Baigorriko «gizon handiari», agur beroa

Jean Haritxelar euskaltzainburu ohiaren omenezko hilberri txostena irakurri du Beñat Oihartzabal euskaltzainak, Baionako Herriko Etxean egin duten ageriko bilkuran. Familia presente izan da ekitaldian.

Familia presente egon zen Jean Haritxelarri Baionan egindako omenaldian. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Gizon handia, izaeraz, lanez eta gorputzez. Horrela gogoratu zuten Jean Haritxelar euskaltzainburu ohia Euskaltzaindiak atzo arratsaldean Baionako Herriko Etxean egin zuen ageriko bilkuran. Bere zerbitzuetan euskara anekdota hutsa duen herriko etxeak ere gorazarre egin zion Haritxelarri. Gorpuzkera handia, irri sarkorra eta begirada ahotsa bezain indartsu gogoratu zuen Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezordeak Haritxelarren irudia. «Euskarekiko laneta maitasuna nik baino adituagoek aipatuko dute, baina, nire aldetik, azpimarratu nahi dut Euskal Herriarekiko zuen maitasuna».

Beñat Oihartzabal euskaltzainak irakurri zuen Jean Haritxelar zenaren omenezko hilberri txostena. Ohi bezala, sustraietara jo zuen Oihartzabalek, familiaren ibilbidetik hasi eta euskaltzale handiaren soslaia osatzeko. Jean Haritxelar Duhalde Baigorrin (Nafarroa Beherea) jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an, eta Miarritzen (Lapurdi) hil zen, 2013ko irailaren 1ean. Idazlea, kazetaria, pilotaria, euskaltzalea, euskaltzaina, 24 urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan zen. Hainbat soslai erreferentzia bihurtu zen pertsonaren izaera osatzeko. Eta horrekin batera, unibertsitateko sustatzaile, euskal ikasketen suspertzaile eta, luzaz, Baionako Euskal Erakustokiko zuzendari. «Euskaldun guziak batzen gintuen», laburbildu zuen Oihartzabalek, Baigorriko elizkizunetan osatu zen argazkiari begira.

«35 urteak iraganik, Frantziako Ageneko lizeoan zelarik, hurbildu zen lehen aldikoz euskal gaietara, zeharka bezala, gainera, irakasle lagun batek Ageneko auzitegian Barkoxeko koblakari birigarro bati zegozkion auzi-paperak bazirela jakinarazi ondoan. Paper haiek eskuztatuz egin zuen Pierra Topet Etxahun-en ezagutza Jean Haritxelarrek, bai eta molde horretan bere lehen aitzur ukaldiak eman euskalaritzako alorrean».

Garai hartan Ipar Euskal Herriko hainbat familiatan gertatu bezala, Haritxelarren familian ere frantsesa zen eredu, eta, horrela, Baigorrin katixima frantsesez ikasi zuen haur bakarra izan zen. Aldaketa erabatekoa izan zen Etxahunen ikerketa egiten hasi eta gero.

Handik aitzina, Haritxelar alde bat ariko zen lanean euskararen eta euskal kulturaren alde. Euskal Museoan, Unibertsitatean, Iker ikergunean... Lan eskerga egin zuen egon zen lekuetan.

1988an izendatu zuten euskaltzainburu, aitzineko urteetan doi-doia abiatu hats luzeko ikerketa proiektu handi batzuen akuilatzea izan zuen helburu, hala nola Orotariko Euskal Hiztegia, Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak, Hiztegi Batua, Euskal Hizkeren Hizkuntz Atlasa, hastetik 1995 arte kudeatu zuena, Onomastikako lehen zerrenda sistematikoak, eta Literaturaren Hiztegia. «Orduan erein ziren haziek ekarri uztari esker egiten ditu parte on batean bere oinarrizko lan akademikoak gure erakundeak».

Andres Urrutia euskaltzainburuak Haritxelarren heriotzak utzitako erronka pausatu zuen. «Zure hutsunea betetzea da ezarri digun eginkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.