EH Bairi «deitoragarria» egin zaio atzo Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Michel Barnier lehen ministroaren kontrako zentsura mozioaren harira erakutsitako «autosatisfakzioa». Ipar euskal herritarrentzako Paristik ez dela irtenbiderik sinetsita, bestelako tresnak baliatzea eskatu du, eta uste du estatutu politiko berri batek bakarrik ekartzen ahal duela halakorik. Datorren larunbatean aurkeztuko du proposamen hori eta programa politikoa.
Herritarren bizi kalitatea okerrerantz doan artean, Frantziako Gobernuak ezkerreko politikak baztertu ditu azken hilabeteetan, EH Bairen irudiko: «Beste behin ere, Euskal Herrian Parisen hartzen diren erabakiak pairatzen ditugu. Maluruski, gure lurraldearen erronkei erantzuteko konpetentzia, tresna eta ahalbide gutxi ditugu eta erabakiak, hemengo errealitatea kontuan hartzen ez dutenen esku gelditzen dira».
EH Bairen irudiko, uztailean izan ziren hauteskundeetan fronte popularra garaile izan bazen ere, Macronek erabaki zuen Barnier lehen ministro izendatzea, ezkerrarekin izan zitezkeen aliantzak oztopatuz. «Macronen egoskorkeriak, RNren menpeko gobernu bat hobestera eraman zuen, bere ildo neoliberal eta autoritarioa zalantzan jarri beharrean. Gobernu hau porrotera kondenatua zen».
Barnierren gobernuak egindako bidea txarretsi du EH Baik. «Jendartearen gehiengoaren bizi baldintzak kaskartu eta kolektibitateak ahulduko zituen aurrekontu bat aurkeztu zuen», eta ezkerretik egindako zuzenketa guztiak baztertu zituela ere gaineratu du. Horren aldean Macronek erantzukizunik ez hartu izana deitoratu du, hark jarri baitzuen Barnier gobernuan.
EH Baik uste du estatutu politiko batek eman diezaiokeela irtenbidea, ipar euskal herritarrek dituzten tokiko arazoei tokiko erantzunak eman ahal izateko. Hori proposatu eta garatuko dute datorren larunbatean egingo duten batzarrean.