«Koalizioaren barruan dauden sentsibilitateak ongi kudeatzen daki Bilduk», Ikerne Badiola Eusko Alkartasuneko komunikazio idazkariak azpimarratu duenez.Josu Erkoreka EAJko Kongresuko diputatuak Bilduri egindako kritikei erantzun die EAkoak, ohar batean. Bilduren barruan sektore «opusdeistak» daudela eta sentsibilitate desberdinak elkartzeko zailtasunak dituela esan duErkorekak.
«Aniztasuna» da koalizioaren ezaugarri nagusienetakoa, eta horixe bera saritu du euskal gizarteak hauteskundeetan, Badiolak erantzun dioenez. «Bildun gai izan gara subiranotasunetik independentismora doan sektorea eta sozialdemokraziatik ezker tradizionalera doana bateratzeko», azpimarratu du. Aniztasun horrek «aberastasuna» eta «ikuspegi zabala» eskaini diola uste du EAko buruak: «EAJn, ordea, bi iritzi desberdin ematen dira gai politiko bakoitzaren inguruan». Hala, EAko komunikazio buruak «noraezean» ikusten du EAJ kritika horiek egiterakoan.
Badiolak gogorarazi du EAJk ez diola oraindik erantzun ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak koalizioa osatzeko egindako eskaintzari: «Gaia garrantzitsuegia da txiste pare batekin erantzuteko, baina EAJk esan beharko du Katalunian bideragarria den formula batek hausnarketa serioagoa merezi duen ala ez».
Badiola: «Bilduk badaki barne sentsibilitateak ongi kudeatzen»
Euskal gizarteak koalizioaren «aniztasuna» saritu egin duela erantzun dio EAko buruak Erkorekari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu