EH Baik bat egin du Fronte Popularrarekin, eta hautagaiak izanen ditu

Ezkerreko abertzaleen hitzetan akordioa lortu dute Fronte Popularra osatu duten indarrekin, eta Parisen onartu dute. Peio Dufau izanen da hautagai seigarren hautesbarrutian, Colette Capdevielle bosgarrenean eta Iñaki Etxaniz laugarrenean.

EH Baiko militanteen gehiengo zabal batek bozkatu zuen hautagaitzen alde biltzar nagusian. BERRIA
EH Baiko militanteen gehiengo zabal batek bozkatu zuen hautagaitzen alde biltzar nagusian. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko ekainaren 14a
11:12
Entzun

Lehen aldia da. EH Baik akordioa lortu du Frantziako ezkerreko indarrekin eta hautagaitza bateratuak aurkeztuko dituzte Frantziako Asanblearako bozetara, lehen itzulitik. Hala jakinarazi dute ezkerreko abertzaleek agiri batean. «Fronte Popularra osatzen duten sentsibilitateekin» adostasun batera iritsi direla eta Parisen onartu dutela baieztatu du Xabi Larralde EH Baiko zuzendaritzako kideak. EH Baik bidali duen agiriaren arabera, hauek lirateke Fronte Popularraren Ipar Euskal Herriko hautagaiak: 4. hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz eta Cecile Senderain; 5. hautesbarrutian, Colette Capdevielle eta Alain Iriart; eta 6. hautesbarrutian, Peio Dufau eta Marie Hegi-Urain. Atzo arratsean egin zuten ezohiko biltzar nagusia EH Baiko militanteek, eta %95,3 agertu ziren Fronte Popularrean parte hartzearen alde.

Hala, goizean ateratako informazioa gezurtatu du Larraldek. Izan ere, Ipar Euskal Herriko bosgarren hautesbarrutia Frantzia Intsumisoaren esku geldituko zela zabaldu dute Frantziako Estatuko hainbat hedabidek erakutsi duten mapan, eta Sandra Pereira LFIko kideak erran du bera izanen zela hautesbarruti horretako hautagai. «Baieztatzen ahal duzue inbestidura jaso dudala», adierazi dio egunkari honi mezu batean. Larraldek dio ez dela hala, EH Baik jakinarazi dituen hautagaitzak direla Fronte Popularrak adostu dituenak. 

Gauza bera baieztatu du Capdeviellek ere. Goizean izan dute PSen Frantziako Nazio Kontseilua, eta baieztatu du instantzia horrek berretsi dituela hiru hautagaitzak, eta Fronte Popularraren babesa dutela. «Parisko instantziek erabaki dute hori zela irabazteko aukera gehien zuen hautagaitza», Capdeviellen hitzetan. «Biziki pozik naiz. Momentu larrian bizi gara. Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian izan dituen emaitzak kezkagarriak dira. Ezkerreko indar guzien artean mintzatu, eta adostasunak iritsi behar ditugu». 

Capdeviellek erran du Frantzian lortu duten akordio programatikoaz gain, Ipar Euskal Herriko hainbat aldarrikapen ere eramanen dituztela, hala nola euskara, etxebizitza, eta bilakaera instituzionala. Ondoko egunetan zehaztuko dituzte horiek guziak. Egunkari hau behin eta berriz entseatu da Pereirarekin mintzatzen, baina ez du erantzunik ematen.

Mobilizazio orokorra

Ez da sekula gertatu ezkerreko abertzaleak Frantziako ezkerraren gisa horretako akordio bat iristea. Hala azpimarratu du Larraldek berak, eta Europako hauteskundeetako bozen ondotik sortu den egoera «berezia» aipatu du, eskuin muturra boterera iristeko arriskuaz abisua emanez. «Jokoan dena ez baita soilik eskuin muturraren kontrako harresi bat sortzea hautetsontzietan: gibelerarazi behar dugu, proiektu konkretu, erakargarri eta sinesgarri bat eskainiz», adierazi du EH Baik agirian.

Euskal Herrian dauden askotariko borrokak aipatu ditu EH Baik, hala nola ekonomia arloan, euskararen defentsan, laborantza herrikoaren alde edo etxebizitzaren inguruan egin izan diren mobilizazioei aipamena eginez. «Euskal Herriko biztanleek badakite denen interesen alde mobilizatzen. Aberastasun eder horrek egiten du gure proiektu politikoa». Pentsatzen dute indarturik aterako dela hori, eta bide emanen diola Ipar Euskal Herriarentzat «egiazko estatus politiko» baten aitortzari eta euskararentzat estatutu bat lortzeari.

Indar guziak mobilizatzera deitu du EH Baik. Ekainaren 30ean eta uztailaren 7an lehenik, Fronte Popularraren hautagaiek «Euskal Herri feminista, ekologista, sozialki justua eta euskaldunaren proiektua Parisera eraman dezaten». Baina baita karrikan ere, ondoko egunetan eginen diren mobilizazioetan. Intersindikalak manifestazioa eginen du bihar Baionan, 11:00etan. 

Lasserre eta Deveze

Ezkerrekoak ez dira izan hautagaitzak aurkeztu dituzten bakarrak. Emmanuel Macronen gehiengoan parte hartzen duen Modem zentro eskuineko alderdiak iragarri du Florence Lasserre aurkeztuko duela bosgarren hautesbarrutian —bera da eremu horretako diputatua 2017tik—, eta Christian Deveze seigarren hautesbarrutian —Kanboko (Lapurdi) auzapeza da—. Laugarren hautesbarrutirako ez dute hautagairik izendatu. Oraingoz ez dute bi hautagaien ordezkoen izenik eman, baina litekeena da Rennaissance alderdikoak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.