat ofizialtasuna aldarrikatu du, eta beste hizkuntza politika bat eskatu du, ondoko hogei urteetan euskal hiztunen kopurua %30era heltzeko anbizioarekin.
Hezkuntza arloan, murgiltze eredua orokortzea proposatu du. Helduak euskalduntzeko estrategia eta planifikazioa ere beharrezkotzat jo ditu.
Ipar Euskal Herriko funtzio publikoko langileen kontratazioan euskarari leku handiagoa egin, eta orain diren langileak euskalduntzeko plan estrategiko bat eskatu du.
9
Kultura
EH Bairen iritziz, euskal kultura minorizatua da, eta egoera zaurgarrian dago; hizkuntzaren normalizazioan kulturak duen rola baitezpadakoa azpimarratu du. Erran du kultur proiektu «azkar» bat garatu behar dela, hainbat erakundek dituzten eskumenak Ipar Euskal Herrira ekarrita. Honako ideia hauek proposatu ditu: kultur elkarte eta guneen azkartzea eta hedatzea lurraldean zehar, euskarazko tokiko sorkuntza sustatzea, herri kultura babestea, irakaskuntzan euskal eta gaskoi kulturak integratzea, eta mugaz gaindiko lankidetzarako itunak egitea.
10
Hezkuntza
Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzuan izanen den euskal hezkuntza publikoa garatzen da EH Bairen xedea, eta ikastolak hartu ditu biharko eskola publikoaren erreferentzia gisa. Euskarazko ikasketa ibilbide bat segurtatzea nahi du, berdintasunean eta gutiengoen errespetuan hezten duen pedagogia kritiko eta berritzaile batekin. «Helburua herritar aske, kritiko, ahaldun, euskaldun eleaniztun eta aktiboak sortzea da».
Ipar Euskal Herrian hezkuntzari buruz solastatzeko topagune bat sortzea proposatu dute gizarte zibilari rol garrantzitsu bat emanez. Horrez gain, Euskal Hirigune Elkargoan hezkuntzaz arduratuko den lehendakariordetza bat eta Ipar Euskal Herri mailako ikuskaritza orokor bat sortzea proposatu dute.
Politika anbiziotsu bat ere proposatu dute, Ipar Euskal Herrian goi mailako irakaskuntza eta ikerketa garatzeko.
11
Harrera eta integrazioa
Bestelako migrazio politika bat aldarrikatu du EH Baik, pertsonen zirkulazio librerako eskubidea bermatua izan dadila eskatuz. Migrazio politika humanista behar dela erran du, adingabe eta adin nagusiko gazteenganako arreta indartuta. Erran du atxikitze zentroen «bidegabekeria» bukatu behar dela.
AUTONOMIA ESTATUTUA
Ipar Euskal Herrirako autonomia estatutu baten oinarri politikoak aurkeztu ditu EH Baik. Hauek dira puntu nagusiak:
Frantziako Estatuarekin akordioa
Frantziako Estatuarekin akordioa, partaidetza demokratiko eta ebolutibo baterako, Euskal Herriaren oinarrizko ezaugarriak kontuan hartuko dituena. Akordio hori ontzat eman beharko dute Ipar Euskal Herriko herritarrek erreferendum baten bidez.
Frantziako Konstituzioan Euskal Herriari aipamen berezitua, eta lege organiko bat autonomia estatutuaren ezaugarriak zehazteko.
Botere legegilea
Autonomia estatutu batek nazioartean dituen irizpideei jarraikiz, berezko legeak egiteko boterea emanen dio Ipar Euskal Herriari, botere legegile osoa betetzeko ahalmenarekin, Frantziako Estatuari berezituak zaizkion eskumenetan izan ezik. Normen hierarkian lege zentralen botere bera izanen dute, eta soilik Frantziako Konstituzioaren eta Konstituzio Kontseiluaren kontrolpean izanen dira.
Botere fiskala
Elkargo autonomoak berezko baliabide fiskalak ukan beharko ditu bere gain. Lurraldeak dituen zerga baliabide guziak biltzea eta erabiltzea dakar horrek. Ipar Euskal Herriko instituzio autonomoak zerga administrazioaren funtzioa beteko luke, eta enpresei eta familiei dagozkien zergak, zein kontsumorako zergak altxatzeko ahala izanen luke. Baliabide fiskalaren banaketa elkargo autonomoaren eta estatu zentralaren arteko aldebiko hitzarmenaren bidez eginen da.Eskumen eremu zabala
Frantziako Estatuarekin egindako akordioan definituko lukete autonomia estatutuak izanen duen eskumen eremua. Ipar Euskal Herriko erronka ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoei eraginkortasunez erantzun ahal izateko eskumen eremu zabala izatea nahi du EH Baik.
Euskararen koofizialtasuna
Autonomia estatutuak euskararen koofizialtasuna jasoko du, eta zinezko hizkuntza politika bat garatzeko beharrezkoak diren baliabideak emanen dizkio Ipar Euskal Herriko erakundeari. Hiru lurraldeetan eskolatuak diren ikasle guzientzat nahitaezko irakaskuntza gaia bilakatuko da euskara.