Euskara

Badalab hizkuntza berrikuntzarako laborategia: geroa ehuntzeko «espazio seguru bat»

2018tik abian da egitasmoa garatzeko prozesua, eta aurkezpena egin dute gaur, egoitza gisara atondu duten gunean, Errenterian.

arantxa iraola
2022ko uztailaren 14a
14:34
Entzun

«Espazio seguru bat» izan nahi du Badalab laborategiak. Behin eta berriz nabarmendu du hori egitasmoaren zuzendari nagusi Goiatz Oiartzabalek, gaur goizean egin den aurkezpenean. Errenterian izango dute egoitza, Madalen kalean, eta ateak zabal-zabal nahi dituzte: «Berrikuntzak etorkizunera garamatza, eta etorkizuna bete-betean biziko dutenei galdetu behar zaie. Haien irudikapenetik abiatzen gara, etorkizun horretan euskarak eta hizkuntza gutxituek toki duina izan dezaten». Aldarrikatzen duten berrikuntzaren erakusgarri izan da gaurko aurkezpen ekitaldia; abatar batek aurkeztu du, eta gazteek aparteko tokia izan dute: bakoitza bere errealitate soziolinguistikotik abiatuta solastatu da etorkizuneko erronkez. Teknologoak ere solastatu dira, teknologia berrien eta adimen artifizialaren eskutik helduko diren aldaketez.

Badalabek etorkizuna irudikatzen ahalegintzeko «espazioak, tresnak eta esperientziak» diseinatu eta eskainiko ditu: proiektu «ausartak» nahi dituzte, eta iragarri dute ez direla hutsegiteen beldur izango, uste baitute horiek usu direla ikasteko eta bidean hazteko era bat. «Aniztasuna» eta «digitalizazioa» sakoneko aldaketak ekartzen ari dira, azkarrak, eta hor eragin nahi dute, batez ere.

2018tik abian da egitasmoa garatzeko prozesua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz proiektu zabalaren barruko habeetako bat da, eta iragarri dute irailetik aurrera jardun betean ariko direla.

Lankidetzan

Halaber, nabarmendu dute «lankidetzaren» emaitza dela. Laborategiaren gaineko gogoeta eta diseinua lankidetza «publiko-sozialaren» ondorioa izan da, eta lankidetza hori «gobernantzara» ere eraman dute orain. Hain zuzen ere, instituzio publikoek badute ordezkaritza gobernu batzordean, baina eragile sozialek ere bai, eta «botere banaketa» lortu nahi izan dute antolaketan; ondorioz, adierazi dute «gehiengoak eraiki» egin behar direla Badalaben. Erakunde hauek parte hartu dute sorreran: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak, Soziolinguistika Klusterrak, Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskal Irrati-Telebistak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Arantzazulabek, Euskaltzaindiak eta Langunek. Erakundeotako ordezkaritza zabala egon da gaur Errenterian.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok esan du «esperimentazioa» ezinbestekoa dela egungo gizartearen «sakoneko eraldatzeak» ikusirik, eta txalogarria dela Badalab martxan egotea. Errenteriako alkate Aizpea Otaegik adierazi du garrantzitsua dela egin beharreko galderak zein diren «zalantzan» jartzea ere, eta horretara datorrela laborategia. Erakunde sozialen izenean, Olatz Olasok gogora ekarri du euskararen biziberritzeak «bere DNAn» txertatuak dituela berrikuntza eta esperimentazioa, eta Badalabek jarduteko era hori hauspotzeko bidea irekiko duela.

Errenteriako Madalen kaleko 27. zenbakiko azken bi solairuetan dago laborategia, hainbat gune bereziturekin. Aldundiak jarri du eraikina egokitzeko dirua, eta Errenteriako Udalak egin du egoitza erabiltzeko lagapena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.