Bai Euskal Herri horri

Arriola, Zabaleta eta Etxezarreta PSEko kideek eta Haranburu Altuna editoreak oro har interesgarritzat jo dute Egigurenen gogoeta: Euskal Herri egituratua, estatua izan gabe.

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, joan den martxoaren 11n, Azpeitian, Sanagustin kulturguneko solasaldi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak (Aizarna, Zestoa, 1954) gutxienez bi urte pasa badaramatza Euskal Herriko konstituzioaz, haren egituraketa politikoaz, abertzaletasun berriaz edo Nafarroaren zentraltasunaz hizketan. Hark esaten du egunkari batean idatzi zuen lehen artikulua Por un socialismo vasquista (Sozialismo baskista baten alde) izan zela eta tesi horiek beti defenditu dituela. 2002an PSEko presidentetza hartu zuenean, haren helburu nagusia «bakea» lortzea zen, eta, 2011ko urrian ETAk jarduera armatua utzita, lortu dela dio.

Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiari aurreko astean galdetu zioten ea zer pentsatzen duen haren gogoetei buruz. Egiguren «erratuta» dagoela iritzi zion, ez duela harekin bat egiten, baina gero ETAren kontua atera zuen Lopezek, esanez Egigurenek asko egin duela «askatasunaren alde» eta aitortu behar zaiola hori.

BERRIAk Iñaki Arriola, Gemma Zabaleta eta Ramon Etxezarreta PSEko kideengana eta Luis Haranburu Altuna editorearengana jo du, gaia pixka bat sakontzeko.

IÑAKI ARRIOLA Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia

«Gogoeta politiko gisa interesgarria da, baina zaila du aurrera irtetea»

«Jesus Egigurenena gogoeta teoriko bat da. Euskal Herri kulturala hartu du oinarri, lurraldeen errealitatea eta identitatea aintzat hartuta. Hark uste du lurralde denek egitura bat parteka dezaketela, baina garbi esaten du Espainiako eta Frantziako estatuekin ez luketela hautsi beharko. Uste dut gogoeta politiko gisa interesgarria dela. Euskal Herri horrek lankidetzarako esparru bateratuak lituzke, betiere tokian tokiko erakundeek eta herritarrek borondate hori edukiko balukete, eta ez litzateke izango herrialde independentea. Egiguren horretara doa, EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskadik modu horretara bat egiteko aukerak bilatzera.

»Baina zaila da Egigurenek planteatzen duenak aurrera egitea. Abertzaleen politiken eta ETAren terrorismoaren ondorioz, Nafarroa urrundu egin da. Independentzia aldarrikapenak askori atzerakada eragiten digu, eta terrorismoak gizartea zatitu egin du. Dena dela, gaur egun edo geroxeago aurrera eraman daitezkeen gauza batzuk proposa daitezke, baina horiek kultur izaerakoak izan behar dute. Egigurenek berak ere horixe esaten du, kultur arlotik hasi behar dela lankidetzan.

»Euskal sozialismoak berritu bat behar duela uste dut nik ere. 125 urte pasa ditu alderdi sozialistak, eta beti joan da egokituz. Dena dela, besteek ere behar dute berriturik.

»Egiguren beti ari da hausnarrean, eta oraingo planteamendu hau oso berea, oso pertsonala dela iruditzen zait. PSE-EEko zuzendaritzan gauden besteokin, behintzat, ez du partekatu. Baina 2004an Zapatero bera konbentzitu zuen, terrorismoaren amaiera posible zela argudiatuta...

»Egigurenek ezker abertzalean jarri du euskal politikaren bide aldaketa posible baterako itxaropena; hala dio. Beste alderdiak oso egonkortuta-edo ikusten dituelako izango da. Baina neuk, bederen, ezker abertzalearen diskurtsoan ez dut berritasunik ikusten; muturreko mezua ematen segitzen du, independentzia-eta aipatuz, gizarte kohesiorako baleko izan daitezkeen osagaiak jorratu gabe».

GEMMA ZABALETA PSE-EEko kidea eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia

«Euskal Herriaren aitortza politikoa egitea jauzi bat da; ados nago hausnarketarekin»

«Egiguren duela urte batzuetatik ari da horrelako gaiak ateratzen. Beste sozialista batzuekin —eta datu hori azpimarragarria da—, Loiolan eseri zen. Oso ideia garrantzitsuak aipatu ziren orduan. Ez bakarrik Euskal Herriaren kontzeptu nazionala; erabakimen ahalmena ere aipatu zuten, eta erabakitakoa gauzatzeko aukera ere bai, Espainiako Estatuak errespetatuz. Gainera, EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetza ere landu zen. Orain PSEtik ari dira esaten Egiguren erratuta dagoela, baina 2006an Loiolan ez al zegoen erratuta gauza haiek esaten zituenean? PSOE orduan mahaiko edukiaz jakinaren gainean zegoen.

»Egigurenek garai garrantzitsu batean atera du berriro Euskal Herriaren kontzeptua. Esate baterako, Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko lantaldea abian jarri da. Zentzurik ez du lantalde horrek eskumen batzuk soilik eskatzea. Bi egiteko nagusi ditu, batez ere: EAEk estatuarekin izan beharreko harremana berritzea eta EAEk Nafarroarekin izan beharreko harremanaz hitz egitea. Beti da garai ona hobetuz joateko, eta oraingo hau are hobea da. Euskal politikarentzat guztiz bestelako egoera batean gaude, nahiz eta iraganeko inertziak hor dauden. Garai berri batean gara, eta gogoetarako oso egokia da.

»Badago jauzi bat Egigurenen hausnarketan. Euskal Herriaren nortasun kulturala gaur egun legedietan aitortuta dago. Orain, hortik aitortza politikorako saltoa dago haren gogoetan, gaia Loiolan ere landu zuten arren. Oinarri horien gainean lan egin behar da, atzera egiteke. Loiolakoa etorkizuna eraikitzeko oinarri bat da. Beraz, ni ados nago haren gogoetarekin. Eta beti, bukaeran, herritarrei galdetu behar zaie, haien borondatea zein den jakiteko.

»2002an PSEren kongresuan gure taldeak euskal sozialismo berria aldarrikatu zuen, sozialismo baskista esaten dena. Oraindik ez dut uste PSEn ildo baskista bat dagoenik. Zintzilik dugun gauza bat da, jorratu beharrekoa, hori baita etorkizuna.

»Bere garaian nik ere defenditu nuen ezker abertzalearekin hitz egin behar dela, eta izan nituen iskanbila batzuk. Euskadin aldaketa ezkerretik egingo da. Denis Itxasorekin idatzi nuen liburu bat horretaz. ETAren aroa bukatutzat jotzen dut neuk ere, eta, beraz, errazagoa da ezkertiar alternatibak sortzea edo politika ezkertiarrak egitea.

»Alderdiaren sigletatik haratago doan gogoeta da Egigurenena, eta hori egitea egokiagoa da, gainera; bestela, gogoetak hortxe, alderdi barruan geratzen dira. Nire ustez, euskal gizartea osatzen dugunon artean ez dago bereizketa handirik. Alderdien artean bai, nabari dira desberdintasun handiak, eta, bestela, ikusi zer gertatzen ari den Eusko Legebiltzarreko bakerako taldean: ez dira ados jartzen. Hortaz, Egigurenek bere gogoeta gizartera zabaltzea ona da. PSEren diskurtso ofizialetik atera da, pentsamenduan jauzi kualitatibo bat eginda eta gogoeta eraginda».

RAMON ETXEZARRETA PSE-EEko kidea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde ohia

«Molde politiko berriek bereizkeria txikiagoa izateko aukera dute gazteengan»

«Euskal Herria kontzeptua berreskuratu beharra dago, noski. Ezker abertzaleak gazteleran sartu zuena itzuli zaigu euskarara, eta horrek asko murriztu dio esanahia. Euskal Herria, Pays Basque, País Vasco edo Euskal Herriak beharko genituzke.

»Badaude EAEz gaindi Euskal Herriak, egitura politiko bakarrera bildu daitezkeenak, eta Egigurenek ondo daki hori. PSE-EEk entzun behar lioke, egitura horrek estatu independente bat zer izanik ez baitauka.

»Nafarroa Euskal Herri bat da niretzat, bat gehiago hala nahi badute, baina historian atzera egin beharrik ez dago. Vasco-navarro edo euskal-nafarra izateko ez daukat batere arazorik. Nominalismoa baino gogokoago dut herritartasuna eta eskubideak partekatzea.

»Egigurenen planteamendu horiek aurrera ateratzeko, haren jendeak eta kontrako jendeak ere ados egon behar du —zein dago alde?—, edo ezberdinen artean eztabaidatu behar dira.

»Hura politikagintzan besteen aurretik dabilela esan baino, libreago dabilela esango nuke nik, eta libreegi ere bai zenbaitetan. Diziplinaz kanpokoen libertatearekin, derrigorrik gabe pentsatzea ezinbestekoa da, koherentziaz egitea adina.

»Ezker abertzaleari bide aldaketa exijitu dio Euskal Herriak, egin duena baino handiagoa. Biolentziaren erabilera baztertu ondoren, gizartearen barruko ezberdintasunen onarpen esplizitua exijitzen zaio; bide pixka bat falta du.

»Ez nuke esango Egiguren, gogoeta hauekin, berariaz gazteei mintzatzen zaienik, baina Euskal Herriko gazteengan gero eta eragin txikiagoa dute ohiko izan ditugun molde politikoek, eta molde berriek aurreiritzi gutxiago eta bereizkeria txikiagokoak izateko aukera dute».

LUIS HARANBURU ALTUNA Editorea eta PSEren Jaurlaritzan Hezkuntza Saileko aholkulari izana

«Ideia ona da bi estatuetan legokeen Euskal Herri egituratu bat egotea»

«Ideia politak dira Egigurenenak. Batez ere, gustatu zait esaten duenean Euskadi bizkaitarrismotik eraiki dela. Nazionalismoaren azken ehun urteetako historia zirriborratzeko balio du haren Euskadi, Bizkai handi bat kontzeptuak. Euskal Herriaren kontzeptua berreskuratu behar den ideia ere gustatzen zait; aldekoa naiz. Gertatzen da gure herri honetan hitz batzuk nahiko ukituta daudela. Euskal Herria, adibidez; batik bat, ezker abertzaleak bereganatu nahi izan duelako, modu alderdikoi batean. Euskal Herria hitz eder bat da, esangura handikoa; bete-betean onartzen dut haren esanahi kulturalean. Nazio kultural bat da euskaldunona, eta hori ondoen definitzen duena Euskal Herria da.

»Berria da PSEko batek Euskal Herriari egitura politiko bat eman behar zaiola esatea. Bi estatuetan legokeen Euskal Herri egituratu bat proposatzen du Egigurenek, Euskal Herri ko-subirano bat. Horren aldekoa da, euskaldun gisa; ez diot eragozpenik ikusten, abantailak baino ez baititu. Baina ideia ona eta onargarria izanik ere, lantzeke dago. Askoz gehiago zehaztu behar da. Adibidez, Euskal Herriko erakunde politiko hori zertan gauzatuko da?

»Ezker abertzalea oraindik definitzeko dago. Oso ardatz garrantzitsua da euskal gizartean; botere eskumenak ditu, lanabesak, baina ikusteko dago zer definizio ideologiko egingo duen: edo ezkerrera edo nazionalismora joko duen. Biak nahikoa bateraezinak dira. Nazionalismo etnikoa eta ezkerreko ideologia ez dira bateragarriak politikan. Nazionalismo etnikoak, eta hitzak berak esaten du, etnia bat definitzen du, ez herri bat, ez gizarte bat. Gizartearen parte bat definitzen du, eta hori ez dator bat ezkerreko balioekin. Beraz, gehitxo esatea da giltza ezker abertzalearen esku dagoela. Boluntarismoz jokatu du Egigurenek hori esatean. Ezker abertzaleari oraindik barru konbertsio bat falta zaio. Oso harro dago bere iraganaz, eta gertatu den guztiaz ardura hartu behar du. Bitartean, ezingo du elkar hartu ezker sozialismoarekin, eta gainerako alderdiekin ere ez. Pilota guztiz ezker abertzalearen teilatuan dago.

»Sozialismoak ere eraldatu egin behar du, berrikuntza sakona eginda. Egigurenek liburuan gehiago sakondu behar luke horretan. Sozialismoak berrirakurri beharko luke bere historia osoa, oinarrietara eta iturburuetara joz. Sozialismoak gaur krisi galanta du. Bereak ez diren eranskinak hartuz joan da historian, eta dagoen bezala dago. Sozialismoa liberalismotik sortu zen, eta hara jo behar du. Hau da, askatasunetik eraiki behar du ideologia. Ikusteko dago Egigurenen gogoetek PSE-EEn zer harrera izan dezaketen. Nik ez ditut ezagutzen PSEren barrunbeak, ezta gutxiago ere, baina, hasteko, Egigurenek botatakoek zer suma, zer pentsatua ematen dute. PSEri gogoeta hauek nagikeria pixka bat emango diote, eta, zergatik ez, beldur apur bat ere bai. Jende gazteenari ulergarria egingo zaio haren diskurtsoa.

»Esango nuke klase politikoaren aurretik doala Egiguren. Aitzindari da horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.