Bagira-k «euskal udaberrian» kokatu du Aberri Eguna

Martxoaren 31n Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleak bildu nahi dituzte Uztaritzen. Ondoko asteetan Euskal Herriaren ikurrak «harrotasunez» erakustera deitu dute.

(ID_13698981) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) BAGIRAren prentsaurrekoa Aberri Egunari buruz, Uztaritze, 2024ko martxoaren 13an
Bagira-ren prentsaurrekoa, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko martxoaren 13a
15:15
Entzun

Martxoaren 31n Uztaritzen (Lapurdi) antolatuko duten Aberri Egunarekin bukatutzat emanen dute Bagira prozesua. Egun horretan aurkeztuko dute Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bide orria, eta ondoko hamarkadetan hartuko duen bidea markatuko dute. «Euskal udaberriaren» testuinguruan kokatu dute aurtengo Aberri Eguna, eta Gure Esku-k egindako deia babestu dute, gomita eginez Euskal Herriaren ikurrak «harrotasunez» erakusteko, «euskal nazioarekiko atxikimendua» adierazteko. 

2022ko abenduan aurkeztu zuten Bagira prozesua, Bidarrain (Nafarroa Beherea), Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea «birfundatzeko, berrindartzeko eta etorkizunera proiektatzeko». Transmisio historikoari ekin zioten lehenik, eta hainbat hitzaldi eta tailer antolatu zituzten tokian-tokian. Iazko Aberri Egunean, Itsasuko Agiria oroitu zuten, duela 60 urte abertzaletasunaren pizkundea izan zena, eta mugimendu abertzaleari buruzko galdetegia abiatu zuten udaberrian. Inkestak 1.500 erantzun ukan zituen, eta abertzaletasunaren argazki bat eman du. Hori aurkezten aritu dira azken hilabeteetan, eta erantzun horietan oinarrituz osatu dute bide orria. Urtarrilean jardunaldiak antolatu zituzten, Kanbon (Lapurdi).

Martxo bukaeran aurkeztu duten bide orriak hainbat gai jorratzen ditu, Bagira-ko ordezkarien hitzetan: Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen ibilbide historikoa oroitarazten du, eta momentuko «egoera globalaren eta tokikoaren gakoak» ematen ditu. Abertzaletasunaren oinarriak ere zehazten ditu, «historikoak eta garaikideak», eta ondoko hamarkadako helburu nagusiak finkatzen ditu, euskararen arloan, etxebizitzan, klima aldaketan, arlo sozialean eta herri laborantzan. Horrez gain, «estrategiei eta praktikei buruzko gogoetak» ere badira.

Azkenik, mugimendu abertzalean egin beharreko «eraldaketak» ere azpimarratzen ditu, besteak beste ikuspegi feminista lantzeko, gazteria antolatzen laguntzeko eta elkarlana sustatzeko.

Deialdi andana

Bagirak antolatu duen Aberri Eguna «euskal udaberri» baten inguruan kokatzen dela adierazi dute bultzatzaileek. «Europako hauteskundeen giroan eta eskuin muturren gorakada betean, Euskal Herriak bere ahotsa adierazteko momentua da». Korrika izan dute hizpide, bihar abiatuko baita, eta, hala, bat egin dute Gure Esku-k euskal ikurrak jartzeko egin duen deiarekin. Halaber, beste hainbat eragileren deialdiak ere gogoan izan dituzte, hala nola Euskal Herria Batera-k Bilbon batzeko egin duena, Ernaik Lezon (Gipuzkoa) antolatutako topagunea eta EH Bilduk Iruñean eginen duen Aberri Eguna. 

Ipar Euskal Herriko biztanleei dei egin diete euskal ikurrak agerian ezartzeko. Gaurdanik, ikurrinak edota nafar banderak eskuratu nahi dituztenentzat 11 salmenta gune antolatuko dituzte Ipar Euskal Herriko xoko guzietan.

Aberri Eguneko besta giro onean iragan dadin, erasoen kontrako protokolo bat prestatu dute, eta laguntzaileei dei egin diete. Berrehun pertsona behar dituzte egun osoko lan txandak osatzeko. 

ABERRI EGUNEKO EGITARAUA

  • 9:30. Bide orria aurkezteko mintzaldia Lapurdi gelan. 
  • 11:00. Manifestazioa eta ekitaldi nagusia.
  • Eguerdian. Zikiro alaitua.
  • Gauean kontzertuak. Roba Estesa, Andoni Ollokiegi, Auhen, Jasnus Lester eta DJ Bull.

Egun osoan, kontzertuak, txarangak, animazioak, haurren xokoa eta elkarteen herrixka izanen dira.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.