EH Bai prest agertu da Frantziako alderdiek osatu duten «ezkerreko frontera» batzeko

Eskuin muturraren «alternatiba» direla diote, eta «larrialdi demokratiko, ekologiko eta sozialei erantzuna» ematea dela helburua.

Eskuin muturraren aurkako manifestazioa Baionan, astelehenean. GUILLAUME FAUVEAU
Eskuin muturraren aurkako manifestazioa Baionan, astelehenean. GUILLAUME FAUVEAU
Isabel Jaurena - Ekhi Erremundegi Beloki
2024ko ekainaren 11
09:15
Entzun

EH Baik bere sare sozialetan jakinarazi duenez, prest da Frantziako alderdiek osatuko duten ezkerreko frontean parte hartzeko. «Ezkerreko indar guziak batzen dituen fronte herrikoiaren osaketa txalotzen dugu. Ipar Euskal Herriko ezkerreko lehen indar gisa, EH Bai prest da Euskal Herrian desmartxa historiko honetan parte hartzeko», adierazi dute. Atzo gauean egin zuten bilkura Parisen Frantziako ezkerreko indarrek, eta «garaipenera arte elkarrekin» joateko engaiamendua hartu zuten. Oraindik ez dute akordioa finkatu, baina hautagaitza bateratuak babestuko dituztela iragarri dute; Fronte Popularra 2024 izena erregistratu du François Ruffin Frantzia Intsumisoko diputatuak.

Honela dio Frantziako ezkerreko sei alderdik batera plazaratu zuten agiriak: «Fronte popular berri bat eratzeko deia egiten dugu, ezkerreko indar humanista, sindikal, elkarte eta herritar guztiak forma berri batean bilduz, haustura sozial eta ekologikoen programa bat eraman nahi dugu Emmanuel Macronen alternatiba eraikitzeko eta eskuin muturraren proiektu arrazistari aurre egiteko». PCF Frantziako Alderdi Komunistak, EELV Europa Ekologia-Berdeak, PS Alderdi Sozialistak, LFI Frantzia Intsumisoak, Plaza Publikoak, Generations eta GRS alderdiek izenpetu dute.

Europako Parlamenturako hauteskundeetan Batasun Nazionalak lortu zituen emaitzen ondotik, Frantziako Asanblea desegin eta hauteskundeetara deitzea erabaki zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Heldu den ekainaren 30ean eta uztailaren 7an izanen dira. Europara zatiturik agertu ondoren, igande gauetik hasi ziren batasunerako deia egiten ezkerreko alderdiak. Batzeko intentzioa agertu badute ere, oraindik ez dute akordio zehatzik lortu; badituzte desadostasun puntu bat baino gehiago, hala nola erretretaren adina, Ukrainako eta Israel eta Palestinaren arteko gerlen aitzinean hartu beharreko jarrera, baina baita politika instituzionala eramateko moduari buruzkoak ere. Frantzia Intsumisoari «harrabotsa» egitea, eta bortitzegia izatea leporatua diote maiz gainerako indarrek. 

Astelehen gauean plazaratu zuten ohar bateratuan bozen lehen itzulitik hautagaitza bakarrak babesteko borondatea erakutsi zuten. «Haustura programa bat defendatuko dute, fronte popularreko gobernuaren lehen ehun egunetan hartu beharreko neurriak zehaztuko dituena. Gure helburua da larrialdi demokratiko, ekologiko eta sozialei erantzuna emateko agintzea». Sindikatuek egindako deiari erantzunez, eskuin muturraren kontrako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Ondoko orduetan espero dira prestatzen ari diren akordioari buruzko xehetasunak, baina negoziazioak ez dira errazak izanen. Batasuna onartzeko «baldintza argiak» jarri dituztela adierazi du X sare sozialean Raphael Glucsmanek. Plaza Publikoa alderdi txikiaren buru da, baina hura izan da alderdi sozialistarekin batera egin duten aliantzako zerrendaburua Europako hauteskundeetan. «Boterera heltzear dagoen Batasun Nazionalaren aurka, arduragabekeria da elkartzeari buruz mintzatzeari uko egitea. Baina batasuna ezin da egin printzipioei uko eginez».

Harris Interactive institutuaren inkestaren arabera, gaur-gaurkoz, Batasun Nazionalak botoen %34 eskuratuko lituzke Frantziako Asanblearako hauteskundeetako lehenbiziko itzulian, %22 ezkerrak –baldin eta elkarrekin aurkeztuko balira– eta %19 lortuko lituzke Macron babesten duten alderdien aliantzak. Halere, horiek estimazioak bertzerik ez dira, koalizioak edo hautagaiak nor izanen diren jakiteke dagoelako oraindik.

EH Baiko biltzar nagusia

Aste honetan eginen du biltzar nagusia EH Baik, ekaineko bozen harira bere jarrera erabakitzeko. «Lehentasuna militantzia biltzea da. Haiekin erabakiko dugu zein den estrategia egokiena», adierazi du Gabi Arestegi zuzendaritzako kideak. Anartean, elementu guziak bildu eta hainbat hipotesi landuko dituzte. Aukera oro aztertuko dutela baieztatu du. 

Eskuin muturra Frantziako gobernua hartzeko «prest» ikusten du Arestegik, eta, horren aurka, funtsezkoa zaio ezkerreko indar guziak batzea. «Dinamika hori ongi ikusten dugu». Baina adierazi du EH Bai «ezkerreko lehen indarra» dela Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, erran du hori kontuan hartu beharko litzatekeela. «Baditugu gure gutxienekoak». Azaldu duenez, abertzale gisa, EH Baik fronte popularrean parte hartzeko Euskal Herriko aldarrikapenek ere lekua izan beharko lukete.

Frantziako ezkerreko alderdiekin harremanean jartzeko borondatea agertu du Arestegik. «2022an, Parisen erabaki zuten hautesbarrutien banaketa; ez genuen parte hartu negoziazio horietan», deitoratu du. 

Eskuin muturra, garaile

Ipar Euskal Herrian inoiz lortu ez zituen emaitzak lortu ditu Batasun Nazionalak. Gehien bozkatua izan da herri gehienetan, eta, aitzineko Europako hauteskundeekin alderatuta, 12.000 boto gehiago eskuratu ditu. Baionan berean, 2022ko Asanblea Nazionaleko hauteskundeekin alderatuta, 2.000 boto gehiago eskuratu dituzte Batasun Nazionalak eta Marion Marechalen Frantzia Harroa zerrendak.

Emaitza horiek kezka eragin dute ezkerrean. EH Baik, erraterako, dei bat zabaldu zuen atzo: «Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdi guztiek arduraz jokatu behar dute alternatiba sinesgarri bat proposatzeko eskuin muturrak eta gobernu macronistak bideratzen dituzten politika libertizida, xenofobo eta ultra-liberalen parean». Gainera, elkarretaratzera deitu zuten Baionako Herriko Etxearen aitzinean, eta jendetza bildu zen eskuin muturraren kontra.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.