Bahiketa igarota, etxerako bidea hartuko dute Deloreaneko kideek

Mexikon bi egunez atxikita eduki dituzte lau musikariak, eta dirua eskatu diete senideei; Poliziak askaturik, etxera abiatuko dira gaur'Bahiketa birtuala' izan da: sinetsarazi diete zaintzapean zeudela, nahiz ez den hala izan

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bahituta eduki dituzte Delorean taldeko lau kideak Mexiko Hirian, bi egunez, baina aske dira atzotik. Apar diskoa aurkezteko bira egiten ari da talde zarauztarra Ameriketan, eta Mexikon jardun dute Mutek jaialdian. Hotelean atxiki zituzten. Poliziaz jantzitako gizon batzuek aterarazi zituzten igandean, han arriskuan zeudela esanez, eta beste hotel batera eraman. Han esan zieten bahituta zeudela. Bahiketa birtuala izan da, Poliziaren arabera: ez dute indarrik erabili, ez dituzte erabat zaintzapean eduki, baina sinetsarazi diete kontrolpean zeudela. Mehatxu egin diete, eta dirua eskatu diete senideei. Haiek jarri zuten salaketa, eta atzo onik aurkitu zituen Poliziak. Gaur hartuko dute etxerako hegazkina. Ez dute inor atxilotu.

Taldekide baten aitak, Fernando Lopetegik, jaso zuen bahitzaileen deia: laurak bahituta zeuzkatela azaldu zioten, eta dirua ordaindu beharko zutela. Hasierako kopurua apalduz joan direla azaldu du. Atzo bertan zuten egitekoa ordainketa, banketxean izan ziren, baina ez dutela pagatu adierazi du.

Behin baino gehiagotan deitu dute bahitzaileek Euskal Herrira, dirua eskatuz. Albiste agentzien arabera, taldekideetako baten telefonoa erabili dute horretarako. Sakelakoak kendu egin dizkiete musikariei —hartara, senideek deitu arren, ez dute hitz egin ahal izan—, eta Mexikon erosarazi diete beste bat, bahitzaileek musikariekin harremana edukitzeko. Ez baitira une oro zaintzapean egon, nahiz eta baietz sinetsarazi dieten.

Telefonoa oinarri

Ertzaintzak azaldu du bahitzaileak tarteka joan zaizkiela atxikita zeuden lekura; hori ukatu egin du Mexikoko Poliziak. Telefonoa da gakoa, halere. Maiz-maiz deitzen diete atxikita daudenei, eta ohartarazten diete egoteko erne, zaintzapean daudela, ez irteteko handik. Aldi berean, senideei hots egiten diete, mehatxuka. Agerrarazten duten egoerak itxuratik gehiago du, hala ere. Atxikita egon dira taldekideak, zaintzapean zeudelakoan, baina Poliziak uste du ez dituztela kontrolaturik eduki une oro. Arriskuan zeuzkatela sinetsarazi diete senitartekoei ere, telefono bitartez. Bahiketa birtuala.

Ertzaintzak jaso zuen salaketa herenegun goizean, eta, nazioarteko kasua denez, Espainiako Poliziari abisu eman zion. Mexikoko Poliziarekin jarri harremanetan, eta hark aurkitu zituen musikariak. «Onik» zeuden. Gertatu zenaz lekukotasuna hartu zieten poliziek. Bizkartzaina jarri diete handik irten arte, Miguel Angel Fernandez de Mazarambroz Espainiak Mexikon duen kontsul nagusiak bart BERRIAri jakinarazi dionez. «Hegazkina hartu bitartean babes poliziala edukiko dute».

Gaur dute hartzekoa etxerako bidea, Lopetegiren arabera. BiharZarautzen egotea espero dute. Datozen egunetan AEB Ameriketako Estatu Batuetan ematekoak zituzten kontzertuak bertan behera utzi dituzte, horrenbestez. «Ez da posible jarraitzea egoera hori pasatu eta gero», azaldu du aitak. Oraindik ez dute zehaztu noiz arteko kontzertuak etengo dituzten.

Gisa horretako bahiketak indarra hartzen ari dira Mexikon, kontsulak ohartarazi duenez. «Azken boladan kasu gehiago izan ditugu. Badirudi modan jarri direla». Joan den astean bertan izan zuen beste kasu bat: Kataluniako enpresari bat atxiki zuten hotel batean, eta senideei diru eske deitu zieten. Poliziak askatu egin zuen.

Gero eta kasu gehiago

Ohiko bahiketak baino errazagoa da era horretakoak egitea, eta Fernandez de Mazarambrozek uste du horregatik ari direla kasuak ugaritzen. «Azkenean bahiketarik ez da egin behar. Bakartu egiten dituzte, eta erabat kontrolatuta dauzkatela sinetsarazi». Eta Mexiko da. «Badakigu nolakoa den egoera hemen. Guztiz normala da deia jasota izuak hartzea, nahiz eta egoera ez izan uste bezalakoa». Deiak, mehatxuak, negoziazioak. Trantzea igaro dute senideek ere. Lopetegi aritu da bahitzaileekin hizketan. «Bahiketa birtuala dela esango dute, baina nire etsairik handienari ere ez diot opa pasatu duguna pasatzea».

Polizia ikertzen ari da, baina kontsulak ohartarazi du zail dela bahitzaileak atxilotzea. «Ez dira han egoten. Arrasto gutxi dago». Drogarekin lotutako mafiek ez, «ohiko gaizkileek» egiten dituzte halakoak, haren esanetan. «Kartzelatik ere aritzen dira: taldeko batzuek atxiki norbait, eta negoziatzailea kartzelan». Telefonoa espetxean? «Ezin da, baina Polizia zorroztasunik gabea da hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.