Urte politikoaren hasiera. Eusko Jaurlaritza

Baditu etxeko lanak

Ekonomia «estimulatzea», zerga politikan akordioa lortzea, eta aurrekontu orokorrak onartzea dira Urkulluren lehentasunakHezkuntzan eta osasunean murrizketarik ez dela egin adierazi du lehendakariak

Donostia
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Urte politiko hasi berriko ibilbidea markatuta utzi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Urteroko legez, Donostiako Miramar jauregian bildu zen lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin batera, lehen gobernu kontseilua egiteko. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarolak eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek egin zioten harrera Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari.

10:00 aldera iritsi zen gobernuko ordezkaritza, 10:15 aldera, berriz, lehendakaria. Txistulariek eta agintariek harrera egin ostean bildu zen Urkullu bere sailburuekin, eta 12:00etan ekin zion bileran hitz egindakoa azaltzeari. Lehendakariak adierazi zuenez, Jaurlaritzaren urte honetako agenda, uda aurretik planteatutako gaiek markatuko dute.

EKONOMIA ETA ENPLEGUA

180 milioi euroko funtsa

Ekonomiaren hazkundea eta enpleguaren sorrera dira Urkulluk lehenesten dituen gaiak. 180 milioi euroko funtsa sortu du Jaurlaritzak, EAEko hiru diputazioen eta Eudelen oniritziarekin. Euskadiren «modernizazioa» eta ekonomia «estimulatzea» bultzatuko da funts horrekin. 2013. urtea krisialdiko urterik gogorrena dela uste du Urkulluk, eta datorren urtean atzeraldi ekonomikotik ateratzeko itxaropentsu agertu zen atzo, «gogorra» izango dela onartzen duen arren.

Urkulluren aurreikuspenen arabera, Euskadiren eta Espainiaren arteko alde biko harremana giltzarri izango da Euskadik ekonomikoki aurrera egiteko. Defizit muga hamarren bat igotzea, zorpetze ahalmena handitzea eta kupoari buruzko akordioa lortzea ere helburutzat jo ditu Jaurlaritzak. Espainiak horren inguruan adierazpen publikorik egin ez duen arren, baikor dago Urkullu. «Bi aldeentzako egokia den akordio bat lortzea» espero du.

ESTATUS POLITIKO BERRIA

Zentralizazio joeraren aurka

Autogobernuaren estatusa «berrikusi» beharra ere azpimarratu zuen Urkulluk. Azken 34 urtetan bere estatutua eraldatu ez duen autonomia erkidego bakarra EAE dela gogorarazi, eta egoera hori amaitu beharra azpimarratu zuen lehendakariak: «Uste dut Euskadik beste harreman mota bat izan behar duela Espainiarekin, baita Europar Batasunarekin ere».

Autogobernu nahi horren barruan, praktikan Jaurlaritzak zer-nolako estatus eredua lortu nahi duen ez da ziurra, halaber. Duela hiru egun, PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi zuen Urkulluk abiarazi nahi duen autogobernu lantalde horretan «independentzia aspirazioak» egon zitezkeen errezeloa zuela. Urkulluk, bestalde, ez zuen horrelakorik baieztatu. «Gaur egungo errealitatea egokitu beharra» nabarmendu zuen, beste barik. Espainiako Gobernuaren aldetik birzentralizazio joera bat dagoela azpimarratu zuen, eta Jaurlaritzaren helburua, Euskadiren autogobernua errespetaraztea eta garatzea izango dela azaldu.

BAKEGINTZA

Bake Planaren ildotik

Eusko Jaurlaritzak joan den ekainean argitara emandako Bake eta Bizikidetza Plana izango da bakegintza alorraren epizentroa. Urkulluren adierazpenen arabera, alderdi guztiek egingo dizkiote ekarpenak aipatu planari, eta Jaurlaritzaren erantzukizuna, ekarpen horiek «entzun, jaso eta batzea» izango da. Helburua, azken finean, Euskadiko herritarren arteko «bizikidetza adiskidetsu bat» lortzea da lehendakariaren hitzetan.

Euskadi garai berri batera iristeko gai izan dela azpimarratu zuen Urkulluk, eta, era berean, gizarte eragileei eta eragile politikoei garai horretan parte hartzeko deia luzatu zien. Euskal Herriaren iraganaren inguruko bertsio askotarikoak daudena badakiela baina ondorio batera iritsi beharra dagoela nabarmendu zuen: «Giza eskubideak hautsi direla hemen, eta hori injustizia bat dela». ETAren desarmatzeari buruz aipamen urria egin zuen lehendakariak. Hori ez zela bere gaia, baina azpimarratu zuen gizartearen nahia argia zela: «ETAk disolbatu egin behar duela».

ZERGA POLITIKA

Aurrekontu orokorren atarikoa

EAJ eta PSE-EEren arteko zerga akordioa egitear dagoen honetan, gai horri ere garrantzia eman nahi izan zion lehendakariak. Uda honetan, zerga sistema progresibo baten alde egingo duela esan du Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak. PFEZa, esaterako, tramo handienean igotzeko nahia erakutsi du PSE-EEkoak, baina Urkulluk ez zuen horrelakorik baieztatu. Aldatu bai, aldatuko omen da zerga sistema, baina orokorrean: «PFEZa, Sozietate Zerga eta guztiak». Zerga sistemaren akordioa, 2014ko aurrekontu orokorraren akordioaren atarikoa dela iradoki zuen, azkenik, Urkulluk.

Urte politiko hau oraindik ikuskizun dago, baina joan den urtean hartutako neurri bat gogora ekarri zitzaion atzo lehendakariari. Jaurlaritzak 391 ertzain gehiago jarri ditu uda honetan EAEko kaleetan. Urte hasieran hainbat hedabidek atera zituzten datuetan, EAE Europako Batasuneko ratio polizial handiena duen herria zela azpimarratzen zen: 6,9 agente mila biztanleko. Hori hala, ETAk jardun armatua utzi duen honetan, eta hezkuntzan zein osasunean murrizketak egiten ari diren honetan, ertzaintza kopurua gehitzearen inguruko azalpenak emateko eskatu zitzaion Urkulluri. Ez zuen galdera ondo hartu; onartu zuen kalean ertzain gehiago daudela, baina ukatu egin zuen hezkuntzan zein osasunean murrizketarik egin dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.