EH Baik ez du aktiboki parte hartuko heldu den ekaineko Europako hauteskundeetan, prentsari bidalitako agiri batean jakinarazi duenez. Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) federazioan parte hartzen dute ezkerreko abertzaleek, eta hura osatzen dutenekin ari ziren elkarrizketan hauteskundeetan parte hartzea erabakitzeko. Otsail hasieran, Ezkerreko Alderdi Erradikalarekin batera aurkeztuko zirela jakinarazi zuen François Alfonsi RPSeko diputatuak. Aitor Servier EH Baiko kideak erran du ez direla erabaki horren balorazioan sartuko. Europako hauteskundeetan Frantziako Estatua da hautesbarruti bakarra, eta esplikatu du «Ipar Euskal Herriko erronka eta egitekoei» eman nahi izan diotela lehentasuna ezkerreko abertzaleek.
«EH Bildurekin elkarlanean, hauteskunde hauek zazpi herrialdez osaturiko Euskal Herriaren burujabetzaren aldarrikapena berresteko aukera bilakatzeko helburua finkatu dute ezkerreko abertzaleek», adierazi du EH Baik agirian. Horrez gain, RPS federazioa osatzen duten indar politikoekin lanean segituko dutela baieztatu dute, «autodeterminazio eskubidea babestuko lukeen herrien Europaren alde».
«Programa xenofoboak eta eskuin-muturrekoak gorakada izaten ari dira Europa osoan. Testuinguru honetan, EH Baik ezinbestekotzat jotzen du ideologia arriskutsu hauen aurka mobilizatu eta eskubide berdintasunaren zein justizia sozialaren baloreak defendatzea», erran dute ezkerreko abertzaleek.
EAJ talde ekologistekin
Ipar Euskal Herriko EAJk Ekologia positiboa eta Lurraldeak zerrendan parte hartuko du ekaineko bozetan. Jean Telletxea Urruñako (Lapurdi) hautetsia bederatzigarren lekuan joanen da Yann Wehrling Frantziako Ile de France eskualdeko presidentea buru izanen duen zerrendan.
Herri Batuen Federazioan parte hartzen du EAJk, estaturik gabeko nazioetako hainbat alderdirekin. Horiekin batera, hainbat talde ekologista txiki ere izanen dira, hala nola Corinne Lepage Frantziako Ingurumen ministro izandakoaren CAP21 alderdia.