Zinetan leku ederra da Pasaiako badia, Gipuzkoako ederrenen artean zerrendatzeko modukoa. Begiak itxi behar dira, ordea, giza jardueraren eragin basatienek bertan erasan aurretik nolakoa zen irudikatzen saiatzeko. Hor daude 1960eko hamarkadako desarrollismo aseezinak Donostia ondoko auzo eta herrietan lagatako eragin zabarrak; hortxe dago, halaber, portua: porlanez irensten du badia. Aldiz, aste batzuen buruan aldaketa ageriko bat izango da badiako zerumugan; aurreratuta daude Iberdrolak Pasai Donibanen zuen zentral termikoa eraisteko lanak, eta datozen asteotan azken aztarna handia desagerraraziko dute: tximinia, 115 metro garai. «Pixkanaka-pixkanaka eraitsiko dute», azaldu dute Pasaiako Portuko Agintaritzako —kaia barruan zegoen zentrala— informazio iturriek. Bi garabi lanean ari dira tximinia inguruan, eta robot bat erabiliz mailaz maila eraistea da langileen asmoa: aurrena barrutik botako dute, eta, behin txikitzen hasten denean, egunean 2-3 metro egingo du behera: lurrarekin berdinduta geratu arte.
2012ko ekainean jakinarazi zuen Iberdrolak zentrala ixteko asmoa. «Ezin dugu gure poza ezkutatu». Amaia Agirregabiria alkateak (EH Bildu) berehala esan zuen berria gogo onez hartu zutela. «Aspalditik itxita behar luke», gogorarazi zuen. «1967tik dago lanean; oso zaharkituta dago». Egunotan, zentralaren porlanezko silueta betiko desagertzeko bidean dagoela jakinda, poza ezin izan du ezkutatu, berriz ere. «Bistarako aldaketa garrantzitsu batizango da, edozein tokitatik eskualdera gerturatzen ginenean beti ikusten zen lehen elementua tximinia izaten baitzen».
Amaia Agirregabiriak dio zentralaren funtzionamenduagatiko kexak ugariak izan zirela urte askotan. «Ikatza erretzen zutenean tximiniatik ateratzen zen ke beltza izugarria zen, eta, gainera, zer eta herriko kaskotik hain gertu», gogora ekarri du. Bizilagun askok urteak egin dituzte zentralaren ondoan. «Ikastetxe bat ere hortxe bertan dago; beldurra ematen zuen». Eta kexak oraintsu arte izan direla dio. Behin zentrala ixteko asmoa agerian utzi eta gero ere, esaterako, bertan pilatuta zuten erregaia kiskaltzen jardun zutela oroitarazi du. «Aspaldi ahaztuta genuen irudi bat berriro ikusi ahal izan genuen; ke beltz izugarri bat tximiniatik gora». Halakoetan udalaren partetik kexuak usu egiten zirela dio, baina bide laburra eduki ohi zutela, «arazo teknikoak» argudiatzen baitzizkieten beti.
Ikatza erretzen diharduten zentral guztien gisan, oso-oso kutsatzailea zen Pasai Donibaneko zentrala, eta ingurumenaren aldeko talde askok eskatu zuten, behin eta berriz, ixteko. Azkenean, ordea, Iberdrolaren erabakia izan zen. Pena hori dute Jaizkibel Bizirik talde ekologistan. Josu Pikabea kidea mintzo da: «Azkenean zentral termikoa itxi zuten ez zelako errentagarria Iberdrolarentzat, ez ingurumen motiboengatik; lotsagarria da hori».
Kexuek bide laburra izaten zutela dio Agirregabiriak, eta harremanak ez zirela inoiz joriak izan zentraleko buruekin. Itxieraren berri izan zutenean salatu zuen, esaterako, prentsaren bitartez jakin zutela albistea. Orain ere Pasaiako Portuko Agintaritza eta Iberdrola ibili dira elkarrekin zentrala eraisteko planean, eta udalak hainbat baimen emateko egindako «jarraipen teknikoaz» gain, deus gutxi dakiela onartu du alkateak: «Espero genuen, esate baterako, tximinia eraisten eta horrelako gauza sinbolikoak egiten hasi aurretik jakinaraziko zigutela; ez da horrela izan».
Urte bukaerarako amaituta
Pasaiako Portuko Agintaritzako informazio iturriek azaldu dutenez, urte amaierarako libre espero dute zentral termikoak hartzen zuen orubea. «Azaroaren bigarren eta hirugarren astean izango dira irudirik ikusgarrienak», iragarri dute. «Orduan ikusiko da tximinia nola ari den txikitzen». Ezinbestekoa izango da orubea deskontaminatzea ere. Behin lan horiek amaituta, pentsatua dute zer egin portuko eremu horretan:portura heltzen diren edukiontzietarako eta salerosgaietarako erabiliko dute. Lehiaketa bat egingo dute enpresa batek kontzesio bidez jarduera har dezan.
Horren guztiaren inguruan argibide gutxi jaso dituztela dio Agirregabiriak. Argi du, ordea, zein den eskaria: «Guk eskatzen dugun gauza bakarra da, egiten duten jarduera errespetuzkoa izatea inguruan bizi garen herritarrekiko». Izan ere, portuaren jarduerarekiko kexuak, oro har, ugariak dira. Sarri deitoratu dute udalak eta eskualdeko talde ekologistek portuak ez hartu izana dagozkion neurriak ingurumena errespetatzeko, eta horrek arazo ugari sortu izana inguruko herrietan. «Portuan oraindik ere deskargak egiten dituzte nahi duten moduan», salatu du alkateak.
Bat datoz Jaizkibel Bizirik taldeko kide Josetxo Lucas eta Josu Pikabea. Portuko jarduera asko kutsatzaileak direla diote, eta ez direla «neurri zuzentzaile egokiak» hartzen hori saihesteko. Bi gune nabarmendu ditu Pikabeak. «Kaputxinotako moilan eta Antxo parean txatarra deskargatzen dute neurri egokirik hartu gabe», esan du. «Lezon, berriz, zarata arazo izaten da, eta ez dute inolako neurririk hartzen».
Geroarekiko kezka
Nolanahi ere, behin zentrala kenduta, eta Jaizkibelen egin asmo zen kanpoko kaiaren egitasmoa ere erretiratuta —irailean onartu zuen portuko agintaritzak albora utziko zutela, 15 urteko eztabaida luze baten ondoren—, aro berri bat abian da. «Pasaia aldearen benetako biziberritze bat egin behar da orain; herritik abiatuta, eta herritarren beharretan oinarrituta», azaldu du Amaia Agirregabiriak. Kezka du, ordea, zenbatekoa den kanpoko kaiaren egitasmoa erretiratzeko borondatea. «Deklarazio ofizialetan esan izan dute hemendik hamar urtera bideragarria bada horren alde egingo dutela berriro; hori horrela esanda, sinesgarria al da barruko kaiaren alde apustua egingo dutela?».
Kezka horixe dute Jaizkibel Bizirik taldean ere, eta zalantza handia portutik hurbil, Lezoko Gaintxurizketa auzoan, egin asmo duten plataforma logistikoarekin. «Gaintxurizketako baserri lurrek mehatxatuta jarraitzen dute egitasmo horren ondorioz», ohartarazi dute. «Auzo osoa porlan azpian sartu nahi dute». Plataforma horri buruzko informazioa oso urria dela diote, baina «puztutako hazkunde datuetan» oinarrituta dagoen susmoa dute. Horregatik, bertako nekazaritza lurrak sustatzeko ahaleginetan dabiltza, egitasmoa saiheste aldera. Egitasmo «txikitzailez» inguratuta ikusi dute azken urteetan Pasaia aldea, eta bestelako geroa nahi dutela dio Josetxo Lucasek: «Espekulazio burbuila horretatik kanpo».
Badiak zerumuga berria izango du
Pasaiako zentral termikoaren aztarna agerikoena, tximinia, —115 metro luze da— asteotan eraitsiko dute. Sinbolo baten amaiera da, baina ingurumen aldetik zer hobetua franko da, oraino, eskualdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu