GALen biktimak

Edurne Brouard eta Bego Galdeano: «Badute estrategia bat; gu noiz nekatuko zain daude. Ba, ez. Gal dezatela esperantza»

Barrionuevoren kontrako kereila aurkezteaz gain, Brouardek eta Galdeanok hitzez azaldu dute zer sentiarazi dien GALen biktimei haren «harropuzkeriak». Egiarako eskubidea aldarrikatu dute, eta gehitu ez dutela etsiko asmo horretan.

MONIKA DEL VALLE / FOKU
MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
Bilbo
2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak GALen ekintzak justifikatu eta Joxemari Larretxearen bahiketa agindu izana aitortu ostean, Edurne Brouard (Bilbo, 1959) eta Bego Galdeano (Algorta, Bizkaia, 1962), hurrenez hurren, prentsa aurrera atera ziren estatuaren beste zenbait biktimarekin batera, Barrionuevoren esanak salatu eta Espainiako Gobernuari «erantzukizuna bere gain har dezala» eskatzeko. Santi Brouarden alaba da bata, eta Xabier Galdeanorena bestea; bi gizonak hil zituen GALek. Orain, Egiari Zor fundazioaren eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren babespean, haien alabek hitza hartu dute berriz ere, Barrionuevoren kontrako kereila aurkezteko.

Zuen aiten kasuetan, egile materialak epaitu eta zigortu zituzten, baina ez zen ahalegin handirik egin urrutiago iristeko, nahiz eta agerikoak izan haien eta Espainiako Barne Ministerioaren arteko loturak. Kereila honekin bide horri heldu nahi diozue?

BEGO GALDEANO: Egin diren epaiketa gehienetan, egile materialak —mertzenarioak— epaitu dituzte, baina hortik aurrera ez da ikerketarik egin. Gure kasuan, gainera, Frantziako justiziak Espainiakoari eskatu zion pertsona bat [Eduardo Mari Chica] ikertzeko, hura izan zelako dirua eman ziena. Isilpeko informatzaile bat zen. Bitxia izan zen: Diario 16-en argitaratu zen non bizi zen, Marbella inguruan, baina Espainiako justiziak ez zuen topatu. Espainiara iristean, beti ikusi dugu justiziak beste aldera begiratu duela. Hor amaitzen zen kontuan, gorago daudenak babestu nahian.

EDURNE BROUARD: Gurean antzeko zerbait gertatu zen. Egile materialtzat jotzen duguna —[Luis] Morcillo Pinillos— atxilotzeko eskatu genuen, baina ez zuten topatzen. Guk topatu genuen Ameriketan, baina ez diote eskaerarik egin Interpoli. Kasualitatez, pertsona horrek harreman zuzena zuen Guardia Zibilarekin, [Rafael] Masa jaunarekin. Haren enplegatuak ziren gero zigortu zituztenak [Rafael Lopez Ocaña eta Juan Jose Rodriguez Diaz]. Teatro penagarri eta ikaragarri hartan, ebazpenak berak esaten du gauza asko falta direla, baina laguntza ezagatik ezin dela aurrera egin. Hau da, Espainiako justiziak ez du ezer egiten gauzak argitzeko, eta, horrekin batera, adierazten du ez duela nahikoa egiten.

GALDEANO: Beraz, kereila honekin gorago iritsi nahi dugu, daukagun egia txiki horretatik aurrera egin. Estrategia bat dagoela erakutsi, baita horren erantzuleak nor diren ere. Orain arte ezin izan dugu horra heldu, baina ea honela argi geratzen den nortzuk dauden egile material horien atzean.

Esan duzue Espainiako justiziak orain arte ezer gutxi egin duela. Posible da bestelako erantzun bat ematea?

BROUARD: Bide guztiak ibili nahi ditugu. Justiziak orain arte erakutsi diguna ikusita, gehiegi ez dugu espero, baina kereila sartzen dugunean, behingoz erantzun bat ematea nahiko genuke. Azken 40 urteetan esan dugun modura, guk azkeneraino joateko nahia dugu. Eta azken bide horrek eskatzen badu hau Espainiatik kanpora eramatea, Frantziako Estatura, NBEra edo nazioarteko beste instantzia batera, heltzeko prest gaude. Badute estrategia bat; gu noiz nekatuko zain daude. Ba, ez. Gal dezatela esperantza; ez gara aspertuko.

GALDEANO: Hemen gauden bitartean, lan egingo dugu horretarako.

«Kereila honekin gorago iritsi nahi dugu, daukagun egia txiki horretatik aurrera egin. Estrategia bat dagoela erakutsi, baita horren erantzuleak nor diren ere»

BEGO GALDEANOGALen biktima
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren «bultzada» aipatu zenuten aurkezpen prentsaurrekoan. Josu Mujikaren eta Txomin Letamendiaren auziak tramiterako onartu dira.

GALDEANO: Bestelako babesa ematen du halako erakunde batek. Beste kasu asko aztertu ditu giza eskubideen urraketen inguruan. Lan handia egin dute, eta badute aurrera egiteko oinarria. Baliteke gu sutan jartzea zerbait irakurri edo entzutean, baina hainbeste gauza izan dira 40 urtean.

BROUARD: Bide juridikoari dagokionez, oso lagungarria da behatokiaren lana, hango kideek asko baitakite eta bidea ez baita erraza. Pentsa genezakeen kereila jarri eta kartzelatuko luketela, baina ez da hain erraza. Urte hauetan norabide argirik gabe ibili bagara ere, orain, behatokiaren babesak aurrera egitera bultzatu gaitu.

Halako salaketak atzera botatzeko argudioetako bat preskripzioa da. Zuek, baina, argi diozue egia ez dela preskribatzen, ezta zuei eragindako mina ere.

BROUARD: Esfortzu berezi bat egin dugu egia eta harremanen normaltasuna bilatzeko, eta uste dugu denok daukagula egiarako eskubidea. Eta egiarako eskubideak ezin du inondik inora preskribatu. Akaso ez dira kartzela zigorrak egongo, baina egia osoa aitortu dezatela.

GALDEANO: Gure helburua hori da. Ez da inor espetxera bidaltzea. Eta, abokatuek komentatu dutenaren arabera, bide berri bat ireki dezake.

Barrionuevok 2022an esandakoak badute garrantzia berezia auzi honetan. Zuek nola jaso zenituzten hitz haiek?

GALDEANO: Halakoek duten inpunitatea datorkizu burura. Gutako edozein kartzelara joango litzateke larritasun gutxiagoko zerbait esanda. Inpunitatea itzela da, horixe bultzatzen baitute epaileek, prentsak eta beste aldera begiratu duten politikariek. Dena onartu da gure kontra.

BROUARD: Niri, momentu hartan, barregura pixkatxo bat ere eman zidan. Amorruari lotuta, noski. Gu Madrilen egon ginen hura epaitu zutenean. Orduan, gezur pila bat esan zituen. Eta guri eraso egin ziguten. Lehendik eraso egin zigutenoi han eraso egin ziguten berriro ere. Eta, ez dakit zenbat urte pasa eta gero, gezurra esan zuela onartu du, eta egia berriak planteatzen ditu. Hori zer da? Inpunitate osoz jokatzen duenaren harrokeria. Hain harroputza da eta hain pozik dago egindakoaz, El País-i kontatu baitio guk bagenekiena baina berak urte luzez auzitegian ukatu zuena. Ez da herri txiki bateko aldizkaria, El País da. Guk uste dugu esandakoa baino askoz gehiago dakiela, eta horregatik deituko ditugu hainbeste lekuko euren testigantzak ematera: Baltasar Garzon, Felipe Gonzalez, mundu horretan ibili diren kazetariak... Teorian, lekuko diren heinean ezin dute gezurrik esan.

«Hain harroputza da eta hain pozik dago egindakoaz, El País-i kontatu baitio guk bagenekiena baina berak urte luzez auzitegietan ukatu zuena»

EDURNE BROUARDGALen biktima
Hain zuzen, elkarrizketa horretan dio badakiela gehiago, baina bere burua «itsasontziko kapitaintzat» duela, eta ez duela ezer argituko.

BROUARD: Ikusiko dugu bide hori noraino doan, baina aipatu behar da kapitaina bera bada ere itsasontzi horretan almirantea ere badagoela.

Aipatu duzue Urkulluri hitza hartuko diozuela laguntza emateko asmoei dagokienez. Oro har, hasi duzuen bidean, zer eskatzen diozue instituzio eta alderdi politikoei?

BROUARD: Barrionuevok adierazpen horiek egin zituenean, irmo jokatu eta argi erantzun zuten. Ñabardura batzuk gorabehera, gure aldeko jarrera adierazi zuten. Beraz, espero dugu jarrera horri eustea orain ere. Ez dut uste Pradalesen eta Urkulluren artean ezberdintasun handirik dagoenik. Beraz, normalena litzateke Urkulluk zabaldutako bideari jarraitzea Pradalesek. Hori espero dugu; ahal den neurrian laguntzea, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.