Basque Culinary Centerrek egoitza berria izango du Donostiako Gros auzoan, Manteo parkea zen lekuan. GOe-Gastronomy Open Ecosystem izena jarri diote —Gastronomiaren Ekosistema Irekia esan nahi du—. Sukaldaritza berritzeko, ikertzeko, ikasteko zentroa izango da; agerraldia egin dute gaur, Miramonen (Donostia) duten beste egoitzan, proiektuaren ezaugarrien berri emateko. Datorren udararako prest izango dela iragarri dute, eta orduan jarriko dela martxan.
Bizilagunak, baina, ez daude ados proiektuarekin, eta protestak egin izan dituzte: tokia desegokia iruditzen zaie, Gros auzoko berdegune bakarra ezabatuko duelako, eta beste eraikin bat egingo dutelako parkearen ordez, besteak beste. «Badira proiektua gustuko ez duten auzotarrak; hori ezingo dugu aldatu», adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak. Espero du auzotarrek proiektuaren gainean duten iritzia aldatzea, «ikusten denean eraikin honek zer ekarpen egin diezaiokeen auzoari». Bizilagunak informatuta mantentzeko eta esateko daukatena entzuteko prest daudela adierazi du Aizegak: «Hori baita gure lan egiteko modua».
Ikusi gehiago
Gaineratu du arkitektoek hasieratik ulertu zutela eraikinaren kokapenaren garrantzia, eta bizilagunen bizimoduaren araberakoa egin beharko zutela. Eraikinaren diseinua inguruan integra dadin pentsatuta dago; are, «parkearen parte balitz bezala» ulertzeko, azaldu du Peru Cañada BAT arkitektura agentziako zuzendari orokorrak. «Hiriari bizkarra eman beharrean, proiektu hau lotura jasangarria da: komunitatearen, itsasoaren eta mendiaren arteko zubia», zehaztu du. Asmo horrekin, sabaia gainetik ibiltzeko modukoa da, eta aisialdi jarduerak egin ahal izango dituzte herritarrek.
GOe zentroak zientzia, talentua eta teknologia uztartuko ditu. Ikertzaileak, ekintzaileak eta ikasleak bilduko ditu egoitza berriak. Sei ikaskuntza master ere jarriko ditu abian Gastronomia Zientzien Fakultatearen bitartez. Sukaldaritzaren berrikuntzak hiriratzeko asmoz, GOe eraikinetik 1.200 metro herritarrei eskainiko zaizkiela azaldu du Aizegak. Kultur jarduerak antolatuko dituzte, hitzaldiak, zikloak, eta haurrak eta helduak elikadura osasungarrian hezteko ikastaroak ere bai.
Horretarako, puntako baliabideak izango dituzte: zortzi sukalde ikerketarako eta hezkuntzarako, analisi sentsorialerako gela bat, hamar laborategi, sormen gune bat, ikus-entzunezko ekoizpenerako estudio bat, coworking guneak, enpresentzako eremuak, 200 pertsonarentzako auditoriuma, eta esperimentaziorako eta testatzeko jatetxea eta kantina, besteak beste.
Eraikinak jasangarritasunaren oinarriak gainditzen dituela ziurtatu dute: argi naturala baliatuko dute, eta tokiko landareak landatuko dituzte. Lanengatik galdutako berdeguneak konpentsatu dituztela esan dute: Nafarroa etorbideko bi kale paraleloetan 42 zuhaitz landatuko dituzte. Izan ere, lanek iraun bitartean etorbide horretako zuhaitzak moztu zituzten «segurtasun arrazoiak» zirela eta. Aizegak ziurtatu du lurrean ez dagoela amiantoaren «inolako arrastorik».
Beste bi egoitza Araban
Donostiako Gros auzoan jada eraikitzen ari diren eraikinaz gainera, Basque Culinary Centerrek beste bi egoitza egiteko asmoa du: bata, Gasteizko Lakua auzoan, eta bestea, Arabako Guardian. Biek edarien eta ardoaren bueltan ikertu eta irakatsiko dute bereziki.