EH Baik Fronte Popularrarekin bat egin izana salatu du PCFk

Duzertek eta Labadotek erran dute igande arratsera arte itxaron beharko dela Ipar Euskal Herriko hautagaitzak zein izanen diren jakiteko.

PCF Frantziako alderdi komunistaren prentsaurreko bat, iazko irailean. GUILLAUME FAUVEAU
PCF Frantziako alderdi komunistaren prentsaurreko bat, iazko irailean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko ekainaren 15a
11:47
Entzun

Haserre dira. EH Baik Fronte Popularrarekin bat egin eta hautagaitzak izatea salatu du Pirinio Atlantikoetako PCFk agiri batean. Adierazi dute elkarrizketetatik bazter utziak izan direla, eta Fronte Popularrak Frantzia mailan erabaki duenaren kontrakoa dela.

PS alderdi sozialistarekin izandako elkarrizketen ondotik, Fronte Popularrean parte hartzea erabaki zuen ezkerreko abertzaleen gehiengo zabal batek ostegun gauean. Haien hitzetan, Parisen ontzat eman dituzte hautagaitza hauek: 4. hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz eta Cecile Senderain; 5. hautesbarrutian, Colette Capdevielle eta Alain Iriart; eta 6. hautesbarrutian, Peio Dufau eta Marie Hegi-Urain.

PCFk erran du Frantzia mailan egindako akordioan erabaki zutela Ipar Euskal Herriko bosgarren hautesbarrutia Frantzia Intsumisoaren esku gelditzea, eta hala segitu behar duela. Erran dute aldaketa «sekretupeko» elkarrizketa batzuen bidez egin dela, tokian toki, Frantzia Intsumisoa eta PCF kontuan hartu gabe. «Hori ez da onargarria», salatu dute, eta uste dute eskuina eta eskuin muturra egoera horietaz baliatzeko arriskua dagoela. «Frantziako Alderdi Komunistaren Pirinio Atlantikoetako federazioak modurik sendoenean gaitzesten ditu egun dugun egoera politikoa dela-eta izan diren jokabide arriskutsu eta ez-duin horiek».

Komunistek Sandra Pereiraren hautagaitza babestu dute, eta ez dute baztertu hori indarrean atxikitzea edo beste batzuk aurkeztea. «Igandean, 18:00etan bukatuko da hautagaitzak aurkezteko epea; ordura arte itxaron beharko da», adierazi dute Alain Duzert Baionako hautetsiak eta Louis Labadot Mauleko auzapezak.

Gauza bat da PCFk dioena, eta beste bat Frantzia Intsumisoak Parisen erabaki duena. LFIren webgunean, alderdiaren izenean joanen diren hautagaien zerrenda publikatu dute. Pirinio Atlantikoetako departamenduan, lehen eta hirugarren hautesbarrutietan izanen dira intsumisoek izendatutako hautagaiak; Pereira ez da ageri.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.