«Urtarrilaren amaieran egindako mamografia batean bi tumore aurkitu zizkidaten. Biopsia egitera joateko deitu, eta proba egiten ari zitzaidan profesionalak zera esan zidan: ‘Zortea izan duzu’. Nik orduan pentsatu nuen tumoreok ez zirela txarrak izango, baina bai zera. ‘Zu, zeure adinagatik (72 urte), bularreko minbizia goiz atzemateko programatik kanpo zaude. Akats administratibo baten ondorioz deitu dizugula dirudi’. Ezin sinetsirik geratu nintzen».
Marisa Barrena maistra, psikopedagogo eta ekintzaile ezagunaren hitzak dira, apirilean gutun publiko baten bidez argitaratuak. Atzeman zioten tumorea «txarra» zela baieztatu zioten, eta zirujauarekin elkartu zen. «Akats bedeinkatua! Hona agian berandu etorriko zinen», esan zion medikuak. Hiru arrazoirengatik erabaki zuen Barrenak bere bizipena publikoki kontatzea: «70 urtetik gorako emakumeoi, egoera normalean, ez digutelako mamografiarik egiten Osakidetzan. 70 urtetik gorako emakumeok ere minbizia izateko arriskua dugulako. 70 urtetik gorako emakumeok ere mamografia egiteko eskubidea eduki beharko genukeelako Osakidetzan, pribatura joan beharrik gabe».
Mamografiak bularreko minbizia goiz atzemateko baheketak dira. Ez dira Euskal Herrian hainbat herritarri egiten dizkieten baheketa bakarrak: koloneko eta ondesteko minbizia eta umetoki lepokoa goiz atzemateko baheketak ere egiten dituzte Euskal Herri osoan. Hala ere, ez dira herritar guztientzat: sexua eta adina dira irizpide nagusiak, eta ebidentzia zientifikoaren eta osasun sistemek eskura dituzten baliabideen arabera ezartzen dira. Euskal Herrian baheketa programak ere aldatu egiten dira eremu administratibo bakoitzean. Osakidetzak kudeatzen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osasunbideak Nafarroan, eta Frantziako Osasun Ministerioak Ipar Euskal Herrian, osasungintza pribatuaren esku hartzearekin.
«Minbizia goiz atzemanez gero, bizirik iraun ahal izateko aukerak oso handiak dira».
ARANTZA GONZALEZBizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kidea
Baheketa programen helburua da minbizia goiz atzematea. Printzipioz osasuntsu dauden pertsonei egiten dizkiete proba horiek, eta emaitzen arabera jakin daiteke pertsona batek minbizia duen edo ez. «Minbiziaren hasierako zantzuak atzematea da baheketen xedea. Une horretan atzemanez gero, bizirik iraun ahal izateko aukerak oso handiak dira, eta tratamendu gehiago eta eraginkorragoak egoten dira minbiziari aurre egiteko», azaldu du Arantza Gonzalezek, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentziorako eta informaziorako koordinatzaileak.
Ipar Euskal Herrian, 50 eta 74 urte bitarteko emakumeei deitzen diete bularreko minbiziaren baheketa egitera, adin tarte bereko herritar guztientzat dira koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketak, eta 25 eta 65 urte bitarteko emakumeentzat dira umetoki lepoko minbiziaren baheketak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanle talde berari egiten zaio umetoki lepokoaren baheketa, baina 50 eta 69 urte bitarteko andreentzat dira bularreko minbiziarenak, eta adin tarte bereko gizon-emakumeentzat kolon eta ondestekoarenak, baita 70 urtekoentzako ere.
Nafarroan, berriz, koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketaren irizpideak berak dira, baina beste bietan, aldiz, desberdinak. Umetoki lepoko minbiziaren baheketara 35 eta 65 urte bitarteko andreei deitzen diete, eta bularrekoarenera, berriz, 45 eta 69 urte bitarteko emakumeei. Minbizi aurrekariak izanez gero —senideren batek pairatu izana—, adin tarteak zabalagoak izaten dira orokorrean.
Baheketa programak, norentzat?
- Bularreko minbizia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 50 eta 69 urte bitarteko andreentzat. Nafarroan, 45 eta 69 urte bitarteko emakumeentzat. Ipar Euskal Herrian, 50 eta 74 urte bitarteko emakumeentzat.
- Koloneko eta ondesteko minbizia. Hego Euskal Herrian, 50 eta 70 urte bitarteko guztientzat. Ipar Euskal Herrian, 50 eta 74 urte bitarteko guztientzat.
- Umetoki lepoko minbizia. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeentzat. Nafarroan, 35 eta 65 urte bitarteko andreentzat.
«Minbizia goiz atzemateko prebentzio neurririk eraginkorrenak dira baheketak», nabarmendu du Gonzalezek. Denetariko minbiziak dauden arren, hiru horien baheketak daude zabalduen. Zergatik? «Horiek direlako intzidentzia tasarik altuena duten minbiziak», azaldu du Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak. Izan ere, Mendebaldeko herrialdeetan koloneko eta ondesteko minbizia da herritarren artean zabalduen dagoena —emakumeen kasuan, ohikoenetan bigarrena da, eta gizonenean, hirugarrena—. Bularrekoa da emakumeen artean intzidentziarik handiena duen minbizia.
Umetoki lepoko minbizia, ordea, ez da ohikoena. «Prostatako minbizia, esaterako, askoz ohikoagoa da [gizonengan intzidentzia tasarik altuena duena da], baina ez dago hura goiz atzemateko probarik. Umetoki lepoko minbiziaren kasuan, badugu modua goiz atzemateko», esan du Gonzalezek. Baheketek badituzte mugak, ordea, eta horietako bat bitarteko minbiziak dira: baheketa negatibo baten ostean eta hurrengoa egin baino lehen diagnostikatzen diren tumoreak dira.
Minbizitik minbizira ere aldatu egiten dira baheketa probak. Bularreko minbizia goiz atzemateko probak dira mamografiak, eta bi bularrak aztertzen dituzte, lesio txikiak ote dauden ikusteko. Kolon eta ondestekoa atzemateko, gorotzetan ezkutatuta dagoen odola aztertzen dute. «Umetoki lepoko minbiziaren kasuan, 25 eta 34 urte bitarteko emakumeei zitologia egiten diete hiru urtean behin, eta 35 eta 65 urte bitartekoei giza papilomaren birusa daukaten begiratzen diete», Gonzalezen arabera.
Irizpideen zergatiak
«Baheketek segurtasuna izan behar dute, egiteko errazak, eta gizartean ez dute alarma handirik sortu behar. Kolon eta ondesteko minbizia atzemateko neurririk onena da kolonoskopia bat egitea, baina hasi herritarrei deitzen kolonoskopiak egiteko: jende gutxi joango litzateke», azaldu du Gonzalezek. Baina horiek ez dira irizpide bakarrak: «Inbertsioak baxua izan behar du: helburua da baliabide gehiegi erabili behar ez izatea proba horiek egiteko. Eraginkorrak izan behar dute, eta, horretarako, kostu baxua izatea garrantzitsua da».
Esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kolon eta ondesteko 4.519 tumore gaizto detektatu dituzte 2009tik baheketen bidez; horietako %71, hastapenetan. Umetoki lepoko bostehun minbizi kasu atzeman zituzten 2018tik 2022ra bitartean, eta 1995etik bularreko 12.663 tumore diagnostikatu dituzte.
%49,5SEOM Espainiako Onkologia Klinikoko Elkartearen arabera, 55 eta 74 urteko bitarteko pertsonak dira minbizia atzematen dieten herritarren %49,5. 75 baino gehiago dituztenak, berriz, %27,4.
Adin tarteak ere eraginkortasunaren arabera zehazten dituzte, baina, eskura dauden baliabideekin zeharkatzen dituztenean, batzuk baheketa programetatik kanpo geratzen dira. SEOM Espainiako Onkologia Klinikoko Elkartearen arabera, 55 eta 74 urteko bitarteko pertsonak dira minbizia atzematen dieten herritarren %49,5. 75 baino gehiago dituztenak, berriz, %27,4, eta 54 urte baino gazteagoak dira gainerakoak.
Zientziak aurrera egin izanaren eraginez, bizi itxaropena handitu egin da, eta, horregatik, adineko pertsonek minbizia jasateko probabilitatea ere handiagoa da, baina horrek ez du esan nahi gazteek minbizia pairatzeko arriskurik ez dutenik. Hori azaldu du Izan Inurri elkarteko Olatz Mercaderrek: «Gure taldeko inurri batzuek haurdun zeudela izan zuten minbizia. Beste batzuek, alaba jaio berri bat edoskitzen ari zirela. 20 urterekin minbizia izan zutenak ere badaude taldean. Kasuistika eta errealitate askoz zabalago hori gizarteratzen saiatzen gara».
«Ez da ezohikoa entzutea minbiziak ez duela minik ematen. Mito batzuk ezabatu beharko lirateke».
OLATZ MERCADERIzan Inurri elkarteko kidea
Izan Inurri elkartearen xedea zera da: «Gaixotasunaren inguruan tabu asko zeuden, gauza asko zeuden esateko, eta gauza asko ezkutatzen ziren. Sekulako beharra dago minbiziaren inguruko kontakizun berri bat eraikitzeko, feminismotik. Kontakizun eraldatzaileago bat». Mercaderrek azaldu du bularreko minbizia duela, eta gaztea dela. Bere gorputza autoesploratuta atzeman zuen tumorea, eta, artatu duten profesionalekin «oso eskertuta» dagoen arren, pedagogia lana egitea beharrezkoa iruditzen zaio: «Ez da ezohikoa entzutea minbiziak ez duela minik ematen, edo emakume gazteok ezin dugula minbizirik eduki, edo haurdun zaudenean ezin duzula minbizia eduki, edo edoskitzen ari zarenean ezin duzula bularreko minbizia izan. Mito batzuk daude, nahiko errotuak artatzen gaituzten medikuengan eta profesionalengan. Hori ezabatu beharko litzateke. Minbizia ez da adineko pertsonek daukaten gaixotasun bat soilik».
Eredu prediktiboak
Dena den, adin tarteak mugatuta daude. Nola zehazten diren azaldu du Biosistemak institutuko zuzendari zientifikoak, Ane Fullaondok: «Baheketak zehazteko, algoritmoak daude. Baliabideak finituak dira, eta ondo pentsatu behar da algoritmoa, inbutuak sor litezkeen puntuetara hel daitezen benetan arreta mota hori behar dutenak. Eredu prediktiboak sortuta, erabakiak hartu daitezke. Eredu prediktiboak zera esaten dizu: hau horrela egingo bazenu, hemen hau aurreratuko zenuke, baina ez dakit zenbat pertsona kanpoan geratuko lirateke. Hainbat egoera ikusteko eta konparatzeko ahalmena ematen dizu eredu prediktiboak, eta hori guztia kontuan hartuta erabakiko da zein izango den baheketa metodologia onena».
Eredu prediktibo horien gainean, adin tarteak zabaltzea ere ekarri izan da hizpidera; horrek lotura estua du horiek finantzatzeko behar diren baliabideekin. «Baheketa probak 74 urtera arte zabaltzeak aukera eman dezake askoz kasu gehiago atzemateko», azaldu du Gonzalezek, eta hori bera proposatu du Osakidetzak, esaterako, koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketarako.
«Baheketak zehazteko, algoritmoak daude. Baliabideak finituak dira, eta ondo pentsatu behar da algoritmoa».
ANE FULLAONDOBiosistemak institutuko zuzendaria
Luzapen hori «planifikatu» egin du, martxan noiz jarriko duten azaldu gabe. Mercader bat dator adin tartea bost urte zabaltzearekin: «Hori diote nazioarteko medikuek, aho batez». Hala ere, nabarmendu du gazteagoei ere egitea beharrezkoa dela, eta ohartarazi du 2020tik —«ez dakit pandemiagatik izan den»— baheketak «atzerapen handi samarrarekin» egiten ari direla.
Baheketek pazienteen bizi kalitatea hobetzen dutela nabarmendu du Gonzalezek, baina gaineratu du prebentziorik onena bizi ohituretan datzala: «Minbizia prebenitzeko neurririk onena da bizi ohitura osasuntsuak izatea: ondo elikatzea, jarduera fisikoa egitea, ez erretzea...». Beste ikuspuntu bat du Mercaderrek: «Ikusi da 1990. urtetik 50 urtetik beherakoen minbiziak izugarrizko gorakada izan duela: %79. Hori ez da norbanakoen ohituren ondorio, baizik eta estrukturalki eta globalki dauzkagun bizi ohiturak, bizi baldintzak, kutsadura, arnasten duguna, jaten duguna, edaten duguna... Iruditzen zaigu horri ez zaiola behar beste erreparatzen».
12.6631995etik bularreko 12.663 tumore diagnostikatu dituzte baheketen bidez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kolon eta ondesteko 4.519 tumore gaizto detektatu dituzte 2009tik baheketetan.