Ezda aski. Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak pairatutako biktimentzat «urrats bat» da Francisco Perezek, Iruñeko artzapezpikuak, barkamena publikoki eskatu izana, baina uste dute «motz» gelditu dela eta «Elizak urte askoan izandako jokabidea zuritzeko ariketa bat» besterik ez dela. Iruñeko gotzainak harrera egin zien atzo Lizarrako El Puy ikastetxeko biktimen ordezkariei. Kanpoan gelditu ziren, ordea, gainerako ikastetxe erlijiosoetako biktimen izenean joandakoak. Ez zeuden gonbidatuta.
«Giro onean solastatu gara, eta Artzapezpikutza prest azaldu da bestelako neurri batzuk hartzeko, baina bide luzea falta da oraindik. Ongi dago barkamena eskatu eta gertatutakoa aitortu izana, baina justizia eta ordaina falta zaizkigu», azaldu zuen Jesus Zudairek, Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Biktimen Elkarteko buruak, bileraren ostean. Iragan asteartean, El Puy ikastetxean 1960ko eta 1970eko hamarkadetan salatutako sexu abusuei buruzko txosten bat aurkeztu zuen artzapezpikuak, eta barkamena eskatu zuen, «abusu fisiko edo sexualen zantzuak atzeman baziren, horiek bere garaian ikertu beharra zegoelako».
Urte horietan El Puyko ikasle izandako askok «ukituak, tratu txarrak eta jokabide lizunak» salatu zituzten. Salaketa aurkeztu zuten epaitegietan, baina auzia artxibatu zuten, delitua preskribatuta dagoelako eta ustezko abusatzailea aspaldi hil zelako. «Jose San Julian apaizaren biktimak gara!», aldarrikatu zuen elkarteko kide Fernando Roncalek, hedabideen aitzinean. «Artzapezpikutzari gogorarazi behar zaio guri egin zizkigutenak ez zirela bekatuak izan, askotan esaten duten bezala, delituak baizik. Eta delituak diren heinean, erantzuleek epaituak eta espetxeratuak izan beharko lukete. Hori egitea ezinezkoa bada, biktima izan ginenoi justizia errestauratiboa jasotzeko bide bat eskaini beharko ligukete, gutxienez». Gotzainak asteartean adierazitako «atsekabeari» buruz ere zalantzak agertu zituen Roncalek: «Aukera asko izan ditu elkartasuna adierazteko, eta bizkarra eman digu; orain badirudi keinua izan nahi duela gurekin, bada, ongi, bazen garaia».
El Puyko sexu abusuen gaineko prozesu juridikoa bertan behera gelditu bada ere, «harago» joateko eskatu zioten Perez artzapezpikuari atzoko bileran. Pederastia kasuak estaltzeko eta salaketei entzungor egiteko erabakiaz galdetu zioten, besteak beste: «El Puy ikastetxeko abusuen berri izan zutenean, San Julian apaiza lekualdatu egin zuten, eta beste ikastetxe batera eraman. Horren inguruan galdetu diogu gotzainari, eta aitortu digu apaiz horren txostenak desagertu egin direla beren artxibotik», azaldu zuen Zudairek. Haren esanetan, Perez artzapezpikuak «esplizituki» onartu zuen «auzia estali egin zela».
Gotzainaren «hipokrisia»
El Puy ikastetxeko biktimek ez ezik, hitza hartu zuten beste zenbait ikastetxetan abusuak salatutako ikasle ohiek ere. Are gogorrago mintzatu ziren Nafarroako Elizaren jarreraz, uste baitute gotzainak «ateak itxi» dizkiela: «Bileratik kanpo utzi gaituzte», salatu zuen Mikel Eziolatzak. Garesko Erreparaziokoen komentuan ikasi zuen, eta abusuak salatu zituen, baina ikastetxea Iruñeko elizbarrutiak ez, ordena erlijioso batek kudeatzen du; hortaz, lege kanonikoaren arabera, hor gertatutakoa ikertzea ez dagokio artzapezpikuari. «Elizak bizkarra eman digu, eta laguntza ukatu, eskatu diogun aldiro; are: gertatutakoa estaltzeko makineriaren parte izan da urteetan», salatu zuen Eziolatzak. Horregatik uste du Perez gotzainaren barkamen eskeak «sinesgarritasunik ez» duela: «Astearteko agerraldia zuriketa edo makillaje ariketa hutsa izan zen, eta agerian uzten du gotzainaren jarrera hipokrita».
Eziolatzaren ustez, artzapezpikuak barkamena El Puyko ikasle izandakoei soilik eskatu izanak «biktimizazio bikoitza» eragin die gainerakoei: «Gainetik kendu du erantzukizun oro, eta bigarren mailako biktima bihurtu gaituzte». Sexu abusuak pairatu zituztenen helburua «egia, justizia eta ordaina» lortzea dela gaineratu zuen Erreparaziokoen ikasle ohiak: «Ez dugu mendekurik nahi, ez gaitu gorrotoak mugitzen, eta ez gara Espainiako Elizaren opakutasuna eta laguntzarik eza salatu ditugun bakarrak».
NUP eta EHU, eredu
Eliza katolikoaren «opakutasunaren» eta «immobilismoaren» aldean, egia azaleratzeko zenbait egitasmo nabarmendu zituzten abusuen biktimen elkartekoek. Eredugarritzat jo zuten, adibidez, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Bartzelonako Unibertsitateak eta Kataluniako Unibertsitate Irekiak elkarlanean ondutako txostena: «Ikerketa horretan, agerian gelditu da Espainiako Eliza katolikoak ezer gutxi egin duela pederastia kasuak azaleratzeko eta biktimei ordaina emateko».
Sexu abusuen biktimen errolda egiten ari da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Eziolatzaren esanetan, «funtsezkoa» da gisa horretako egitasmoak sustatzea: «Kopuruak zehazteaz gain, ahotsa ematen digute sexu abusuak sufritu ditugunoi». Xede horrekin, Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteak harreman bide berriak zabaldu ditu, biktimei aholkularitza eta babesa eskaintze aldera: [email protected] helbide elektronikoa, alde batetik, eta 608-017 000 telefono zenbakia, bestetik.
Badute egia; faltan dute justizia
Iruñeko artzapezpikuak eta El Puy ikastetxean sexu abusuak jasandako biktimek bilera bat egin dute. Salatu dute Elizaren barkamen eskea «murritzegia» dela eta «bazterrean» utzi dituela biktima asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu