Hilotza zulotik ateratzeko prozesua bi fasetan eginen dute: lehenik eta behin, 1,5 tonako hilarria altxatuko dute, garabi baten eta arrabolen laguntzaz, eta gero hilkutxa aterako dute, kablez lotuta —1,26 metro sakon da diktadorearen hobia—. Bigarren fasean, berriz, hilobia adreiluz eta porlanez beteko dute, eta gainean harlauza bat jarriko.
Beste hilkutxa bat eramango dute, litekeena baita lurpean dagoena ustelduta egotea, eta, gorpuzkiak batetik bestera aldatu ondoren, helikopteroz eramango dute handik Pardo-Mingorrubioko kanposanturaino. Efe berri agentziak azaldu duenez, armadaren helikoptero bat ere prest dauka Espainiako Gobernuak, Erorien Haraneko aparkalekuan.
Komunikabideak ezin izango dira sartu Erorien Haraneko santutegian eta Mingorrubioko mausoleoan; beraz, ezingo dute eman haren gorpua hobitik ateratzen duteneko irudi gertukorik, ez eta berriro hobiratzen dutenekorik ere. Espainiako Gobernua dena prestatzen aritu da asteburuan, eta Erorien Haraneko bisita guztiak bertan behera utzi zituen. Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren kontrolak ezarri dituzte, bai Erorien Haranean, bai Pardoko hilerrian.
Debekuari entzungor eginez, baina, Francisco Franco fundazioak elkarretaratze bat antolatu du etziko, Pardo-Mingorrubioko kanposantuan. «Omenaldia eginen diogu Espainiaren handitasunaren alde hainbeste egin zuen hari. Lorez eta otoitzez beteko dugu panteoia», esan dute elkarretaratzera deitzeko oharrean.

Prozesu gorabeheratsua
Espainiako Gobernuak iazko abuztuaren 24an hasi zuen Francoren hilotza Erorien Haranetik ateratzeko bidea. Asmo hori iragarri zuenetik, baina, diktadorearen zazpi bilobek hamaika helegite eta alegazio aurkeztu dituzte.
Iragan abuztuan, prozesua behin-behinean eteteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Goreneko Jose Yusti epaileak, «lanen tamaina handia» argudio gisa hartuta. Irailean, ordea, Gorenak arrazoia eman zion Espainiako Gobernuari, Franco hobitik ateratzea «obra txikia» eta «legearen araberakoa» delako.