Baigorri eta Tafalla, ofizialki baturik

Baigorri eta Tafallako udaletako ordezkariak eta elkarteak Baigorrin bilduko dira gaur eta bihar. Aspalditik gorpuztutako adiskidantza harreman bat hitzarmen bidez ofizial eginen dute bihar.

Tafallako eta Baigorriko gazteak elkarturik. MAITE ITURRE
Iñaki Etxeleku.
2021eko urriaren 15a
12:44
Entzun

Baigorri-Tafalla, bi kultura baturik leloa harturik, Baigorrin bilduko dira tafallarrak eta baigorriarrak gaur eta bihar. Duela 45 urte hasi harreman baten jarraipena izanen da. Kasik 30 elkarte ordezkari jinen dira Hego Nafarroatik Ipar Nafarroarat, lekuko elkarteekin harremanak egin, barnatu eta azkartzeko. Igande eguerdian senidetze ekitaldia eginen dute, bi herrien arteko partaidetza hitzarmena izenpetuz.

Betti Bidart gaiteroa eta hautetsia tafallarrekin harremanak egin ziren hastapenekoetarik bat da. «Hasi ginelarik Iruñeko gaiteroekin, harremanak egin genituen eskuin eta ezker, eta ezagutu genituen Tafallan jende batzuk gu bezalakoak: besta, kantua maite zutenak». 1973-1974 urteetan zen, frankismoaren pean oraino. ´Ohartu ginen mintzo ginela orduko Tafallako euskaldun bakarrekin; biga ziren». Horien artean Jose Mari Espartza, oraino ere baigorriarrekin harreman hurbila duena. «Gau eskolak, ikastolak muntatzen ari ziren, eta ohartu ginen urrats eta interes berak genituela: herri baten eraikitzeari buruz ari ginela hizketan», segitu du. Tafallako ezagutza horiek etorri ziren Baigorrira, euskararen ikasteko tokiko etxe batzuetan egonez. Laster, ofizialagoak bilakatu ziren harremanak.

Aspaldiko historia

1979an, Franco ondoko lehenbiziko hauteskundeak egin zirelarik, abertzaleak barne zituen ezkerreko koalizio batek irabazi zituen Tafallan; Espartza zinegotzi bilakatu zen. «Ordurako ezagutzen nituen Baigorriko lagunak, gaiteroak, dantzariak…», gogoratu du Espartzak berak. «Aurretik bazen harreman bat, nik uste sanfermin inguruan sortua». Besten batzordeko hautetsia zenez, Baxe Nafarroaren Eguna antolatu zuten Tafallan berean, baigorriarrak gomitatuz.

Jean Haritxelar zen orduan Baigorriko auzapez, eta hark ere nahi izan zuen harremana ofizial bilakarazi. «1979an, kantonamendu osotik bi autobus joan ziren Tafallarat», erran du Bidartek. «Hiru auzapez baziren: Haritxelar bera, eta Bidarraiko eta Aldudeko auzapezak». Hango egonaldia arras ongi iraganik, harremanek segitu zuten ondoko urteetan, Basaizea eta Altafaylla elkarteen artean, besteak beste.

Berantago ohartu ziren, Nafarroako historia barnatuz, Baigorri eta Tafalla arteko harremanak ez zirela gaurkoak. «Konturatu ginen XIV. mendean Etxauzeko jauna maiz etortzen zela Tafallara Karlos III. arekin bestak egiteko», azaldu du Espartzak.

Aspaldiko harreman hori Tafalla aldeko jende deituretarik ere ageri dela esplikatu du zinegotzi ohiak. «Arbona, Armendaritz, Azkarate, Hazparren, Aiherra, Behorlegi, Suheskun, Iholdi, Izura, Pagola, Orsanko, Lasa, Isturitz, Irisarri, Ibarrola, Baigorri, Buztintze… Handik etorritakoak dira denak. Historikoki harremana estua izan dela konturatu ginen».

1914-1918ko Mundu Gerla denborako elkartasun istorio bat kontatu du, bestalde, Espartzak, aspaldiko harreman horren lekuko dena: «Lehen Mundu Gerran Baigorri eta Garazi aldeko soldadu anitz izan ziren zaurituak, eta Tafallako elizetan eta antzokietan diru bilketak egin zituzten; ‘gure Baxenafarroako anaiak laguntzeko’, esaten zuten». Eta hara non, ehun urte berantago, zehazki duela bi urte —2019ko uztailean—, Tafallak uholde bortitzak eta kalte handiak jasan zituelarik, baigorriarrek sostengu gaualdi bat antolatu zuten, eta sari guzia Tafallari eman zioten.

Duela sei urte EH Bilduk eskuratu zituen Tafallako herriko giderrak, Arturo Goldarazena auzapez bilakaturik. Auzapezgoa Jesus Arrizubietari (EH Bildu) utzi badio ere, Goldarazenak pentsatu zuen bi herrien arteko ahaidetzea behar zela ofizialki markatu.

Elkarteak arloka batuz

Ideia nagusia da bi herrietako elkarteak harremanetan sartzea elkarrekin, bide egiteko. «Ideia da elkarteak mugiaraztea batzuk besteekin», erran du Bidartek. Espartzak esplikatu du Europako diru laguntza batek bermatu duela hori. «Dirua eman dute mugaren bi aldeetako elkarteen artean harreman kulturalak sendotzeko; orduan, kanpaina bat prestatu dugu Tafallan, eta 26 kultur talde joango dira Baigorrira». Bihar eta igande goizean, alor bereko elkarteak mahai beraren inguruan bilduko dira formalki horretarako. «Harremanak izateko, bilerak egiteko, helbide trukeak eta plangintzak ezagutarazteko», dio Espartzak. «Gero segituko dira harremanak».

Bikoteka pentsatu dituzte trukeak: Irulegiko Irratia / La Voz de la Merindad; Tafallako peñak / Baigorriko besta komitea; Altafaylla fundazioa / Basaizea; Rotten XIII, Lucians, Galtzagorriak eta Odoliak / Xutik eta The Dotz musika taldeak; Gabalzeka eta Puntido / Baigorriko antzerkilariak; Tafallako dantzariak / Arrola dantza taldea; pilota batasunak, abesbatzak, gau eskolak eta bi udaletxeak.

Euskaraz egiten ahalko dituzte harremanak, Bidarten hitzetan gauzak aldatu baitira mende laurden batez. «Gertatzen da han ikaragarrizko punpea egin dutela, eta heldu diren elkarte guzietarik bederen euskaldun bat izanen dela». Euskararen berreskuratzeak aitzina egin baitu Tafallan. Aldaketa hori honela laburbildu du Espartzak: «Baxenafarroa ezagutu nuelarik, han mundu guztia zen euskalduna eta Tafalla erdalduna erabat. Pasatu dira urteak, eta frantsesa gero eta gehiago entzun dut Baxenafarroan, eta Tafallan, aldiz, gero eta euskara gehiago». Gaur egun, Tafallako ikastolan, laurehun haur inguru ibilki dira. «Euskaldun gazte asko badira, eta horrek laguntzen du Baigorrikoekin harremanak estutzek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.